Teknologia albisteak

Dilema moralak eta beste

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2009-09-25 : 15:09

Fikziozko euskal film luzeak hain urri ditugunez, zorionekoak gara zerrendari beste bat eransten diogun bakoitzean. Oraingoan Zorion perfektua iritsi da, Anjel Lertxundiren eleberrian oinarriturik Jabi Elortegik zuzendu duen pelikula, Zinemaldiko Zabaltegi sailean eskaini dutena, perfektua ez den arren maila txukuna lortu duena.

Zazpi urte dira Lertxundiren eleberria atera zela. Gogoratu edo ikusi ez duenarentzat: piano-ikaslea den neska gazte batek hilketa bat ikusten du kalean, ETAko norbaitek droga-saltzaile bat hil duenekoa, eta alde guztietako presioa jasan beharko du hortik aurrera, zer ikusi duen eta ez ote duen. Eleberritik zinemara igarotzean, zati hori ondo jasota dago, aldaketa txiki batekin: filmean badakigu neskak ez duela hiltzailea ikusi; eleberrian, aldiz, argi-itzalean uzten da xehetasun hori, eta anbiguotasun moral horixe da liburuaren esangura nagusietako bat, irakurleok gogoetara eraman nahi gintuena.

Filma komentatzen ari gara ordea: Jabi Elortegiren filmak hiru garai ditu, nahasian doazenak baina garbi bereizten direnak: batetik, orain dela 20 urte Zarautzen gertatutako hilketa eta lekuko izan zen Ainhoaren istorioa (Aia Kruse aktoreak egina); bestetik, Ainhoa Bartzelonan (Anne Igartiburuk gorpuztua), orain bi urte kontzertista karrera egin nahian eta Imanol (Alberto Berzal) ezagutzen duenean (Bartzelonan zaindari lanak egiten dituen mutil euskalduna); eta azkenik Ainhoa bera orain, istripu bat izan eta gero pianoa jo ezinik gelditu eta etxera itzultzen denean, Imanolengandik urrundua-edo; susmoa dugu istripuak zerikusiren bat izango duela 20 urte lehenagokoarekin, eta hori da filmaren mataza nagusia, argumentuari bere misterioa ematen diona.

Lan ona egin du Elortegik: Goenkale zuzentzen urtetan aritutakoak zineman jarduteko gauza dela erakutsi du, ondo ikusten baita pelikula, eta ez da gutxi. Anne Igartiburuk ere maila onarekin gainditu du aktoretzako bere estreinaldia, eta zer esanik ez Aia Kruse gaztetxoak.

Hasierako kontura itzultzen uzten badidazue, nobelatik zinemarako aldaketa hori beharrezkoa da istorioaren bilbeak bere osotasunean funtziona dezan, baina bestelako pentsakizunak ere bururarazten ditu: Lertxundiren nobelan argia zen bortxa politikoaren kontrako jarrera, baina pertsonaiak ezbai batean bizi ziren, gutako edonork ondo asko uler dezakeen egoeran; ezbai hori ezabatu egin da neurri handi batean: pelikula Espainian ere erakustekoa denez, han onartezina irudituko zitzaielako halako kontu baten aurreko anbiguotasuna? Denbora pasa ahala gaiztoen gaiztakeria azpimarratu beharra nabarmenago egin zaielako egileei? Lehengo dilemen ordez, galdera berriak dauzkat orain.

Erantzun

Sartu