Asteazken goiz honetan ikusitako bi filmak komentatuko ditugu: sail ofizialean bota duten "Blessed(2009_film)" ("Bedeinkatuak"), Ana Kokkinos australiarrarena, eta Zinemiran eman duten "La máquina de pintar nubes" ("Hodeiak margotzeko makina"), Patxo Telleria eta Aitor Mazo bilbotarrek zuzendua. Bietan agertzen dira familia-kontuak, gurasoen eta nerabeen belaunaldiak, baina hor amaitzen dira antzak oro.
Robert Altman-ek 1993an "Short Cuts" zuzendu zuenetik, Raymond Carver-en ipuinetan oinarrituriko istorio zenbait paraleloki garatzen eta gurutzatzen ziren pelikula, maisulan bat egiteaz gainera marka, estilo edo azpigenero bat sortu zuela esan liteke, geroztik hainbat film egin baitira tankera hartakoak. Horien artekoa da "Blessed", eta ez txarrenetakoa, inondik inora.
Gaztetxo batzuen egun bat kontatzen du filmak. Goizetik hasi eta etxeratzen diren arte, denak ez dira etxera itzuliko baina. Izendatzen ez den hiri batean gaude, mendebaldar zibilizazioko edozein izan daitekeena, eta gazte horiek marjinalitatearen ertzean mugitzen dira. Zuzendariak aurreztu egin dizkigu prostituzio edo droga kontu morbosoak, baina hor dira arropa-dendetako lapurretatxoak, diru beharra, nora eza. Sobriedade eta dotoreziaz kontaturik, sinesgarri.
Hori, filmaren lehen erdia. Hortik aurrera eta hauxe izan liteke Kokkinos-en edo gidoigileen ekarpena, egun bera kontatuko zaigu baina gaztetxo horien amen ikuspegitik, lehen iragaitzaz eta betertzez sumatu ditugun ama horien eguna. Ariketa interesgarria da, baina neurri batean alferrikakoa, xehetasunak falta zaizkigun arren aurrez sumatzen baitugu hor ere nagusi izango direla sufrimendua, deskalabrua, ondoeza. Aborigenaren istorioa izan liteke salbuespena, gure kulturatik urrunagoa delako-edo jakingarriagoa gertatzen baita (eta, gainerakoa bezala, soberako sentimentalismorik gabe kontatua).
Hitz bita esanda, film sendo eta ederra, bere garratzean enpatia sortzen duena eta ikusteko modukoa.
Sail ofiziala osorik ikusteko eta aipatzeko asmoz hasi nuen sorta hau, baina film batean huts egin nuen: "Keshtzar haye sepid" ("Belardi zuria"), Mohammad Rasoulof irandarraren fantasia onirikoa; eta gaur beste batean egin dut kale: Alvaro Pastor eta Antonio Naharro espainiarren "Yo, también" ("Nik ere bai"), Down sindromea duen mutil baten bizitzan oinarrituriko film samurra. Horren partez, geografikoki hurbilagoa zaigun pelikula bat komentatuko dizuet.
Edo "Mi barrio 1974" izan zitekeena, euskal literaturako titulu bat parafraseatuz. Bilboko langile auzo batean gaude. Pazo familiako aita kontularia da fabrikan, baina barnean artista sentitzen da eta aire libreko pintura-lehiaketetan parte hartu ohi du. Fabrikako hainbat behargin, margogintzako lagunak, etxeko semeak, Mateo eta Asier (azken honen oroitzapen gisa dago kontatua filma), semeen lagunak: horiek guztiek osatzen dute filmaren unibertso txikia.
Kostunbrismo ukituak ditu filmak, eta garaiaren zertzeladak eman arren (anakronismo batzuk barne), onartu behar zaio ez dela nostalgiaren putzuan erortzen. Hala ere, komedia gisa hasten denak dramara egiten du jauzi halako batean, eta bi erregistro horien artean galdurik bezala gelditzen da.
Pelikulako pertsonaia batek margo-erakusketa antolatu eta, hura ikusita, egunkariko kritikariak idazten du, artista hori fundizioko langile hutsa izanda, nahiko lan egin duela, eta ezin kritikatuko duela profesionalen irizpide berberekin. Ez dakit keinu bat den etxeko kritikariontzat. Etxeko aktoreak ikusi ditugu filmean, etxekoak dira zuzendari-gidoigileak, produktoreak eta abar. Erdal zinema etxekotzat jotzeko ez da nahikoa, nire ustez, baina zorte on, dena dela.
Erantzun
Sartu