Teknologia albisteak

Anakoretak eta mistikoak

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2009-09-22 : 16:09

Aurtengo sail ofizialak orain arte eskaini digun kalitatearen bataz besteko onak behera egin du asteartean, guztiz asmatzen ez duen film bat ikusi ondoren, Aaron Schneider estatubatuarraren Get low, guztiz huts egiten duen bat eman baitute, Bruno Dumont frantziarraren Hadewijch.


Promoziokoa. Bill Murray eta Robert Duvall aurrez aurre Get Low filmean.

Get low

Get low

Schneiderrek hauxe du lehenengo film luzea, sail ofizialean jokatzeaz gainera zuzendari berrien sarirako hautagaia dena, eta harrigarria ere bada hasiberri baten eskuetan jartzea halako proiektu handia, lehen mailako aktore plantela duena (Robert Duval, Bill Murray, Sissy Spacek...), nahiz eta film labur onenaren saria irabazia izan Two Soldiers lanarekin. Zuzendariaren lana epaitzean ez nioke akats larririk aterako, baina istorioak huts egiten duela iruditzen zait, edo ez duela ematen agintzen zuena.

Felix Bush (Duvall) basoan bakarrik bizi den agure kaskailu bat da, 40 urte daramatza bertan eta hainbat kondaira eta zurrumurru dabiltza herrian hari buruz. Halako batean, bere hileta antolatu nahi du, bera bizirik dagoela, eta festa handia izan dadila, jendeak berari buruz esatekoa duena entzuteko. Bere sakoneko nahia, baina, ez da esamesak eta txutxu-mutxuak aditzea, ezpada bizimodu bakarti horretara eraman zuen arrazoia azaltzea. Komedia tonuan hasten da, eta klabe horretan nahiko ondo funtzionatzen du, batez ere Bill Murray hileta-enpresariari esker (bere betiko rolen parodia egin arren), baina drama sentimentalera igarotzen denean indarra galtzen du, ordura arteko misterio apurra sinplekeria bihurtzen dela ez esateagatik. Guztiarekin ere, denbora-pasa gisa ikus litekeen filma da, Hollywoodeko produkzioen estandarrak betetzen dituena.

Martiri izan nahi duen neska

Hadewijch mojagai gazte bat da, bere debozioaren neurrigabeagatik komentutik bidaltzen dutena. Orduan Céline izatera itzultzen da, ministro baten alaba, Parisen. Absolutuaren bila jarraitzen du ordea, Kristoganako bere amodio erabatekoan bizi nahian. Yassine ezagutuko du, aldirietako mutil musulman bat, ez lanik ez ikasketatik ez duena, eta Yassineren bidez haren anaia Nassir, Islamari buruzko hausnarketa-talde bat zuzentzen duena. Hortik aurrerakorik ez dugu kontatuko.

Zaila da sentimendu eta esperientzia erlijiosoari buruzko film on bat egitea, esanezinaz aritzea bezalatsu, eta nik ez dakit hori ote zen Dumont-en asmoa, Dreyer-en Ordet berri bat sortzea, edo erlijioaren sakoneko kritika bat egitea, Buñuel-en Nazarin bezala, beste adibide klasiko bat ematearren. Nolanahi dela, film hau aspergarria eta nekagarria egiten da, eta Célineren bilaketa etsi horren zentzurik eza erakutsi nahi bazuen, ez zuen zertan ikusleak horrela zigortu.

Zinema frantsesa da, dudarik gabe, Europako interesgarriena eta sendoena, eta aurten, sail oso bat eskaintzeaz gainera, hiru film frantses izan ditugu sail ofizialean: tamalez, ordea, hirurek egin dute huts, modu nabarmenean. Ez ahal da haien filmografia osoaren isla izango!

Erantzun

Sartu