Teknologia albisteak

Euskara: berrikuntzarako balioa

Erabiltzailearen aurpegia
Rober Gutiérrez, Ziurtagiriaren Elkarteko zuzendaria
2009-09-26 : 16:09

Garai modu honetan hasi ziren krisi hotsak orain dela urtebete. Orduz geroztik, komunikabideek etengabe hitz egin dute gaiaren inguruan. Baina ez natorkizue krisiaz hitz egitera, euskarak krisi garaian ere lan munduan duen garrantzia azpimarratzera baizik. Izan ere, Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez arlo sozio-ekonomikoaren euskalduntzean eragitea du helburu. Eta arlo horretan egiten dute bat hain zuzen, krisiak eta euskarak.


Datu bat emanez hasiko gara: krisia bazter guztietara heldu den azken urte honetan, 195 entitate berrik lortu dute Bai Euskarari Ziurtagiria. Hasiera batean, badirudi krisi garaian enpresek gastuak murrizteko izaten duten filosofiaren aurka doala hori. Baina Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duten enpresa guztiek euren jarduna lehiakorrago egiteko erremintatzat dute lorpena. Hauen iritziz, euskaran inbertitzeak onurak dakarzkio enpresari. Eta hain zuzen ere, krisi aldi honetan enpresentzat, komertzio txikientzat edota bestelako entitateentzat lagungarri da euskara euren antolamenduan txertatzeko neurriak bere egitea.

Bai Euskarari Ziurtagiriaren aurtengo komunikazio kanpainaren bitartez zabaltzen ari garen leloa `Balioa eta Berrikuntza´ da, eta ez da kasualitatez jarria. Balioa ematen digun horretan berritu behar da, balioa ematen digunak bereizten gaitu eta.

Berrikuntza azken urteetan etengabe erabiltzen den kontzeptua da. Ekonomiako adituek behin eta berriz esan dute produktu eta prozesuetan berrikuntza txertatu behar dela, etengabe, gero eta azkarrago aldatzen den gure inguruko errealitatera egokitzeko. Errealitate ekonomikoa bezala, gure inguruko errealitate linguistikoa ere etengabe ari da aldatzen, eta arrakastarako giltza errealitate berrietara egokitzeko gaitasunean dago.

Entitate orok beti zerbait eskaintzen du, eta zerbait hori sortzeko nahiz saltzeko hizkuntza erabiltzen du. Hizkuntza hori hautatzean eta hizkuntza bat edo beste erabiltzeko erabakia hartzean, emaitza baldintzatzen dugu. Pertsonen arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea da egin daitekeen aldaketarik zailenetakoa; gure inguruko enpresen kasuan, aurrez gaztelaniaz izaten ziren harremanak gero euskaraz izatea. Ohitura-aldaketa hori ere bada berrikuntza. Berrikuntza txertatzen ez duen enpresak ez du aurrera egiten eta euskara berrikuntzaren parte ere bada.

Entitate guztiak, testuinguru sozioekonomiko jakin batean egonik, lehiakortasunari eragiten dioten aldaketen aurrean adi egoten dira. Helburua da merkatuan lehiakideek baino posizio hobea irabaztea, bezero kopurua handitzea, merkatu berrietan sartzea eta etekinak areagotzea.

Enpresak kanpora begira egiten dituen ekintzei dagokienez esan behar da, bezeroak nahigo duela zerbitzu nahiz produktu bat eskuratzeko harremana berea duen hizkuntzan izatea. Ez da dudarik harreman hizkuntza bezeroak hautatu behar duela, baldin eta entitate batek eskaintzen dituen produktu eta zerbitzuak lehiakorrak eta kalitatezkoak izango badira. Hori gertatzen ez bada, eta bezeroa beste hizkuntza batean jardutera behartzen badugu, kalitate eta lehiakortasun galera nabarmena gertatzen da.

Gure gertuko errealitatera etorrita, euskararen merkatu potentziala etengabe ari da hazten, eta enpresek merkatuaren eskaera horri erantzuteko gai izan behar dute. Adibide garbia Gipuzkoako Kutxarena da. Egindako galdeketa batean garbi ikusi zuten gipuzkoarren % 23 prest leudekeela finantza-zerbitzuak garestixeago ordaintzeko, zerbitzu horiek euskaraz jasotzeko aukeraren truke. Gertutasunaren faktorea txertatu behar da hor, euskara erabiltzeak gertutasuna eta konfiantza adierazten baitu. Eta hori Bai Euskarari Ziurtagiriarekin gizarte guztiaren aurrean erakusten eta ziurtatzen da. Marketin estrategiak produktua saltzeaz gain, honen balio erantsia saltzen du.

Barrura begirako jardunean berriz, Bai Euskarari Ziurtagiria duten zenbait entitatek ikusi dute, lanean ari diren pertsonen artean euskara txertatzen hasi direnean, enpresarekiko atxikimendua areagotu egin dela eta motibazioa indartu. Eta motibazioak eragin zuzena du ekoizpenean. Honek balioa sortzen du. Lan-giroak pertsonen asebetetzean, parte-hartzean eta hauen konpromisoan eragiten du. Enpresa horien artean daude Ezarri, Obbe Hettich, Cegasa, Skunk Funk, Ekonomisten Elkargoa, Refractarios Kelsen, Mugape edota Fremap. Horra euskararen eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren balioa hainbat adibideren bitartez azaldua.

Euskararen eta Bai Euskarari Ziurtagiriaren erabilerak edozein entitateri ekartzen dizkion bi onura aipatu ditugu: balioa eta berrikuntza. Eta benetan uste dugu euskara eremu sozio-ekonomikoan txertatzea estrategikoa dela hizkuntzaren normalizaziorako. Horrexegatik dihardu Ziurtagiriaren Elkarteak Bai Euskarari Ziurtagiriaren bitartez lanean. Eta horrexegatik jarraituko du azken bederatzi urte hauetan bezala, lan munduaren euskalduntzean eragiteko lanean, krisi garaian ere balioa eta berrikuntzaren aldeko apustua egiten.


Erantzun

Sartu