Teknologia albisteak

Euskaraz mintzatzeko guneak Iruñean: Sormen Tailerrak plazan dagoeneko

Erabiltzailearen aurpegia
Iñaki Azkona Huércanos. Iruñeko Udalaren euskara koordinatzailea.
2009-09-22 : 20:09

Bi gune daude Iruñerrian azken urteotan familian, lantokian edo lagun artean euskaldunik ez duen jendeak euskaraz hitz egin ahal izateko: Mintzakidea alde batetik, eta eskualdeko udalek eta zenbait elkartek eskeintzen dituzten euskarazko ikastaroak. Iruñeko Udalak hogeigarren urtez antolatu ditu bereak.

Iruñeko Udalaren Sormen Tailerrak euskaraz egitaraua hogeigarren ediziora iritsi da ikasturte honetan.

Sortu zirenean ikastaro eta tailer eskaintza txikia zegoen oro har, bai euskaraz nola gaztelaniaz ere, eta arrakasta handia izaten zuen programak: 300 parte-hartzaile baino gehiago egon dira zenbait alditan.

Egun, ordea, partaidetza txikiagoa da: 100 pertsona azken edizioan. Badira horretarako arrazoi ezberdinak: lehia handia dago: Udaletako Kultur-etxeak, Civivoxak, Civican, Piszina eta Kirol-elkarteak, beste elkarteek... horiek guztiek eskaintzen dituzte ikastaroak -ia bakarrik gaztelaniaz, egia da. Aukerak beraz handiak dira, etxe ondoan badago interesgarria den ikastaroren bat eta baldintza on-onetan normalean. Euskarazkoa toki zehatz batean egoten da (bertara joan behar) eta, tamalez, ez hain baldintza onetan instalazio eta aukerei dagokienez askotan. Gauza nabaria da euskara gelditzen ari dela gero eta zokoratuagoa Iruñerriko (Iruñeko, batez ere) ospedun kultur-gune gehienen eskaintzetan.

Baina ez gaitezen engaina, euskaldun gehienok ere aukeratu beharrean gaudenean, hautaketa egiten dugu erosotasunaren alde (nire etxe ondoan dagoen ikastaro horretara), adiskidetasunaren alde (nire lagunekin nahiago nahiz erdaraz izan), edo leku ospetsuetan egitearen alde (Civican edo Kondestablearenean kasu), euskarazko eskaintzaren alde baino lehenago. Eta seguru aski oso normala da eta gehienok egingo genuke.

Bestelekoa litzateke Iruñean bagenu euskal kultur-gune indartsu bat, non ikastaro hauek eta beste ekitaldi formal zein informal askok izanen luketen lekua. Bada garaia euskararen garapenak behar beharrezkoa duen gune hori serioski plateatzeko!

Edozein moduz ere hemen ditugu Sormen Tailerrak aurten ere eta, esan bezala, hogeigarrenez. Hona hemen aurtengo eskaintzaren lerro nagusiak:

  • Sukaldaritza: bi tailer, hemengo sukaldaritza tradizionalaren oinarriak ikasteko bat, eta munduko beste sukaldaritzaz bestea.
  • Batukada eta afrikar dantzak.
  • Arte egitearekin zer-ikusia duten tailerrak: Komikia, Zura lantzeko, eta Zabortegiko gaiekin egindako berziklatze artistikoa.
  • Antzerki Tekniken hasmenta Nafarroako Antzerki Eskolan.
  • Yoga eta euskal dantza sozialak ikasi eta dantzatu: muxikoak eta mutil-dantza.
  • Euskara lantzeko: hobekuntza ikastaroa zabaltzen ari diren hizkuntza akatsak zuzentzek asmoz, eta itzulpengintza eta testugintza ikastaro praktikoa.
  • Ahozkotasuna lantzeko tailerrak: jendeaurrean mintzatu (oratoria) eta Bertsolaritza.
  • Orientazioa mendian
  • Nafarroako toponimia eta genealogia.

Izen ematea ostegunean hasiko da, irailaren 24ean, 18:00 - 21:00 Gaztediaren Etxean (Zangoza Kalea, 30)

Eskaintza zehatza

Erantzun

Sartu