Teknologia albisteak
4

Egin gabe dagoen historia batendako harria

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2009-09-21 : 13:09

Euskal zinemaren maratoian bertako produkzio guztiak nahas-mahas eskaini ordez, aurten Zinemira izeneko saila sortu dute, eta horren barruan bart gauean estreinatu zen Josu Martinezek egindako dokumentala, Itsasoaren alaba, non bi urte zituela GALek aita hil zion umea, 25 urte geroago, gizon hura nor zen jakiten saiatzen den.

Mikel Goikoetxea "Txapela" ez zen izan gerra zikinaren lehen biktima ez azkena, ezta ETAko buruzagi garrantzitsua ere, baina bere garaian zeresana eman zuten haren hilketak eta hiletak; bera izan zen mugimenduko lehen militantea, hiltzen bazuten gorpua erretzea nahi zuela esan zuena, eta errautsak Txingudiko badian haizatzea (edo itsasoratzea), Ipar eta Hego bereizten gaituen mugan.

Horrez gain eta aurretik, baina, Haize Goikoetxea Ugarterentzat, aita zen Mikel, ia ezagutzerik izan ez zuen aita; etxean ere, hartaz gutxi hitz egin dutela sumatzen du eta, hutsune hori betetzeko, aita ezagutu izan zutenekin biltzen hasiko da, haien lekukotasunak jasotzen, ikono bihurturiko gizon haren irudi errealago bat izateko.

Asmo horrekin, kamera isila atzean duela, atzera-bidaia bat eratuko du: Mikelen arreba Argiñek haren haurtzaroaz eta familiaz hitz egingo dio; Pinttu eta Sarasketa borrokakideek militantearen alderdia azalduko; Izaskun Ugarte emazteak bikote eta famili bizitzaz hainbat xehetasun emango; Maribe Prieto, Xabier Galdeanoren alargunak errefuxiatu bizitzaz eta Mikelen izaeraz zenbait pasadizo kontatuko, eta Peioxotok bere ukitu berezia emango. Guztien gainetik, baina, esango nuke Haizek berak lortzen duela indar eta nortasunik handiena transmititzea, filmari bizkarrezurra eskaintzeaz gainera.

Emaitza, ordubeteko dokumental txukun bat. Ez da goi mailako artelan bat, baina ezta helburu politiko hutsezko erdipurdikeria ere. Produkzio-baldintzak ere kontuan hartzekoak dira: ia batere dirurik gabe egina da filma, IPESek emandako beka txiki batekin, eta bitartekoen eskasia lan soil baina ondo egituratuarekin ordezkatu du egileak: irudia eta soinua egokiak dira, muntaketaren erritmoa ona, eta grabazio-ideia batzuk politak (adibidez, elkarrizketa bakoitzaren ostean, autoan doazela, hari buruzko balorazioa egitea Haizek).

Txapelaren hagiografia bat egiten ote den? Gogoan daukat hura hil zutenean, Egin-en haren bizitzaren zertzeladak eta poemak atera zituztelarik, nire ondoan zegoen batek esandakoa: "Hau asmatutakoa izango da. Bestela gizon hau zer zen: Jesukristo?". Poemak eta bizikizunak ez ziren asmatuak, eta Txapela ere ez zen kristo berraragitu bat izango, baina bai figura erromantiko bat, gazte errebelde bat, iraultzaile eskuzabala.

Filmak ez du analisi politikorik eskaintzen, seguru asko pelikularen onerako. Eskertzekoa da, halaber, Txapelaren borroka zer zen eta zer ondorio zituen ez ezkutatzea, propaganda-helburuekin historiaren faltsifikazioak ikusten hain ohiturik gauden herri honetan. Alderdi baten mina erakusten du filmak, ez gatazka bere osoan baizik eta zati bat; beharbada izango da hori aurpegiratuko dionik, baina beste alderdiaren agerpenak hain ugari eta etengabekoak ditugunez, ez da gaizki etorriko estatuaren errepresioaren biktimak ere badirela gogoraraztea. Behingoz arazoak konponbidean jarri eta zauriak ixteari begira.

Martinezek ez zuen espero Zinemaldian erakutsi ahal izatea; pozik omen dago arrakastaz, baina apur bat kezkatuta ere bai nonbait (gauzak dauden bezala, gutxi harritu epaileren baten aurrera deitzea, ez-dakit-zer goratu duela eta). Espero dezagun halakorik ez gertatzea, eta hainbat saltsatan ezagutu izan dugun artistak (aktore, kantari, bertsolari, idazle, kazetari...) zinemagile karrera honi segida ematea (hurrengoa apuntatuta daukagu: Saturrarango emakume-kartzelari buruzkoa)

Erantzunak

Sustatu
2009-09-21 : 14:06

Zinemaldiko atal honetan, aldameneko edukien artean, Twitterren #zinemaldia edo #zinemaldia09 gakoekin markatzen dituzuenak ere agertuko dira aste honetan.


Jozulin
2009-09-21 : 20:53

Uda aurretik ikusteko aukera izan nuen Ibaizabal Telebistaren webgunean, orain ez dut aurkitzen baina.

Hitz bitan duina eta zintzoa iruditu zitzaidan. Animo tokaio!

iturri
2009-09-23 : 02:33

Neurri batean ere pioneroa da filma: Estatu terrorismoaren biktima direnen memoria kontatzeko bide bat abiatu duelako.



Amateurismo puntu hori ere badauka.



Eta hori bai, denen gainetik Haize, neska indartsua. Badu zerbait berezia neska honek.

Karmele
2009-09-24 : 19:56

Entzun dudana egia bada, meritua Elkar-ek dauka! Benito Lertxundik berak, ezer kobratuko ez lukeela esan ondoren, 3.000 eurorekin egindako film honi Elkar-ek 1.000 euro kobratu ditu "eskubidetan", festibalean emateagatik. (beti ere euskal kulturgintzaren alde).



eta ez da hor gelditzen. Itsasoaren alaba-ren dvd-a egin nahi balute, 3.000 euro eskatzen dituzte....



horrela sortzaile berriak eta ekimen txikiak babestuz...

Erantzun

Sartu