Teknologia albisteak

Belarria pizgailu

Erabiltzailearen aurpegia
xme
2009-09-18 : 15:09

Hasiera dotorea izan du Donostiako Zinemaldiak, Atom Egoyan-ek zuzendutako Chloe filmarekin, luxuzko aktore protagonistak edukitzeaz gain (Julianne Moore, Liam Neeson), adi edukiko gaituen istorioa kontatzen baitu, eta hainbat galdera eginarazten: sexuaz, bikote barruko fideltasunaz, familiaz, jakitearen edo ez jakitearen abantailez...


Promoziokoa. Chloe filmetik: Julianne Moore eta Amanda Seyfried.

Catherine (J. Moore) ginekologo arrakastatsua da; bere senar David (L. Neeson) musika-irakasle prestigioduna. Gizarte-maila oneko bikotea eta familia ederra osatzen dute, beren seme Michaelekin batera. Catherinek, baina, susmoak ditu bere senar eder eta seduktoreak engainatu egiten duela, eta kasualitatez ezagutu duen prostituta gazte eta polita kontratatzen du senarraren zintzotasuna proban jartzeko: Chloe (Amanda Seyfriend). Hortik aurrera, edonork susma dezake ez dela etorriko gauza onik, baina argumentuak hainbat ustekabe gordetzen ditu, infidelitate-istorio arruntetik harago garamatzatenak.

Egoyan, jatorri armeniarreko zuzendari kanadarra, iaioa da giza arima arakatzen, lehendik ere erakutsi izan duen bezala; honakoan, esperimentazio formala ez da hartarainokoa (beharbada aktoreen plantelak eta aurrekontuak eraginda), baina istorioak interesari eusten dio hala ere, eta, film batek behar duen moduan, geure barrura begirarazten digu eta geure buruarekin elkarrizketan jartzen (eta, lagun batekin baldin bazoaz zinemara, harekin eztabaidatu ditzakezu gero kontuok).

Adibidez, Chloek Catherineri kontatzen dizkion topaldiek emakumea nola berotzen eta kilikatzen duten ikusita, aho-belarrien ahalmen erotikoaz pentsarazten digu (begiarena aski ezaguna dugu bestela ere); adin ertaineko krisiaz hainbat pelikula eta liburu ezagutzen dugu denok ere, eta horretan ez da nobedade apartekorik, betiko galdera batzuk errepikatzea ez bada: dena esan behar da? posible da? komeni da? hobe da jakitea ala ez jakitea? Erakargarritasuna galtzen denean, zer egin harremanak bizirik irauteko? (Seme-alabak hazi ahala haiekiko loturari nola eutsi, hori ere ageri da pelikulan, baina iragaitzaz bakarrik, eta modu topikoan gainera).

Filmak aurrera egin ahala, Chloek protagonismo handiagoa eskuratzen du, modu agian moralistegian (prostituta, familiaren etsai), baina beste gai bat ere planteatzen zaigu haren bidez: gorputz bat erosterakoan, konturatzen al gara etor litezkeen ondorio psikologikoez? putaren arimaz ere jabetzen garela uste al dugu? Galdera abstraktu samarrak dira, nolanahi ere, hemengo sexu-langile fin eta txukunak zerikusi gutxi baitu gure munduan ezagutzen dugun egiazko prostituzio kutre eta sarri mafiosoarekin.

Guztiarekin, hasiera ona. Mundiala izan gabe ikustea merezi duena. Eta ondorengoak zelakoak diren.

Erantzun

Sartu