Orotariko Euskal Hiztegia sarean dago
2009-10-11 09:10
Herenegun Euskaltzaindiak bere 90. urteurrenaren ospakizun ekitaldiei amaiera eman zien Donostian eta bertan Andres Urrutia euskaltzainburuak iragarri zuen Orotariko Euskal Hiztegia (OEH) sarean jarri zutela.
Honela azaldu zuen berria Urrutiak.
Ekitaldi honetan aukera ezin hobea dut Euskaltzaindiaren webgunean denon esku jarri dugun lan historiko eta garrantzitsua aurkezteko, hain justu ere, Koldo Mitxelena zenaren Orotariko Euskal Hiztegia. Gaur bertan, errealitate bihurtu da egitasmo hori, eta horretan partaide izan direnak aipatu nahiko nituzke, alegia, Mitxelenaren senitartekoak, hiztegia lantzen aritu den taldea, eta, berebat, Euskaltzaindiaren zuzendaritza. Guztiei esker, egia bilakatu da Euskaltzaindiaren zuzendaritzak 2005. urtean iragarri zuena, Orotariko Euskal Hiztegia izenekoaren liburukiak paperean argitaratzeari bukaera eman zitzaionean. Zer esanik ez, Euskaltzaindiak egun ere lanean dihardu, lan oparo hori gaurkotzeko ahaleginetan.
Euskaltzaindiaren webgunea ordu batzuetan erorita egon zen, eta ozta-ozta heldu nintzen Urrutiaren iragarpena irakurtzera eta Twitter-en haren berri ematera.
Orain webgunea badabil eta xehetasun gehiago azal ditzaket Euskaltzaindiak denon esku (azkenik!) jarri duen baliabide garrantzitsu honi buruz. OEHren ingurukoa hiru ataletan banatuta dago:
- Hiztegian bilatu: bilaketak egin daitezke on line OEHren barruan.
- Argibideak: on line bertsioari eta PDF formatukoari buruzko zertzelada batzuk. Bereziki aintzat hartzekoa da PDF bertsioaren barruan bilaketak egiteko nola gorde behar diren artxiboak, denak karpeta berean alegia.
- Jaisteko gunea: PDF formatuko artxiboak jaisteko gunea. OEHren atarikoak eta liburuki bakoitzaren gorputza jaisteko aukera dago. Horrezaz gain, OEH guztiko PDFen barruan bilaketak egiteko ZIP artxibo bat ere bada.
Puntu beltz bat ikusten diot, haatik. Euskaltzaindiak dokumentu, zerrenda eta datu-baseak Creative Commons baimen baten mende jarri ditu; baina "EzKomertziala" baldintza duen lizentzia da eta, beraz, orain dela gutxi Luistxo Fernandezek argi adierazi zuen bezala, halako lizentzia bat copyright arruntetik gertu dago eta ez du balio kutur lanak libreki partekatzeko.
Gauza jakina da Euskaltzaindiak zailtasunak izan dituela OEHren eskubideekin eta, beharbada, horren ondorioa dateke jarri duten baimen mota jarri izana.
Zernahi gisaz, pozik egoteko arrazoiak daude eta Euskaltzaindiari eskerrak eman nahi dizkiot OEHrekin egindako lanagatik. Espero dut laster hiztegia zuzentzeko eta osatzeko tresnak ere abian jartzea.
Lotutako sarrerak:
Jatorrizkoa: Creative Commons Aitortu Partekatu © cc-by-sa: Ricardo Gómez. Filoblogia
Erantzunak kargatzen...