Teknologia albisteak
1

Sare kantoi honetako kolaboratzaile eta atal berriak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-09-18 : 10:09

Atal sorta berri bat ireki da gaur Sustatun, hainbat kolaboratzaileren laguntzarekin. Zaldieroa ez da horietako bat, baina atal horietako bat ilustratzeko bederen utzi dio Yodari egun batez bolizko dorretik irteten.


Argazkiak.org | Masai ikastaroa © cc-by-sa: sustatu

Weno, Tira, Faborez!

Weno, Tira, Faborez!

WTF edo Weno Tira Faborez atala What The Fuck!? Interneteko adierarentzat eman dugun euskal ordaina da. Euskaraz agian zehatzagoa izango zen Baina Ze Ostia esatea, Josu Lezameta Jozulinek behin iradoki zuen bezala, baina Weno Tira Faborez bakcronimoa erabiltzea erabaki dugu, Markos Gimenoren iradokizun bat. Ezinezkoa, erridikulua edo bat-batean barre-eragilea den Interneten aurkitzen dugun irudi, bideo eta gertaera baten aurrean izaten dugun erreakzioa da WTF. Eta euskaraz halakoak dokumentatzen, hiru laguntzaile izango ditugu, "Jozulin": bera, Iñaki Olano eta Goio Arana.

Ekarpenetara irekia dago atal hau, besteak bezala. WTF sentsazioa eragiten dizun ezer aurkitzen baduzu, idatzi wtf@sustatu.com helbidera, eta Twiterren bazabiltza, jarri #weno etiketa.

Masai Ikastaroa

Atal hau ez dago kolaboratzaile zehatz batekin lotuta... Aspalditik argitaratzen ditugun kontuak ikusiko dituzu hemen, Mihiluzeko Zazpikiak atalean edo Flickr-eko Euzkal Errian Euzkaras bilduman ere azaltzen dira horrelakoak: euskararen agerpen publikoetan ikusitako disparateak, alegia.

Atalaren izenari dagokionez, Masai ikastaroa... Behinola Donostiako kaleetan agertutako propaganda kartel batzun haritik dator. Ez, ez zen Afrikako hizkuntza edo ohitura bat ikasteko, igurtzilaritza baizik.

Disparaterik topatzen baduzue hortik, bidali masai@sustatu.com postontzira, edo gehitu Flickr-en edo Argazkiak.org-en masai etiketa jarrita.

Zer Erantzi

Moda, estetika, estiloa... Zer Erantzi halako zeozer da, baina estereotipoak borrokatzeko gogoz. Hiru estilista atal honen arduradun, Elena Laka, Leire Narbaiza eta Amodio Jauna gizon elastikoa, t-shirt edo kamisetak komentatzera dedikatua azken hau (euskal egiletzako kamisetak promozionatu nahi?Idatzi lotsa barik: erantzi@sustatu.com)

Aktan Jasoa

Benito Fizek ondo egiten du hau, Atoan atalean, euskararen irakaskuntzarekin eta normalizazioarekin zerikusia duten aipuak han-hemendik hartzen, eta erreferentziarako gordetzen. Gauza bera egingo dute, kultura, politika eta gizarte alorreko kontuekin, Aktan Jasoa atalerako hona gonbidatutako bi notarioek, Imanol Murua Uriak eta Mikel Iturriak.

Notaritza berezi honeta aktan jasoa gordetzea merezi duen aipu edo adierazpenen bat topatzen baduzu, idatzi hona: aktanjasoa@sustatu.com.

Letrak Sare Kantoitik

Anjel Lertxundiren ideia bat da Letrak sare kantoitik, 1996an idatzi zuen Letrak kale kantoitik liburuaren jarraipen digitala, jendearen ekarpenekin osatu nahi duena. Bere blogean ekin zion lan horri duela hilabete batzuk, eta hemen ere azaldu zuen zein asmorekin. Orain, lan hori Sustatun ere osatuko du Lertxundik. Hitz edo esamolde batek zer iradokitzen duen... Terreno interesgarri bat.

Dena den, Baina sare kantoi honetan beste osagarri batzuk ere badira, Maite Goñi eta Markos Gimenorenak. Hauek ere hitzak maite dituzte, eta azken hilabeteotan euskal sarera bi ideiarekin lanean jardun dute jo eta sua. Gaurko Hitza da Maite Goñi irakaslearen blog-ideia, egunero euskarazko hitz bat aipagai. Blog hori elikatzen jarraituko du Goñik, eta tarteka, aukeraketa bat (eta gauza gehiago ere bai; hitz-jokoak agian) ekarriko du jardun horretatik Sustatura. Markos Gimenoren jokoa, berriz, hiztegietatik libre bizi da: asma ditzagun berbak denon artean, horixe da Hitzokei. Twiterrerako proposamen gisa bota zuen ideia Gimenok duela hilabete batzuk, eta han jarraituko du jokoak, asmatu hitzak edo/eta definizioak, eta #hitzokei etiketa jarrita bota Twitwerrera.

Bi postontzi ere zabaldu ditugu atal honetan gaurkohitza@sustatu.com eta hitzokei@sustatu.com, zuen ekarpenetara irekita daude.

Erantzunak

Sustatu
2009-09-20 : 17:16

Atal berri hauetarako irisgarritasuna handitzeko, bigarren menu aukera batzuk gehitu dizkiogu Sustatuko goiburuari.



Argazkiak.org | Sustatu, menu aukera berriak © cc-by-sa: sustatu


Baliteke, hala ere, zuetako batzuek menua goiko irudi horretan bezala izan beharrean, beheko itxura ez hain egokiarekin ikustea. Baina horrek badu konponbidea. Behean bezala ikusten baduzu, sakatu F5 tekla, eta irudia zuzenduko da.



Argazkiak.org | Sustatu, menu ikuskatze okerra © cc-by-sa: sustatu


Gogoratu halaber, Sustatu ondoen ikusteko, Firefox euskaraz erabili, eta nabigatzailea euskaraz konfiguratu.


Erantzun

Sartu