Euskal Konfederazioak eta Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak urriaren 24rako mobilizazioa antolatu dute Baionan. Manifestazioaren leloa "Hizkuntza-politika ausarta garatzeko euskarari lege-geriza. Euskara hizkuntza ofiziala" izango da. Xaho kaitik abiatuko da, arratsaldeko 17:00etan.
Ez da lehen aldia Deiadar mobilizazioa egingo dela ipar Euskal Herrian, eta horrela azaldu du Sébastian Castet Euskal Konfederazioko ordezkariak. Aurretik Deiadar mobilizazioak egin izan direnean, testuinguru jakin bati erantzuteko asmoz izan da, adierazi du. Momentu egokietan mobilizazioak egiteak aurrera pausoak ematea ahalbidetu du. Deiadar hitzak berak, urgentziazko egoera adierazten du eta une honetan ere horrela dela adierazi dute agerraldian.
Sarkozyk, kanpaina egiten ari zenean hitz emandako legearen aldaketa landu behar da, Konfederazioko ordezkariaren ustez.
Gobernuak hitz emandako lege horrek euskara salbatuko ez badu ere, lehen urrats bat izan daiteke hizkuntza-politika egokia garatzen hasteko. Presioa mantendu behar dugu urrats txiki hori egin dezan gobernuak.
Euskal Herrian gaia lantzen ari den moduan ere, Estatu frantsesean hizkuntza gutxiagotuak dituzten beste herrietan ere gaia lantzen ari dira. Eta estatu mailan ere elkarrekin lan egiten ari da Euskal Konfederazioa. Esaterako, egun horretan bertan mobilizazioak egingo dira Carcassonen, Bretainian...
Kontseiluaren idazkari nagusi Xabier Mendigurenek ere, Kontseiluaren zuzendaritzaren izenean, egoeraren garrantziaz ohartarazi nahi izan du. Euskararen normalizazioa du helburu Kontseiluak eta ondorioz, deialdia bultzatzearen alde egin du.
Euskararen normalizazioa euskararen lurralde osoan landu behar da eta horregatik ezinbesteko jo du Kontseiluak Deiadar honetan parte hartzea. Ez da, beraz, soilik, Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan bizi diren herritarren kontua, guztioi dagokigu norabide berean indar egitea, bakoitzari dagokion esparruan.
Euskaraz bai filosofiari jarraituz egin ditu kontseiluko idazkari nagusiak aipatu adierazpenak. Euskararen aldeko atxikimendua izatetik, euskaraz bizitzerako jauzia aldarrikatu nahi du Kontseiluak Euskaraz bai aldarrikapenarekin. Bakoitzak, bere esparruan eman behar du jauzi hori, euskararen normalizazioa den helburua gauzatu ahal izateko. Horretarako, hizkuntza-politika eraginkorra egitea ezinbestekoa izango da. Kontseiluak, bere aldetik, horren apustua egin du eta proposamena mahai gainean jarri du.
Mendigurenek, Konfederazioko ordezkariak egin duen adierazpenari jarraituz, zera adierazi du:
Badakigu Estatuaren aldetik planteatzen den erreformak ez duela euskararen ofizialtasuna ekarriko, baina helburu dugun ofizialtasunerako bide emango duelakoan gaude.
Kontseiluak, lehenago ere aipatu izan duen moduan, egoera iraultzeko bete beharreko baldintza batzuk badaude. Euskararen normalizazioa lortzeko egiteko nagusiak hauek dira Kontseiluaren ustez:
Amaitzeko, Euskal Herriaren luze-zabalean bizi diren euskaltzale guztiak urriaren 24an Baionan egingo den mobilizazioan parte hartzera gonbidatu ditu Kontseiluko zuzendaritzak. Nahi duenak deiadar.org blogean aurkituko du honen berri.
Erantzun
Sartu