Zientzia-fikziozko best-seller amerikar bat, irten eta gutxira euskaraz: horixe da Suzanne Collins-en Gose Jokoak, duela lau hilabete Alberdaniak kaleratutako liburua.
Bitxia izan zen niretzat udan Gose Jokoak hau euskaraz topatzea, ze zientzi-fikzioko 2008ko arrakasta berri bat da, Suzanne Collins amerikanoarena. Best-seller bat azkar-azkar euskaraz; ez da ohikoa. Ekainean kaleratu zuen itzulpena Alberdaniak. Koro Navarro izan da itzultzailea.
Nerabeentzako fantasia distopiko Disney-gore samar bat da Gose jokoak. Trilogia baten lehen alea ei da... bigarren alea irten da ingelesez. Entretenigarria da, baina tira, beste munduko gauza ere ez, eta nire ustez trilogia baten atala izateak hankamotz uzten du. Irakurtzen (eta erosten edo mailegatzen) segitu eta segitu beharra korapiloak askatzeko: badirudi arrakasta literarioak hortik doazela, baina nago gehiago dela marketing kontua, beste ezer baino.
Disney-gore esan diot gorago eleberriari, ze, bueno, odola eta beldurra eta halako gauzak daude, baina aldi berean erromantze nerabeak: sexu barik baina. Antzeko produktua litzateke Twilight sorta: gizotso nerabeak institutu batean. Crepúsculo izenarekin estreinatu zen Hego Euskal Herrian sorta honetako lehen film frankiziatua. Twilight-ekorik ez dut irakurri, baina filma ikusi nuen, eta jakin badakit gaztetxoen artean arrakasta dexentekoa duela.
Erantzun
Sartu