Hizkuntz Eskubideen Behatokiak agerraldia egin du gaur Donostian, aurreko astean Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak argitara emandako lan-deialdiari buruzko iritzia agertzeko. Izan ere, lan-deialdi berri horren ondorioz, 260 Ertzain berri sartuko dira lanean. 260 lanpostu horietarik 108k besterik ez dute derrigorrezko lehen hizkuntza-eskakizuna. Halaber, merezimendu gisa baloratzen denean euskara jakiteak puntuazio osoaren %9,09 besterik ez du hartzen.
Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok gogora ekarri du urtarrilean auzitegi batek berretsi egin zuela txanda bakoitzean Ertzain euskaldun bat eta emakume bat egon behar direla, baina lan-deialdi berri honekin, emakumeen presentzia bermatzeko urratsak eman badituzte ere, euskara dakiten Ertzainak ez daude bermatuta. 260 lanpostu horietarik 108k besterik ez dute derrigorrezko lehen hizkuntza-eskakizuna. Halaber, merezimendu gisa baloratzen denean euskara jakiteak puntuazio osoaren %9,09 besterik ez du hartzen.
1998/2008 urteetako normalizazio-prozesuaren balorazioan propio jaso zuen Jaurlaritzak Ertzaintzan euskararen ezagutza duten langileen kopurua baxua zela: Hau al da balorazioak jasotzen zituen ondorioak zuzentzeko modua? galdetu du Bilbaok. Horrekin batera 1997an argitaratutako berri bat erakutsi du agerraldian, zeinaren arabera, hamar urtetan ertzain guztiek euskara menperatu behar dela jasotzen den: Hau al da duela 12 urte aurreikusten zen egoera?
Bestalde, gogora ekarri du lehen normalizazio-prozesua iaz amaitu zela, eta oraindik ez dute beste bat abian jarri. Are gehiago, 1997ko Dekretuan propio jaso zuten 2. hizkuntza-eskakizuna definitu eta hainbat lanpostutan ezarri beharko zela: 2009ko irailean gaude, eta oraindik ez dute definitu 2. hizkuntza-eskakizuna, hortaz, egun diren ia 8000 Ertzainetatik bati ere ez zaio euskara-maila hori eskatu azaldu du Behatokiko zuzendariak.
Horrekin batera, Bilbaok gogor salatu du lan-deialdi honetan lehen aldiz ez ofizial ez berezko ez diren hizkuntzen ezagutza baloratuko dela; izan ere, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialen ezagutza baloratuko da, alegia, txekiera, bulgariera, errumaniera eta abarrena. Askotan entzun behar izan dugu euskararen ezagutza baloratzea diskriminatorioa dela, ez al dute orain ahotsa altxatuko? Hori bada benetako diskriminazioa, alegia, euskararen nolabaiteko ezagutzaren gainetik beste hizkuntzen ezagutza jartzea, lotsagarria esan du Bilbok.
Paul Bilbao eta Arantza Aranburu.
Bestalde, Arantza Haranburu Behatokiko teknikariak gogoratu du azken zortzi urteotan egindako diagnosi guztietan Ertzaintza beti izan dela beltzune. Azken urteotan hainbat kasu larri bideratu behar izan dugu, hainbatetan herritarrek alboko kalte-ondorioak pairatu behar izan dituztela berezko hizkuntza baliatu nahi izateagatik, eta lan-deialdi honek egoera hori betikotu besterik ez du egingo adierazi du.
Horren harira, 2009an jasotako zenbait kasu azaldu ditu egoeraren larritasuna agerian jartzeko; besteak beste, Ondarroan zerbitzua euskaraz eskatzeagatik herritar batek pairatu zuen tratu zakarra edota Lasarten bi alabarekin kotxez zihoan herritarrari, euskaraz artatzeko eskatuta qué quieres, a las buena o las malas esan zuen Ertzainaren kasua.
Langile elebidunak dira herritar guztien hizkuntza-eskubideak bermatuko dituztenak adierazi du Haranburuk, eta lan-deialdi honen ondorioz lanean hasiko dira hainbat Ertzainek batzuen eskubideei besterik ez diete erreparatuko gaineratu du.
aupa almendralejoko gudariei. euskeraz berba eittea = sei urte ta egun bat.