Teknologia albisteak

SEPLN Kongresua, datorren astean Donostian

Erabiltzailearen aurpegia
SEPLN antolakuntza
2009-09-04 : 10:09

Hurrengo astean, irailaren 7tik 10era, SEPLN erakundearen XXV. kongresua, SEPLN'09, ospatuko da Donostiako Miramar Jauregian. Kongresuaren helburu nagusia Hizkuntzaren Prozesamenduan egindako azken ikerketa eta garapenak aurkeztea da, komunitate zientifikoari zein inguruko enpresei. Topaketa honek hizkuntzen ordenagailu bidezko prozesamenduak aurreratzen jarraitzea ahalbidetuko duelakoan gaude.

SEPLN erakundea (Sociedad Española para el Procesamiento del Lenguaje Natural) Donostian jaio zen 1984ean, EHUko ikerlari-talde baten eskutik, eta horregatik berriro dator Donostiara XXV. urtemugan. Irailaren 8tik 10era 150 parte-hartzaileek 36 aurkezpen zientifiko, 8 proiektu eta 11 produktu-demostrazio ikusi ahal izango dituzte.

Kongresu nagusiaz gain, beste hiru workshop edo tailer ere badaude kongresuaren aurretik eta ondoren: irailaren 7an SALTMIL - Information Retrieval and Information Extraction for Less Resourced Languages (IE-IR-LRL) eta 5th International workshop on Web as Corpus (WAC5) tailerrak izango dira, eta irailaren 10ean arratsaldez Uncovering Plagiarism, Authorship, and Social Software Misuse (PAN 2009) tailerra.

Kongresuaren antolakuntza lokalaz EHUko IXA Taldea arduratu da, eta WAC5 tailerrarenaz Elhuyar Fundazioa eta bere I+G taldea.

Hizkuntzaren Prozesamendua

Hizkuntzaren Prozesamendua Adimen Artifizialaren adar bat da, ordenagailuak adimentsu egiteko asmoa duena, eta horretarako gizakiaren hizkuntza erabiltzeko gaitasunak ematen saiatzen da. Une honetan garatzen ari diren aplikazioen artean hauek ditugu:

  • Dokumentuen eta web orrien itzulpena: Google-Translate zerbitzuak iraultza ekarri du azken urteetan, 51 hizkuntzen arteko itzulpenak egiteko aukera emanez. Software askeko Matxin sistemak gaztelaniatik euskarara itzultzen du Opentrad sistemaren barruan, zeinak gaztelania, euskara, galegoa eta katalanaren artean itzulpena egiten duen.
  • Ordenadorearekin hizketaren bidez komunikazioa ahalbidetzen duten sistemak: Hizketaren ezagutza eta ahotsaren sorkuntza.
  • Dokumentu eleanitzen bilaketarako sistemak: Azken urteetan Google teknika hauek erabiltzen ari da bere bilaketetan.
  • Galderen erantzuna: Nork asmatu zuen telegrafoa? edo Non jaio zen Einstein? bezalako galderei erantzun zehatza bilatzeko sistemak.

Arlo hau 2002tik sartu du Eusko Jaurlaritzak ikerkuntzarako 30 lerro estrategikoen barruan. Euskal Autonomi Erkidegoan zenbait talde ari da arlo honetan lanean, horien artean EHUko IXA eta Aholab taldeak, Elhuyar fundazioa, Vicomtech eta Robotiker lankidetzan ari dira arlo honetan, eta berriki AnHitz prototipoa aurkeztu dute. Honek goian aipatutako lau teknika horiek biltzen ditu euskararentzat, zientzia eta teknologiari buruzko galderak erantzuten duen pertsonaia baten bidez. IXA Taldea beste proiektu europar batean ere ari da (KYOTO) teknika hauek informazio-bolumen handien kudeaketan eta wiki-en diseinurako arkitekturen sorkuntzan erabiltzen. EHUko Hizkuntzaren azterketa eta prozesamendua master ofizialean 60 ikerlari baino gehiago gaitu dira arlo honetan 2002tik.

Erantzun

Sartu