Teknologia albisteak

Sustatuko trafikoaren ia %10ek Facebook eta Twiterren du jatorria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-09-04 : 11:09

Sustatuk jasotzen dituen bisitetan heren batek Googlen du jatorria, eta beste heren batek harpidetzetatik datoz, e-postaz, RSS jarioen bidez, edo, nobedade hazkorra, Twitter eta Facebook-eko lagun eta jarraitzaileen kontuetatik. Horra 2009ko abuztuko trafikoaren grafikoa:

Uztailean jarri genuen neurgailua Google Analytics tresna estatistikoan, bi sare sozial nagusi horietatik lortzen dugun bisita kopurua neurtzeko. Hilabete bateko lehen datu osoak, beraz, abuztukoak dira. Trafiko orokorra jaitsi egin da hilabetean erdiraino edo (ikus estatistika irekiak), baina portzentaietan horrek eragin handirik ez duela uste dugu.

Goiko grafikoan Twitter ikusten duzuean arren %8.13eko trafiko kopuruarekin, arrazoi teknikoengatik Twitter eta Facebook-eko datu pilatuak ageri dira. Facebook eta Twitter trafiko-iturri gisa bereizteko lana ere hartuko dugu, ea hurrengo batean datu zehatzagoak ematen dizkizuegun. Berez, beste %1 bat edo gehitu behar zaio horri, bestalde, beste erabiltzaile batzuek emandako Sustatuko esteketatik ere bai baitatoz bisitariak Sustatu.com-era.

Urteak dira munduko webgune gehienentzat Google dela trafiko iturri nagusia. Hori aldatzen doala askok igarri dute, eta guk ere bai.

Datu jakingarri gehiago

Goiko grafikoan ikusten ez diren beste datu aipagarri parea Sustaturen trafikoaren adierazle:

Batetik, Googleko bilaketen kopuruan, 2.422 kasutan, Sustatu eta Sustatu.com dira bilaturiko terminoak. Alegia, ez dira eduki bilaketak baizik eta zuzenean Sustatura joateko modu baten adierazle. Trafiko zuzenarekin parekatu daitekeen iturri bat da hori, trafiko zuzena izanik lastermarketan gordeta edo URLa idatzita Sustatura etortzeko modua. Datu horiek doituta, honela leudeke trafiko zuzena eta Google, gutxi gora-behera:

  • Trafiko zuzena,% 38.5
  • Google, %18

Bestelde, goiko taulan ez da ageri beste webgune guztietako loturetatik etorritako trafikoaren kopurua (referring sites esaten zaio ingelesez horri): 2.900 klik inguru izan ziren abuztuan, trafikoaren % 11 inguru. Oso sakabanatuta dago trafiko hori, Zabaldu.com da apur bat nabarmentzen den bakarra, 314 klik zor zaizkio Zabalduri abuztuan. Hurrengoa txiripa hutsezkoa da, Todoremo.com webgunetik 158 bisita izan ziren (zerbait aipatuko zuten Sustaturen inguruan). Gainerako webguneek ez dute 100 klikeko kopurua gainditzen.

Azkenik, harpidetzak trafiko iturri garrantzitsua segitzen dute izaten Sustaturako. Bai RSS jarioen bidez eta bai e-postaz, irakurle askok bide horietatik jasotzen dute Sustaturen berri, eta sistematikoki klik egiten dute. Are gehiago, ez dirudi Twitter eta Facebook-eko harpidetza edo jarraitzaileen gorakadak eraginik izan duenik. Twitter eta Facebook kontuak urtarrilaren amaieran sortu zituen Sustatuk, eta haien aurreko azken tartean, urtarril horretan, honako trafikoa eman zuten iturri horiek:

  • E-postaz: % 8.63
  • RSS jarioak: %9.84

Abuztuan portzentaiak ez dira jaitsi, hazi egin dira. RSS jarioetan mezu osoak sartzeko aukera gehigarriak ere ez ditu klikak txikitu.

Erantzun

Sartu