Sustatu logoa Teknologia albisteak

Patxi Lopez eta software librea hezkuntzan: iaz lizentziak aurreztearen alde, aurten (agian) abiatze bikoitza

Sustatu
2009-09-02 11:09

Abuztuko albisteetako izan da, akaso galduko zenuten oporretan izan bazarete: Eusko Jaurlaritzak Microsoft lizentziekin hornituko ditu LH5erako 20.000 ordenagailu. Polemika eragin du gaiak, eta irail hasiera honetan bueltaka dabiltza horrekin oraindik ere, Patxi Lopez lehendakariak emandako aitzakietako bat (ordenagailuek abiatze bikoitza izango dutela) egiaztatuko dela baitiote software librearen aldeko batzuek. Bitartean, iazko klip bat berreskuratu dugu, Patxi Lopez azpimarratzen bereziki hezkuntza munduan dela garrantzitsua software librea ezartzea.

LH5eko ordenagailuen kontu hau zer den:

Twitter bidez egindako galdeketa batean, azalpen batzuk eman zituen Patxi Lopezek (eta baita Hezkuntza Sailak Berria egunkariak zabaldutako ohar batean):

  • Euskaraz dagoen aukera bakarra zelako aukeratu zela Microsoft (ez da egia)
  • Jaurlaritzaren estandarrak bete behar izan direla.
  • Abiatze bikoitza izango dutela LH5eko ordenagailuek, Linux-ekin ere funtzionatuko dutela, ez bakarrik Windows-ekin (pleguan ez dago horren aipamenik).

Azken berriak: abiatze bikoitzaren inguruan

Lehiaketa publikoak eta gero emandako azalpenek polemika eragin dute azken egunetan, eta horien artean oihartzun dexente izan zuen Deustuko Unibertsitateko Pablo Garaizar Txipi irakaslearenak. Badirudi Jaurlaritzan protesta zehatz horri erantzun nahi izan diotela, eta herenegun Hezkuntza Saileko arduradunekin bildu zen Pablo Garaizar. Oso optimista irten da Garaizar bilkura horretatik, eta zera nabarmendu du mezu honetan:

  • LH5eko ordenagailuetan benetan abiatze bikoitzaren alde egingo dela.
  • Formakuntza ere kontuan hartuko dela, Berritzeguneen bidez irakasleak trebatuko dituztela software librearen erabilpenean.
  • Plegua malgua dela eta aipamen zehatzik izan ez arren, abiatze bikoitzarena pleguaren barruan sartzen dela uste duela Jaurlaritzak. Hala ere, prest omen daude plegua aldatzeko eta Linux eta OpenOffice zehatz aipatzeko.

Oraingoz, lehiaketaren pleguak dioena dio, eta irailaren 9an betetzen da epea proposamenak jasotzeko.

2008ko azaroko adierazpena

Albisteak egun hauetan eragindako erreakzioen artean Jose Antonio del Moralek Cybereuskadin azaldutakoan pista bat aurkitu genuen: iaz Patxi Lopezek bere blogean bideoz erantzun zituela Internet bidezko galdera batzuk, eta bertan software librea hezkuntzan ezartzearen alde hitz egin zuela. 2008ko azaroko pasarte hori berreskuratu dugu, eta hor goian itsatsi.

Itzulita, zera esan zuen orduan lehendakarigai zenak:

Eusko Legebiltzarrean zenbait ekimen aurkeztu ditugu, pixkanaka, Extremadura edo Andaluzian egin den bezala, software librerantz abiatu gaitezen, bereziki hezkubtza sisteman; izan ere, lizentzietan aurreztuko dugunarekin ekipoak erosi ahal izango ditugu gazte eta umeentzat.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu