Sustatu logoa Teknologia albisteak

AP-1 autobidea: Itzulera operazioan huts egingo du

Luistxo Fernandez
2009-08-24 10:08

AP-1 autobidea aurten ireki da osorik Gipuzkoa eta Araba Debarrotik bat eginez. Agintarien asmoa izan da Europako Paris-Madril ardatzean horixe izatea ibilbide nagusia, eta bide azkarrena berori izango da gainera. Norabide batean ondo ibili da, Europako Irteera operazioan zuzen bideratu ziren bertatik hegoalderanzko etorkinak. Itzuleran, ordea, postura egingo nuke, porrota izango da, egina dagoen moduagatik, oso gutxik hartuko baitute AP-1 autobidea Araban.


Argazkiak.org | AP-1, iparraldeko muturra © cc-by-sa: sustatu

Uztailean komentatu nuen Eibartarrak zerrendan autopista Gasteiztik hartzea ze zaila den... Gasteizko seinalizazioak okerrak dira bai. Baina autopista horrek badu beste arazo bat, eta Espainia-Frantzia ardatzeko trafikoa hortik bideratu nahi bada, huts egiten du nabarmen.

Norabide batean, bale, baina bestean huts. Europako irteera operazioan, funtzionatu. Itzulerakoan, kale egingo du.

Iparraldeko muturrean, Eibarren hasten den mutur honetan, ondo seinalizatuta dago autopista orain. Akaso aurretik ez du abisu berezirik, baina Maltzagan jarritako bi kartel berriak, Ap8-tik zatozela, ezin argiagoak dira. MADRID > ALGECIRAS > kartel elebidunak daude, arabieraz ere bai. Ez dago perdidarik, hara beheraino ez bazoaz edo afrikarra ez bazara ere, hegoaldera jiratzeko lekua hori dela argi geratzen da. Akaso kartel berean Gasteiz eta Burgos jartzea ez legoke gaizki, baina tira, bego. Hortaz, hartu bidea A8tik Eibarren, eta bazoaz AP-1etik behera, hegoalderantz.

Suposatzen dut Europako etorkin askoren oporretan Maltzagako seinale horrek AP-1era bideratu dituela, joaterakoan.

Beste muturrean egiten du kale, ostera, AP-1 horrek. Araba partean. Hemen Maltzagan autopista A8tik abiatzen den bezala, espero zitekeen AP-1eko hegoaldeko muturrean N1ekin egingo zuela bat. Baina ez, AP-1 Arabako patata-soroetan amaitzen da, bi muturretan edo, bata Miñao inguruan, bestea Foronda inguruan, baina N-1era iristeko lauzpabost kilometro eskas bietan... Rotondak, beste karretera batzuekin bategiteak, jiro pare bat atento egotekoak... Holako ibilbide absurdo pare bat geratzen dira Miñao eta Forondatik berriz Madrilerako bidea hartzeko. Ez dago, gainera, Madrid-Algeciras kartel elebidunik, baina, tira, topatu daiteke bidea nolabait aurrera eginda.

Kontrako norabidean, ostera, ez. Hor bai ezetz.

Gaztelatik bazatozte Euskal Herrira, konprobatuko duzue. Burgos partetik bazatoz... puff, edo Bilbora jarraitzen duzu Armiñon parte horretan autopistatik (ap-68) edo Donostia bi seinale desberdinekin markatzen zaituzten bideetatik zoaz... eta tira, N-1etik bazoaz (AP-1ekin bat egiteko, Armiñonen hartu beharreko lehen urratsa), ba ez da batere erraza Ap-1era desbideratzea Gasteiz inguruetatik, ez dago batere argi... Errazagoa da aurrera jo, eta Altsasuraino iristea. Debarroko biztanleak izan ezik, inor gutxi konturatzen da hor beste bide motzago bat dagoenik.

Ap-1etik dabilen batek baino gehiagok komentatu dut, hego-ipar norabidean ze gutxi dabiltzan. Ez da harritzekoa. Oso zaila da ap-1 aurkitzea Arabako lautada horietan... Itzulera operazioan denean, Algecirastik datozenetatik, oso gutxi sartuko dira AP-1-n. Ez dute topatuko. Ez da, ia seguru nago, trafiko plusik egongo autopista horretan iparralderako norabidean abuztu amaieran. Joaterakoan, Maltzagan argi samar dagoena, bueltarakoan topatzen ez dute asmatuko.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu