Teknologia albisteak
1

Antzinateko (agiango) beste mapa batzuk

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2009-08-11 : 12:08

Abauntzeko maparena aurkikuntza ederra da, edozein ikuspegitik. Ikerlarien hipotesia okerra bada ere (interpretazio ausarta da, duda barik), balio handiko aztarnak dira Ultzamako leizezulo horretakoak. Baina hipotesia zuzena bada, sekulakoa litzateke, historiako lehen mapa ezaguna nongoa, eta Nafarroako bazter batzuetakoa... Antzinateko beste mapa posible batzuetan arakatzeko gogoa eman dit aurkikuntzak. Horra ezagunenetako baten irudia, Catalhoyukekoa. Plano ederra dirudi, baina azken interpretazioen arabera, ez da mapa bat.

Wikipediaren arabera, Abauntzeko irudiak egin zituen kultura berari (lezieetako arte franko-kantabriarra) zor zaizkio historiako mapa zaharrenak, baina ez dira lurralde-errepresentazioak, izarreko mapak baizik. Lascaux kobazuloan (duela 16.500 urte) izar konstelazio batzuen irudiak aurkitu dituzte (beheko argazkiko zezenaren ondoan adibidez), eta Kantabriako beste leize batzuetan ere bai, nonbait, duela 14.000 urtekoak.

Artikulu honetan azaltzen dira irudiak eta azalpenak.

Neolito garaikoa da antzinateko mapa hauetan ezagunenetakoa, Catalhoyuk-ekoa, Turkian. Goian itsatsi dugu irudia, eta, lehen interpretazioan, herria sumendi baten azpian, horixe dirudi mapakoak. Izatez, ezagutzen den lehen inguru urbanoetakoa da Catalhoyuk, duela 8.200 urteko herri bat, eta herriko etxeen planoak antz handia du ustezko mapan ikusten denarekin.

Hala ere, azken urteotan, interpretazio hori behera bota du beste analisi batek: sumendia ez da mendi bat, lehoinabar larruzko tunika baten zatia baizik, irudi handiago baten partea. Eta azpiko etxeak edo herriaren planoa, apainketa errepikakor geometrikoa, ez besterik. Hona hori azaltzen duen artikulua.

Historiaurreko beste mapa posible batzuen susmoak ere deskartatu egin dituzte ikerketa berriagoek. Abauntzeko ikerlariek, hain zuzen, beren artikulua horrelako erreferentziekin hasten dute, garai hartako ze posible mapa aipatu izan diren beste ikerketa batzuetan. Horietako batzuk, deskartatuta geratu direla aipatzen dute, beste batzuetan, ordea, mapa sinesgarriak omen daude. Honako kasuak aipatzen dira artikuluan (ez dut irudirik aurkitu sarean):

  • Predmosti leizean, Txekian. Karpato mendietako Moraviako Atea ingurunea azal daiteke hormetan. Duela 24.000-27.000 urte artean.
  • Gargas leizean, Okzitanian, ibaiak diruditen marrak ageri dira sapaian. Inguruko ezerren antzik ez dutela diote batzuek, besteen iritzi, Neste eta Garona ibaiek bat egiten duten ingurua adierazten dute. Duela 22.000 - 27.000 urte artean.
  • El Pendo leizea, Kantabria. Padura batzuk agertzen omen dira, baina irakurketa horrek kritikak jaso ditu. Duela 20.000 urte inguru.
  • Llonin leizean, Asturiasen, mendizerra bat ibaiz inguratua ageri da irudi batean, animaliak direla inguruan. Duela 10.000 urte inguru.

Ekialdeko Europan beste kartografia adibide zahar bat ere badago, Mezhiritx-eko Ukrainako aztarnategian, non mamut hezurrez egindako etxolen hondakin harrigarriak topatu dituzten, honako irudi hau ere azaldu zen mamut baten marfilean zizelkatua:

Irudi honetan zera ageri omen da, etxola batzuk ibai baten ondoan.

Hortaz, antzinateko mapa hauek oso zalantzazkoak dira denak. Lurraldearen errepresentazioak nabari dira, agian, baina horiek lur eremu zehatz batekin lotzea, kartografia alegia, beste kontu bat da.

Lehen zibilizazioen historiara lotuta ageri dira lehen benetako mapak, eta Wikipediako artikulu honetan aurkituko dituzue datu batzuk Grezia, Mesopotamia eta Txina zaharreko mapen inguruan. Horietako bat, duela 2.600 urteko Sippar hirian topatutako mapa sinboliko hau.

Babilonia, Elam edo Asiria bezalako izenak ageri omen dira, beren kokapenarekin. Iaz British Museum-en izandako erakusketa batean egon zen ikusgai mapa hori.

Erantzunak

xuriken
2009-08-11 : 16:57

Oso interesgarria Luistxo.

Abauntzeko ustezko maparena ere zirraragarria da, izan mapa ala ez. Ea hipotesia baino gehiago den...

Erantzun

Sartu