Teknologia albisteak

Cory Doctorow: "Benetan gozada bat da BoingBoing egitea horrela"

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-07-28 : 21:07

Android eta guzti etorri da Cory Doctorow Donostiara, Gipuzkoako Foru Aldundiak gonbidatuta, Sustatuk koordinatutako ekitaldira. Ordenagailu erraldoi baten aurrean (Ubuntu euskaraz) eserita eman du hitzaldia, Luistxo Fernandez alboan zuela. Zuzenean jarraitzek aukera izan da Sustatu bidez, eta datozen egunotan lau hizkuntzatan sareratuko dugu. Hemen apunte batzuk eta argazkiak.

Interneten dagoen informazio piloarekin, gauza gehiago daude klikatzea merezi ez dutenak, klikatzea merezi dutenak baino. Diseinuaz gain, beste kontu batzuk ere kontuan hartu behar dira Interneten. Sortutako materiala ezin da izan egunkari batekoa bezala... adibidez, titularrak derrigor jaso behar du edukiaren muina, bilaketetan funtzionatzeko, eta bertara iristen denak jakitzeko informazio hori interesatuko zaion. Bestetik, edukiak sortu behar dira erreproduzituak izateko. Gure kontrolik gabe erreproduzituko ditu jendeak bere blogetara eramanda, ikerketak eginda... edizioa hasten denean, jakin behar dugu gure materiala erreproduzitua izan daitekeela. BoingBoingeko artikulu perfektuan, titularrak informazio guztia laburtuko luke. Egunkari batean egin daitezkeen zenbait titularrek ez dute balio interneterako.

Kazetaritza tradizionalean, kazetariak iragarleetan pentsatu behar du. Iragarlearen nahiak asetu behar ditu. Interneten alderantziz gertatzen da: zerbait idatzi behar dugu pentsatuz jendearen interesekoa izango dela, eta horretan zentratzen gara. Zorionez, publizitatea ez da hain garrantzitsua eta diru gutxirekin bizi gaitezke. Enpresa batzuek editoretzan sartzea eskatu diete, baina eurek ez dute hori nahi. Ez dute nahi publizistek erabakitzea bere edukiak, eta "benetan gozada bat da BoingBoing egitea horrela".

Identitate digitala

Interes amankomuneko komunitate zabalen beharra azpimarratu du Coryk. Pertsona asko izan daitezke, baina guztiei aurpegia jarri behar zaie, garrantzizkoa da pertsona horiek ezagunak izatea. Zenbat eta gehiago, orduan eta posibilitate gehiago norbaitek esateko "estupido batzuk zarete".

Identitate digitalaz planteatzen diren arazoak ez dira teknologikoak, Coryren esanetan. Identitate-arazoak dira. Facebooken hasten zarenean, oso ahula da zure identitatea. Denborarekin lagunak gehitzen zaizkizu, eta horrekin batera zure identitatearen balioa handitzen da. Orduan, kontua da... nor da zure laguna eta nor ez? Ez da arazo teknologikoa. "Arazo historiko bat da, eta softwareak ez du hori soluzionatuko", dio Coryk.

Informazioaren negozioa

Joxe Rojasek aipatu du AP ajentziak kobratu egin nahi zuela bere edukiak linkatzeagatik. Jarrera horretaz galdetu dio Coryri eta honek horrelako zerbait erantzun dio:

AP da munduko ajentzia handienetako bat eta.... burutik jota daude.

Copyrighta duten zatiak kopiatu daitezke albisteak emateko, eta APk esaten zuen hori alde batera utzi eta jende guztiak eskatu beharko lukeela lizentzia. 50.000 milioi dollar gastatu zituzten blogek beraien testuak ez kopiatzeko. Coryk ez daki linkak kobratzeko sistemak funtzionatu dion AP ajentziari, baina seguru dago "ez dituztela 1.000 dollar poltsikoratu".

Euskara

Hizkuntza minoritarioentzat ez omen daude soluzio errazak, "baina bai zailak eta interesanteak". 1. Pentsatu behar dugu birusen moduan: erakargarri izan, baita kanpokoentzat ere. Nola zabaldu gure lanak? 2. Hizkuntza minoritario horren hiztunek, kanpotik datorrena bere kulturara egokitu behar dute.

Historian zehar arazo nagusietako bat izan da hiztunen inguruan perimetroa sortu eta kanpokoa, kanpoan uzten saiatzea.... hizkuntza babesteko. Ahalegin hori bertan behera geratu da XXI. mendean, ona da bideak irekitzea. Duela urte batzuk ia ezinezko zen, aipatu du Coryk, alfabeto erromatarretik kanpoko hizkuntzetan idaztea. Software librea ere aurrerapausua da hizkuntza minoritarioentzat.

Apunte batzuk

  • Medioa aldatzen ari denean, blogeatzeko modua aldatzen da, ikusteko modua aldatzen delako.
  • Blogak hil? Ez, gauzak ez dira hiltzen, eraldatu egiten dira. Etorkizunak kokatuko du gauza bakoitza bere tokian.
  • Irekitasuna eta itxitasunaren arteko dikotomian, irekierak irabaziko du.
  • Kultura librearen funtsa da besteek sortu duten materiala hobetzea, eta nire hobekuntza hobetzeko aukera ematea. Horregatik CC Share alike.

Erantzun

Sartu