Teknologia albisteak
1

Joseba Lakarra, euskararen jatorria eta frikiak

Erabiltzailearen aurpegia
Koldo Urrutia
2009-07-26 : 11:07

Maiatzaren 30ean Joseba Lakarra euskaltzain oso izendatua izan da Arratzun eta, bertan irakurri duen artikuluak euskararen jatorriaren gai garrantzitsu honetan dauden aurreiritziak primeran laburbiltzen ditu. Eta Josebaren heziketa txarraren adierazlea ere bada.

Frikiak

Frikiak

Artikuluaren hasieran euskararen jatorrian aritu diren ikertzaileak aipatzen ditu “Schuchardt, Uhlenbeck edo Tovar, aspaldiko ikertzaile errespetagarriak baino ez aipatzearren, oraintsuagoko friki samaldak bazter utzirik”.

Harritu egin gaitu, Euskaltzaindiaren batzar garrantzitsu batean, erakunde publikoetako ordezkarien aurrean, horrelako hizkera erabiltzeak, zinez desegokia. “friki” eta “samaldak” erabilita, azken 20 urteotan euskararen jatorriaren lanean ibili diren ikerleen lana barregarri utzi nahi izan du euskaltzain oso izendatu berria den Lakarra jaunak. Eta horretarako, ez du argudio bakar bat ere eman, toponimian oinarritu diren ikerleak edo naturaren interpretazioan oinarritu direnak errefusatzeko.

Ikerle hauetako batzuek proposamen osatuak egin dituzte, euskararen jatorria deszifratzeko gako posibleak. Eta euren teoriak oinarritzeko, hitz askoren etimologien interpretazioa egin dute. Ikerle hauek egindako “proposamen” horiek modu zientifikoan ezeztatzeko edo onartzeko zain daudela badakigu baina bide berriak ireki dituzte. Horregatik, Lakarraren tonu desegoki hori ulergaitzagoa egiten zaigu, Mitxelenaren ondorengoek euskararen etimologian aurrerapauso garrantzitsuak eman gabe egonda, besteek hasitako bideez horrela barre egin nahi izatea, zientifikoki deuseztatu beharrean.

Euskara ahaztea

Lakarrak honela jarraitzen du: “Kontua da, gainera, hizkuntzaren azken-azkeneko jatorriaren bila aritu direlarik, askotxok hizkuntza bera, benetakoa alegia, atzendu eta ahaztu ere egin duela.” Nola esan daiteke hizkuntza “ahaztu” egin dutela ikerle horiek, euren zeregin nagusia hizkuntzatik hizkuntzara lan egitea izan denean?

Adibide bat eman dezagun. Bittor Kapanagak Mitxelenak erabakitako gure hizkuntzarako hitzaren desegokitasuna azaldu zuen “Erro eta gara” bere liburuan. Hamar urteko gaztetxo bati “hizkera” hitza nola dagoen osatuta galdetuko bagenio ikastolan, erraz erantzungo liguke: “hitza eta era”, hitz egiteko modu edo era alegia.

Euskaldunen %80ak honela darabilgu: “euskera”. Hitz hau jatorrizko etimologiatik hurbilago egon daiteke, “euskara” baino. Eta ez hori barrik, gero “gaztelania” etorri da, “gaztelera” ordezkatzearren, eta “erdara”, “erdera” ordezkatzearren, etimologikoki jatorragoak diren hitzak alboratuz. Hasierako “eusk” erroari buruz iritzi desberdinak daude baina bigarren osagaia, “era”, ezin argiagoa da. Hala ere, “euskara” aukeratu zuen Euskaltzaindiak eta hor gaude euskaldun gehienok egunero gure barnetik ateratzen den hitza zuzentzen. Horrelako gogoetak egitea euskara ahaztea ote da?

Theo Vennemann

Lakarrak Vennemann kritikatu du jarraian. Theo Berlingo Unibertsitatean dagoen irakaslea da, eta bere aurreko batek Europako ibaien izenen esanahiak deszifratzen hasitako lanari jarraipena eman zion eta zera proposatu du: aitzineuskararen bidez ibai horien izenak ulertzeko aukera dagoela. Vennemannek “grandi” hitza glazazio ondoko euskararen jatorriko hitz modura hartzen du eta Lakarraren iritziz “grandi” batetik ezin atera liteke “handi”. Ados egon gintezke. Baina alderantziz izan daitekeela ohartuta, hau da, “handi” hitzetik “grandi” hitzera pasatzea zera dio Lakarrak: “emakumea eta niri eta zuri zer?”. Ba guri bai axola digula, Vennemannek proposatutakoa egia izan daitekeelako, eta hori horrela balitz, euskara latina baino zaharrago izan daitekeela beste froga bat egongo litzatekeelako.

Gero, hitzaldiaren atzeragoko pasarte batean, berriro Vennemann zalantzan jartzen du euskarak bokalez hasitako hitz asko dituela baieztatzen duelako. Lakarrak horietako asko maileguak direla erantzuten dio, edo hitz hasieran galdutako “h”ak zituztenak. Hori egia bada ere, hitz horiek kenduta Theok planteatutakoa zuzena izan daitekeela ez da inondik inora baztertu behar.

Vennemannek dioena Euskal Filologiako Fakultatean ez dute aztertu ere egiten. Lan egiteko abiapuntuetako bat izan daiteke baina, “maisuek” ez dute ontzat eman.

Euskara Kantabriko eta Pirinioen ertz bateko hizkuntza

Baina Lakarraren hitzaldiaren esaldi interesgarria heltzeke dago: “Gurea, ez Kantabriko eta Pirinioen ertz bateko hizkuntza txiki askoa, baizik eta Europa osoa eta areago estaltzen zuen erraldoiaren oinordeko!” “Historiaurre loriatsu hori sasi-antzekotasun eta sasi-istorio hauen gainean eraiki”. Esaldi hau artikulu hasieran aipatu dugun aurreiritzien laburpen ezin hobea da.

Euskararen egoera gero eta txarragoa egon denean (orain 300 urte, foruak galdu ondorengo zentralismo ikaragarriak…) orduan eta apologista handiagoak izan ditu euskarak. Erresistentzia moduko erantzuna zen, gure hizkuntza ezerezean utzi nahi izan zituztenei erantzun bat eman ahal izateko. Hizkuntzatik erantzun zuten, ekonomiatik edo politikatik ezin izan zelako egoera horietan.

Apologistek euskara iberiar penintsula osoko hizkuntza zaharra izan zela zioten, hizkuntza osatua, ona… babestu beharrekoa. Baina ideia hori Mitxelenak bota zuen behera, euskara inguruko hizkuntzekin loturarik ez zuela esanez eta euskararen historia latinak eragindako bilakaeratik abiatuz, hau da, azken 2.000 urte bakarrik landuz.

Orain 25 urte Mitxelenak hori planteatu zuenean, iritzi hori ondo egon liteke. Baina, Joseba jauna, euri asko egin du geroztik eta kontuan hartu beharreko ikerketa asko egin dira azken urteotan. Eta, barregarria badirudi ere, egindako ikerketa berri horietako askok orain mende eta erdi luze izan genituen apologistek esandako gauza askori arrazoi eman bide diete. Ikus ditzagun.

Stephen Oppenheimer

Oxford-eko Unibertsitateko irakasle honek, Britainia Handia eta Irlandako 10.000 biztanleei ADN aztertu eta gero, honako ondorioa atera du: Britainia Handiko biztanleak, jatorriz, iberiar penintsulatik datozela. Informazio guzti hori "The Origins of the British" liburuan azaltzen du eta hasierako mapa ezin interesgarriagoa da: penintsulatik Bretainia Handirako gezi nagusia Euskal Herria duelako abiapuntua. Inork ez du zalantzan jarri egindako ikerketa hau baina, harrigarria bada ere, ikerketa argitaratu eta bi urte luze pasatu ondoren Oppenheimer ez da inoiz Euskal Herrira hitzaldi bat emateko gonbidatua izan, eta unibertsitate mailan erabat ezezaguna da. Ikerketa hau indizio zientifikoa ote da?

Oxford-eko genetistak, ADN frogekin, azaldu du azken glaziazioan (duela 16.000 urte arte) Europa gehiena izotzez estalita egon zenean gizakia desagertu zela ia Garonatik iparrera. Garai hartan bizitzeko leku bakarrenetakoak Europan Kantabria-Euskal Herria-Akitania ingurunea zen, Ukrania-Balkanekin batera. Hortik abiatu ziren Bretainia Handia eta Irlanda populatu zutenak.

Alfontso Martinez Lizarduikoa

EHUko irakaslea den Alfontsok, atzerritar ikerleek egindako lan batzuk aztertu ditu sakonki, berak idatzitako “Euskaldunen jatorria populazioen genetikaren argitan” liburuan. Liburuan ikerketa bat baino gehiago aipatzen badu ere, bakarra ekarri dugu hona:

“Besteak beste, Europan izandako migrazioen ikerketari dagokionez, 37 ikertzailez osaturiko nazioarteko talde batek, Huddersfieldeko (Ingalaterra) Unibertsitateko Martin Richards genetista eboluzionista buru zuela, mtDNAri buruz eskuragarri ziren datu guztiak bildu eta Europako historiaurreari dagokionez ordura arte buruturiko ikerketa guztiak berrikusi zituen. Akatsen azterketa eta zuzenketa zehatz-mehatz bat egin ondoren, lerro fundatzaile jakin batzuk hauteman zituzten Europan, eta beste batzuk Ekialde Hurbilean.

Aipagarria da, lehenbizi, hamazazpi leinu afrikarretatik (beltzez adieraziak) bat besterik ez dela –L3 deitutakoa– Afrikatik kanporako jauzia egin zuena. Beste era batera esanda, planetako bizilagun guztiak afrikar ama-lerro bakar batetik (Eba bakar batetik) datoz.

L3 lerroak, jada Afrikatik kanpo, N taldea sortzen du Asian, eta hortik R taldea sortuko da Indiano lekuren batean, zeinengandik U taldea sortuko den. Azken hori mendebaldeko Eurasian kokatzen da, Eurasia izenak Europa eta Ekialde Hurbila barne hartzen dituen zona adierazten duelarik.

Geroztik, U talde horrek U5 sortuko du besteak beste, Europan sartuko den sapiens-lerro (U-ren alaba genetiko) aspaldikoena; baina U5 horrek, Europara sartu aurretik, Ipar Afrikaren zati bat (libiko-berberearra) populatuko duen U6 lerroa (U-ren iloba) sortuko du bere aldetik. Erloju molekularraren arabera, U5 lerroak 50.000 urte inguruko antzinatasuna dauka eta haren oinordekoak beraren sorlekuko zona gutxituetan besterik ez dira aurkitzen Turkian, Armenian, Azerbaijanen eta Kurdistanen.

Eta U5 Europa osoan aurkitzen den arren, badakigu U-ren iloba zaharrenak, 40.000 urte inguruko antzinatasuna duen U5a delakoak, Herrialde “euskal-espainiarrean” duela eraginik handiena. Euskal eremuak, azken glaziazioan Europako babesleku gutxienetariko bat izandakoak, jatorrizko dibertsitate genetikoaren lagin gehiago zaindu ditu Mendebaleko Europaren beste zona batzuen aldean”.

Cro Mañon

Ez da arkeologoa izan behar goian aipatutako aro horrek gizakiaren eboluzioan zein garrantzia izan duen jakiteko. Bada horiek lehen aipatutako Kantabria-Euskal Herria-Akitania eremuan kokatzen da. Trenbidea egiterakoan, Atapuercan gertatu zen moduan, aurkitu ziren Cro Mañonen aztarnak. “Cro” hitza okzitanieraz koba esan nahi du. Aurkikuntza “Les Eyzies de Tayac” izeneko ingurunean izan zen. Frantsesek horrela itxuraldatu dituzte gure berbak “Les Eyzies”, “Leiziek” esan beharrean, “Larrun” mendiari “La Rhun” esaten dioten moduan.

Ez hori bakarrik, “Trou de Leize”, “Leizandie”, “Leissandonie”, “Leisarnie”, “Leizurie” eta “Leissartroux” moduko toponimoak daude inguruan. Euskal Herrian ere koba garrantzitsuak ditugu eta horien izenak euskarazkoak ere badira: “Santimaniñe”, “Ekain”…

Cro Mañon garaiko leizeek euskal izena edukitzea indizio zientifikoa ote da?

Sergio Cardoso

Irakasle hau biokimikan lizentziaduna da, eta Euskal Herriko Unibertsitateak Gasteizko campusean duen DNA bankuan ari da lanean. Gasteizko Euskal Filologiatik hurbil egon arren, badirudi bere lanak oraindik ez direla ezagutzen unibertsitateko kideen artean. Aipamena egunkaritik hartuta dago zuzenean eta zinez interesgarria da egin duen lana:

“Bere tesian, zehazki, duela 15.000 urte giza taldeek sortu zituzten hiru aterpe horietako bat aztertu du, egungo Euskal herriko eta inguruko lurrek osatzen zutena. -Frantziako hego mendebaldetik Kantauriar mendizerrako ekialderainoko eremua hartuko luke-.

Gaur egungo laginak aztertu, Europako bertze hainbat giza populazioren inguruko datuekin alderatu, eta ondorio nagusi eta argia atera du: duela 15.000-20.000 urte hemengo aterpera heldu ziren gizakiek garatu zituzten ezaugarri genetikoak islatzen dira, neurri batean, egungo gizakien DNAn. -Bertze populazioekin alderatuta, aldea nabarmena da-.

Duela 15.000-20.000 urte, izotzak Europa hartu zuen. Britainiar irlak, Eskandinavia, Frantziaren zati bat eta Alemania, dena gelditu zen izotzaren pean. Inguruan bizi ziren giza taldeek hegoalderantz jo zuten babes bila, bide bera egin baitzuten haiek ehizatzen zituzten animaliek. Hiru aterpe nagusi sortu ziren: Balkanetakoa, Ukrainiakoa eta eremu franko-kantauriakoa. Milaka urtez gelditu ziren bertan aterpe horietara ailegatu ziren giza taldeak. Hau da, eremu txiki batean gelditu ziren denbora luzez.

Denbora horretan, eta baldintza horietan ezaugarri genetiko zehatzak garatu zituzten. Klimak hobera egin zuenean, eta izotza desagertu zenean, iparralderantz jo zuten giza taldeek, berriz ere, eta haien eskutik, milaka urtez garatu zituzten ezaugarri genetiko horiek Europa osora zabaldu ziren.”

Hacha eta aizkora

Baina ikerle “friki” batzuek egin duten modura, orain hizkuntzan kokatuko dugu gure gogoeta, ikerketa egiteko genetika bezain harrobi ona da eta. Euskara abiapuntua eta helmuga aldi berean. Horrela, euskararen zenbait hitzen etimologiek zein garrantzia duten ikusiko dugu.

Arkeologoek ondotxo dakiten moduan, gizakiaren eboluzioan tresna bat izan dugu jaun da jabe: aizkora. Seguruenik lehenengo lan tresna izan zen eta gure arbasoen bizimodua erabat aldatu zuen, bai janaria lortzeko orduan eta baita bizitzaren beste eginkizun asko bideratzeko orduan ere.

Bi aizkora mota bereiztu daitezke paleolitiko garai luzean: hasierakoa, haitz huts batez egindakoa eta milaka urte beranduago sortu zen aizkora kirtenduna. Bitxia bada ere, euskaraz bi garaietako aizkorak izendatzeko hitzak ditugu: “hacha” (atxa) eta “aizkora”. Gazteleraz mantentzen den hitza mendebaldekoa ere bada, Atxarte, Atxuri, Udalatx... eta ehundaka toponimotan agertzen den “atx” berba bera. Eta bigarrena ekialdekoa da “aitz” erroa duelako. “kora” erro bakarra izan daiteke (“korapilo”?) edo bi osagai izan: “k-ora” (oratu).

Baina bi hitz horiez gain, askotan aipatu diren baina sekula santan dagokien garrantzia jaso ez duten beste paleolitiko garaiko eleak ditugu: aitzurra, artaziak, azpila... gure arbasoek sortutako tresnak paleolitiko garaian ere. Hauek ez al dira indizio zientifikoak gure hizkuntza latina baino zaharragoa izateko eta, zenbait hitz latinetik hartu baino, beste hizkuntzei utzi egin dizkiela?

Josemiel Barandiaran

Gure historiaz hitz eginez gero, derrigorrez aipatu beharra dago. Josemielek ederki islatzen du zientzian egon beharreko paradigma: “pertsona baten jakintza mailak bere apaltasun mailarekin bat etorri beharko luke”. Edo Greziako filosofoak esaten zuen bezala, ezer gutxi dakigula baino ez dakigu. Euskararen jatorriaren gaian horixe gertatzen da: oso gutxi dakigu, den-denok, eta bitxia egiten zaigu jatorriaz ganorazko ezer guztiz zientifikoki argitu gabe egon barik, mahai gainean dauden proposamenak zirikatzea argudiorik eman gabe.

Ba Josemielek argi esan zuen: euskaldunok, gutxienez, 8.500 urte daramatzagu hemen. Eta horrek zer esan nahi du? Ba, besteak beste, Ibarretxe lehendakari ohiak orain gutxi esan zuen moduan, “euskara, seguruenik Europako hizkuntza zaharrenetakoa...” dela.

Eta latinak gure moduko 8.500 urtetako historia luzea eduki izan balu, baliteke hitz asko hortik hartuak izatea baina hizkuntza berriagoa omen denez, toponimian ditugun “pago”, “eta” eta beste hainbat berba nork nori hartu dizkion gai eztabaidagarria dela uste dugu, edozelango ikerketa egin gabe latinetik hartu ditugula baieztatu beharrean.

Hau hobeto ulertzeko genetisten mapa ere begiratu beharra dago. Glaziazioan Europa osoko bi babesgune ziren: Kantabria-Euskal Herria-Akitania eta Balkanak-Ukrania inguruan Baina Italiako penintsulan ez da gezirik ikusten. Horrek eragina eduki ahal du latinaren adinarekin?

Estornes Lasa

Joxemilekin batera, euskal jakintzaren bidegileetako bat ere aipatu nahi dugu: La Gran Enciclopedia Vascaren sortzailea izan zen Estornes jauna. Honek, aztarna arkeologikoen antzinatasuna ikusita (zaharrenak Kantabria-Euskal Herrian-Akitanian eta berriagoak Frantziako iparralderantz eta Europako ekialderantz hurbildu ahala berriagoak izanik), glazazio ostean, zibilizazioa hego-mendebaldetik, ipar-ekialdea zabaltzen joan zela aipatu zuen, oraingo ikerketa genetiko guztiek ezin hobeto baieztatu duten gauza bera.

Beraz, ezin dugu antzineuskara Europa erdiko hizkuntza izan zela baieztatu, baina ezin dugu ukatu ere, inondik inora, horrela ez zela izan. Hori esaten duten gero eta indizio zientifiko gehiago dagoelako. Pilo bat azken bolada honetan. Agian Vennemannek arrazoi duela.

Zorionez, euskarak, hizkuntza askok ez duten gauza bat dugu, bi izen harrotasunaren gradua neurtzeko: harrotasuna bera eta harrokeria. Bigarrenean erori gabe, lehenengoa zergatik ez izan. Zergatik ez egon harro, gure arbasoek paleolitikoan sortu zuten hizkuntzaren oinordekoak izateaz?

Erro zaharren egitura: KBK

Baina ez dezagun Lakarraren sarrera hitzaldiaz gure gogoeta amaitu. Josebak euskarazko erro zaharren egitura KBK dela proposatzen du, alegia, kontsonantea-bokala-kontsonantea. Beraz, txarto ulertu ez badugu, egitura hau ez duten ehunka hitz “jaurti behar genituen euskal hiztegiko geruzarik zaharrenetik kanpora”.

Josebak, besteak beste, hitz hauek sartzen ditu multzo honetan: “oker”, “usain”, “alu”, “ater”, “aho”, “bazter”, “negar”, “beldur”… “horiek mailegu edo eratorri-konposatu izan zitezkeen” argudiatuta. Bigarrenarekin ados, gero eta hitz luzeagoak gero eta aukera gehiago konposatuak izateko, baina zergatik izan behar dira “maileguak” KBK egitura ez edukitzeagatik?

Ikus ditzagun Josu Naberaren proposamenaren arabera, zeintzuk izan daitezkeen hitz hauen etimologiak. Proposamen hauek zuzenak izan daitezke ala ez, baina lan egiten hasteko oinarrizko materiala dugu:

  • oker: ohi-er edo oka-er (ohitura erratua; oka erratua)
  • usain: usna egin
  • alu: al-u (ahal gunea)
  • bazter: behe-azu-er (baxu baztertua)
  • negar: nini-gar

Etimologia hauek ikusi gabe ere, bestelako frogarik ezean, zergatik esan daiteke maileguak izan daitezkeela? Badirudi Josebarentzat euskal hitzak, berez, kontrakoa frogatzen duten arte ez direla euskal hitzak. Hau dok hau!

Euskal erroak mota askotakoak direla aipatu dute hizkuntzalari askok: B (aditzetan erabiltzen den “i” adibidez), edo BK (“or”, “er”…), edo KB (“gi”, “zi”…) edo BKB (“eli”, “ale”). Eta, Naberanen arabera gutxiago badira ere, badira ere KBK erroak izan daitezkeenak: “bur”, “kur”, “a-ger”. Gutxiago izateak zergatik izan behar da ezinezko izatea?

“eske” eta “urde” hitzak maileguak izateko aukera

Bi hitz hauek BKKB egitura izanik eta horien etimologian ez denez kontsentsurik izan Lakarraren arabera, maileguak izateko aukera dutela dio, “eske” “uescor” hitzetik eta “urde” “turpe” hitzetik etorrita.

Kontsentsurik ez da egon baina proposamen asko bai. Naberanek, adibidez, bi hauek proposatzen ditu:

  • eska(tu): esku-a(ra)-(tu) (eskua hedatu)
  • urde: urru-ide (kide ugariko animalia, oso ugalkorra)

Egia esan, “eske” eta “esku” hitzak lotuta egon daitezkeela begi bistakoa da. Baina hemen ere, bereak eta bost egiten ditu Lakarrak euskarazko terminologia asko latinetik datorrela frogatzeko. Horrexek laburbiltzen du Mitxelenaren eta ondorengoek egindako lanaren muina: euskaraz hitzak nola sortu ziren baino, euskarak latinetik ahalik eta hitz gehien hartu duela frogatzea.

Hitz horietako asko toponimian erruz agertzen bada berdin da. “Pago” hitza esaterako: “pagola”, “pagoeta”, “pagasarri”… Erromatarrak ez ziren asko ibili, antza, hemengo mendietan, bai ordea lautadetako gune zabaletan. Mendigoizaleak izan gabe, hemengo mendiei haiek izenak jarri zizkioten? Toponimian mendi eta ibaien izenak zaharrenak omen direla kontuan hartu beharra dago eta gutxienez 8.500 urte egon bagara hemen, erromatarrak baino zaharragoak izatea ez da baztertu behar, inondik inora.

Baina “eske” eta “urde” hitzetarako latinezko jatorriak aurkitu baditu, harantzago doa Lakarra eta “bazter” latinezko “praesepe” hitzetik datorkeela dio hurrengo pasartean. Eta pentsatzea ere “grandi” eta “handi” hitzak lotzeagatik Lakarrak Vennemann kritikatu duela!

Iruña Okako ostrakak eta balizko iruzurra

Euskaltzain oso izendatutako Joseba Lakarrak afera honetan egin duena aipatu gabe artikulu hau amaitzea zaila litzateke. Gai honetan gaur egungo euskal filologia ofizialaren maila ederki ikusteko aukera izan dugu eta.

Euskararen jatorrirako, toponimia ostraka hauetako testuak baino garrantzitsuagoa dela jakinda ere, zur eta lur geratu gara Lakarrak, Gorrotxategirekin batera, nola jokatu duen ikustean.

Ikerketa taldean egonda, bere ikerketakideen lanari ezelango begirunerik izan gabe, prentsa erdaltzalearen bidez, faltsutasunaren alde jarri zen laster batean. Gero batzorde ofiziala sortu zenean 2008. urte hasieran, isilpekotasuna jarri zuten arau gisa, hizkuntzalari biek aurretik prentsaren bidez egindako kritika eta iritzi gehiagorik egon ez zedin.

Filtrazioak

Urriaren 24an Noticias de Alava egunkarian lehenengo filtrazioa agertu zen: “La Comisión de expertos centra su investigación en aspectos filológicos”. Geroago hobeto zehaztu zuen “alderdi filologikoetan gehiago zentratuko da, alderdi arkeologikoetan baino”. Harrigarria iruditu zitzaigun, aurkikuntza arkeologiko batean hizkuntzalaritzak pisu gehiago izatea, arkeologiak eta historiak berak baino, benetan txundigarria.

Gainera, onena hauxe da: Akitaniako hilarrietatik Donemiliagako glosetako euskal esaldi arte ez dugula inolako hitzik aurkitu mila urte luzeetan eta beraz, gaur egun dugun Mitxelenaren euskararen bilakaerari buruzko teoria egiaztatu gabe dagoela eta, hori dela eta, EZ DUGULA EUSKARRI ZIENTIFIKO KONTRASTATURIK erromatarren garaiko euskal testuak baloratzeko, are gutxiago arkeologia eta historiaren gainetik.

Filtrazio interesatu hau nork egin zuen jakiteak asko lagunduko luke afera hau argitzen. Bai eta azaroaren 19an, Arabako Aldundiak Lurmen enpresa kanporatu zuen goizean bertan Bilboko irratietan egon zen beste filtrazioa, ostrakak faltsuak zirela esan zuena.

Filtrazio bi hauek Adituen Batzordearen lana asko ilundu dute, eta momentu batean Madrileko Entzutegi Nazionala zirudien, non etengabe abokatu eta akusatuek baino lehenago, prentsak jasotzen dituzten epaiak, eta, harrigarriena, ez da inoiz epaile edo beste ondoko inor auzipetu hori egiteagatik, Arabako Batzordean bezala.

Azaroaren 19ko agerpen publikoa Arabako Aldundian

Azaroaren 19ko arratsaldean, azkenik, Eliseo Gil parte hartzerik izan ez zuen prentsaurrean erabakia jakinarazi zuten: “ostrakak faltsuak dira”, Kazetariek argudioak ondo ulertzen ez zituztenez, Madariaga kimikariak “kola aztarnek faltsutasuna frogatzen dute” eta Lakarrak “Descartes eta guzti agertzen da” aipatzean, ja ulertu zuten.

Argi zegoen arkeologo, historialari eta hizkuntzalariez osatutako batzorde horretan, zalantzarik gabe, hizkuntzalariek izan dutela pisu eta indar handiena. Eta egiazkotzat hartzen zituen batzordekide bik atzera egin zuten, besteak beste, bi hizkuntzalariek ostraketako euskara egiazkoa izatea ezinezkoa zela behin da berriz adierazi zutenean.

Azaroaren 19an, bertan, komunikabideei ostrakak faltsuak zirela esan ondoren, Lurmen enpresari 10 eguneko epea baino ez zuen eduki defentsa prestatzeko. Horretarako Batzordearen txostenak jaso zituzten, baina ez behin betikoak. Urtarrilaren 14ean alava.net-en argitaratu zirenean txostenak osatuagoak zeuden.

Azaroaren 20an Lurmen enpresako Eliseo Gil zuzendariak emandako prentsaurrera joan ginen elkarteko batzuk, kolarena eta Descartesena ezin sinisturik. Oso aberasgarria izan zen eman zuen informazioagatik: Aldundiko Batzordeko kideak ez zirela Iruña Okara joan egindako indusketa in situ aztertzera; ez zituztela Lurmeneko arkeologoak galdekatu, egindako lana ondo edo gaziki egin zuten ikusteko; publikoki “lintxatu” eta gero alegazioek “paper bustiak” izango zirela; txosten batzuek ez zutela faltsutasunaren alde egiten; Perring, adituen artean prestigio gehien zuen arkeologoari ez ziotela behar zuen informazio guztia bidali eta txosten partzial bat egin behar izan zuela… Eta inportanteena, kola aztarnak beti egoten direla ostrakak itsasteko horixe erabiltzen dutelako eta “Descartes” baino “Miscart” jartzen zuela.

Perring-ena itzela: horrelako gauza garrantzitsu bat eta, material guztia emateko, Iruña Okara joateko, arkeologo guztiei mila galdera egiteko… Gasteizera ekarri beharrean, zer eta informazio partziala postaz bidali!

Iruña Oka argitu dezagun adierazpena eta txostenen argitalpena

Jatorriaren Elkarteko kide batzuek eta beste elkarte bateko batzuek Adierazpen bat aurkeztu zuten Durango Azokan (irunaoka.net) ikerketa serioago bat eskatzeko, eta, noski, adituen Batzordeko txosten guztiak argitaratzeko.

Zorionez (eta egindako presioen ondorioz uste dugu), urtarrilaren 17an txostenak argitaratu ziren Aldundiaren webgunean. Baita argazki eta Batzordearen aktak ere. Txosten bakarrak azaroaren 19 baino aurreragoko data zeukan. Beste guztiek edo azaroaren 20koa (Lakarrarena) edo beranduagokoak (baten bat abenduko data ere zeukan). Hau da, Eliseo kaleratzeko egindako azaroaren 19ko Foru Agindua, beranduagoko data duten txostenetan oinarritzen da!

Perring-en txostenean Eliseok egindako lana ontzat eman daitekeela esaten du, alegia, ohiko arkeologiako metodoekin egin izan duela lan.

Gorrotxategi eta Lakarraren txostenak, beste biekin batera, urtarrila baino hilabete lehenago eskegi zuen baten batek interneten, oker ez bagaude abenduan edo. Bitxia da gero, berriro beste filtrazio bat egon izana.

Hizkuntzalarien bi txosten hauetan argudio asko ematen dira ostraketako euskal hitzak ezinezkoak direla esateko: “naia” hatxerekin idatzita egon behar zuela, “polita” hitza mila urte beranduago hartu zela ozkitanieratik, hitzek artikuluarekin agertzen direla eta hori ezinezkoa dela, Z eta K letrak agertzen direla, “deno” hitza “denok” izan beharko litzatekeela…

Martin Elexpururen erantzuna

Otsailaren 13an, euskal filologian doktorea den Martin Elexpuruk ostraken testu guztiak aztertu ondoren eta Lakarra eta Gorrotxategiren txostenak agertzen diren ezinezkotasun adibideak ikusita, “Seguru zaudete?” izeneko artikulua argitaratu zuen prentsan. Txosten osoa Sustasun egonda, bertara jo genuen osorik irakurtzeko. Berak proposatuko gauzak interesgarriak ziruditen: “polita” zuzenean hartu ahal izan zela latinetik, Iruña Okako umeek hizkuntza biak entzuten zituztelako egunero, “naia” seguruenik “anaia” izango zela “reba” eta “mona” ere agertu direlako (arreba eta amona), Z eta K letra oso gutxitan bazen ere, ezagunak zirela eta alfabetoan ikasten zituztela (grekerako zenbait hitz idazteko behar ziren eta), “Descartes” baino berak “Miscart” irakurtzen duela…

Artikulu honek ilusio handi piztu zigun: azkenik hizkuntzalaritzan eztabaida zientifikoa hasia zirudien. Hori behar izan zen hasiera-hasieratik! Primeran! Ea zer erantzuten duten!

Martxoaren 6an, Berria egunkarian bi orrialdeetako artikulua agertu zen: “Gu seguru gaude”, Lakarra eta Gorrotxategirena. Bertan euskal filologiaren historiara pasatuko diren esaldiak irakurri ahal izan genituen:

“Iruña Veleiako ostraka guztiak faltsuak dira”, “Froga gehiago egin behar direla laborategian, patina zehazteko?… baina hori hasieratik bide txarra hartzea da. Zer da auzitan dagoena? Testuak. TESTUEN GAINEAN ZEINEK ESAN BEHAR DU ESAN BEHARREKOA? FILOLOGOEK. ETA FILOLOGOEK DIOTENA ONARTU BEHAR DA.” “Pieza batzuk benetakoak izan daitezkeela eta froga gehiago egin beharko liratekeela?... Euskarazkoak ez. Eta latinezkoak ere ez.”

Alberto Barandiaran kazetariak honela jasotzen du amaiera gisa: “Eta argudioak bien txostenetan daude”. Ez hori bakarrik, ondoko orrialdean Gorka Knörren gutuna jasotzen da. Bertan, hil baino lehen hasieratik egiazkotzat bazituen ere, azkenean zalantzak zituen eta, egiazkoak izatekotan, IX. mende ingurukoak izan beharko zirela, zaharragoak izatea ezinezkoa izango zelako, aurkitutakoa aurkituta.

“Filologoek diotena”

Bi aldiz irakurri behar izan genuen. Adierazitakoa lehenengo irakurketaldian primeran ulertzen zen, baina bigarren aldiz irakurri behar izan genuen, hori idazteko kapaza zen inor egon bazegoela sinistu ahal izateko! Batetik arkeologia, historia eta geologia jakintza arloak ataka batez ezerezean utzi nahi izan dituzte (hobe esanda, pikutara bidali). Baina nola onartu ahal zaio hizkuntzalaritzari horrelako jarrera! Ze errespetu falta ikaragarria dagoen beste jakintza arloekiko! Zergatik egon behar du hizkuntzalaritzak besteen gainean?

Bigarren harridura, hutsaren hurrengotzat hartu nahi izan dituzten hiru arlo hauetako aditurik erantzunik eman ez izana izan da.

Hirugarren harridura zera izan da, hizkuntzalariek “Filologoek diotena onartu behar da” esaten badute, zein filologoz ari diren ezin asmatzea da. Ze Martin Elexpuru hizkuntzalaritzan doktorea da, haiek bezain filologo eta kontrakoa esaten du. Beraz, ez dute esan nahi “filologoek” baizik eta “Lakarra eta Gorrotxategik”. Hau da, bi filologok beste filologo guztien izenean horrela hitz egitea, gehiegi ezta?

Laugarren harridura Alberto Barandiaran kazetariaren maila izan da. Albertok edo Berria Egunkariak, Iruña Okako aferan nahi duten lekuan kokatzeko eskubidea du baina, elkarrizketa pobreagoa ezin. Adibide bat eman dezagun. Eskumako egunkari batek Raxoi elkarrizketatu behar du. Logikoa denez, galdera gehienak politikari hori ondo geratzeko prestatuta egongo dira. Baina, duintasun txikiena izaten dutenez, beti egongo dira pare bat galdera “zailak”. Hau da, Raxoiren ildoa kritika dezaketen gairen bat aipatuko dute oreka apur bat eman nahian elkarrizketari.

Baina hemen, Albertok Elexpururen planteamenduak kalean egonda, ez zen gai izan galdera bakar bat egiteko: -Zergaitik “naia” “nahia” izan behar dela uste duzue, Martinek “a-naia” dela planteatzen badu, “reba” (arreba) eta “mona” (amona) hitzak diren moduan?- Edo beste galdera bat: -Zergatik “polita” hitza 1.000 urte inguruan hartu genuen euskaldunok, 300 urtean egunero entzuten ba zen Iruña Okako moduko herrietako latin hiztunei?- Baina ez zuen galdera “zail” bakar bat ere egin, nahiz eta bi orrialde oso osorik eskaini gaiari.

Bosgarren harridura Knörren gutuna erakutsi izana izan da. Kontuan hartu behar da Euskaltzaindiak urrian egindako “Pirinioetako hizkuntzak” izeneko jardunaldietan, Knörren familiari Henrikeren gutuna aipatu eta argitaratzeko baimena eskatu ziotela. Familiak ez zuen horren berririk baina hartzaileak Lakarra eta Gorrotxategi izanda, ez zuen arazorik izan eta baimena eman zien. Beraz, urritik martxora bitartean 5 hilabete izan zuten argitaratzeko (edo azaroaren 19ko prentsaurrean erakutsi, edo urtarrilaren 17an beste txostenekin batera argitaratu…). Gure uste apalean gorde izan zuten Elexpuruk botatako moduko bati erantzun ahal izateko. Argudio linguistikoak eman beharrean, Henrikeren gutuna erakutsi 150 egun beranduago!

Eta azken harridura, filologo biek, benetako ikerleak ez bezala, eztabaidari uko egitea izan da. Ez diote, orain arte bederen, Elexpuruk hasitako eztabaidari inolako erantzunik eman.

Bartzelonako Euskal Etxearen hitzaldia

Hizkuntzalaritzan, edozein jakintza arlotan moduan, eztabaida, kontrastea, hipotesien etengabeko azterketa… lirateke jorratu beharrekoak baina Iruña Okako gaian ez dute inondik inora hori egin nahi izan.

Bartzelonako Euskal Etxeak Gorrotxategi gonbidatu zuen gai honen inguruan hitzaldi bat emateko. Baldintza bakarra jarri zuen hasieran: Elexpuru ez joatea. Horregatik Koen geologoa gonbidatu zuten. Interesgarria zen, Belgikar aditu honek Aldundiko Batzordeko Madariaga kimikariak egindako lanari mila hutsune aurkitu dizkiolako. Kasualitatez, aurkitutako hutsune horiek ostraketako idazkunak oso zaharrak izan daitezkeela frogatuko lukete: ke aztarnak, sustrai arrastoak letren gainean, adreilu bateko idazkunak egosi aurrean eginak izatea, kaltzita geruzak testuen gainean (milimetro bat egiteko 100 urte behar izaten dira), etab. Baina ez zen benetako eztabaida egoterik izan, bi arlo desberdinetako adituak zirelako. Azken momentuan beste eskaera egin zuen Joaquinek: bere aldekoa izan den beste hizlari bat egotea han. Hau da, bi baten kontra.

Arkeometria

Arkeologiaren adarretako hau datazioetan zentratzen da. Munduan badira esperientzia handiko adituak alor honetan eta zehaztasun handiz datatzeko teknikak erabiltzen dituzte. Horrelako aditu bat ere ez da egon Aldundiaren batzordean. Zergatik ote?

Koldo Mitxelenaren Euskal Fonetika frogatu gabe dago

Baina euskal filologia ofizialaren benetako indargunea, baina Akilesen orpoa aldi berean, hauxe da: “Fonetica Historica Vasca”. Mitxelenaren teoriaren arabera, euskalkien sorrera orain milurteko bat inguru kokatu zen. Besterik ezin zuen izan, bestela latinetik hartu omen genituen hainbat hitzen bilakaera ezin ulertuzkoa izango litzatekeelako.

Baina teoria hau egin zenetik ez dira euskal hitzak agertu eta, beraz, frogatu gabeko teoria dela gogoratu beharra dago. Iruña Okako ostraketako hitzak Koldoren teoria egiaztatzeko ala ez, lehenengo aukera izan dira. Batzuek diotenez, agian horregatik ibili dira hain gogor Lakarra eta Gorrotxategi, faltsutasuna “frogatzeko”. Egiazkoak izatekotan aldaketa izugarriak ekarriko lituzketelako euskal filologiara.

Kontua da teoria horren zati bat zalantzan jartzen duten bi indizio zientifiko garrantzitsu ditugula. Lehenengoa askotan ikusi diren baina garrantzi gutxi jaso duten Plinio eta Estrabon erromatar historialarien informazioa da. Orain 2.000 urte Euskal Herrian bizi ziren komunitateak (tribuak haien esanetan) deskribatu zituzten eta bat zetozen gaur egungo euskalki askorekin (mendebalera, gipuzkera…) edo ez-euskalkiekin (autrigoiak). Kasualitate gehiegi litzateke, 1000 urte beranduago, euskalkiak sortzean, leku berdinetan egitea ezta?

Bigarrena toponimia da. Luis Mari Muxikak ia laguntzarik gabe hainbat herrialdetako toponimia jaso du eta guretzat, interesgarriena Arabakoa izan da, euskara lurralde honen zati zabalean galdu egin zelako. Jaso dituen 24.000 toponimotik hiru laurdenak euskarazkoak izan dira. Ez du ezer aurkitu “autrigoien” aldean, hau da Arabako mendebaldean. Araba erdiko guztia mendebalera da (bizkai-arabera deitu beharko litzatekeena aurrerantzean). Hau da, historialari erromatarrek marraztutako karistiarren eremuaren igual-iguala. Kontuan hartu behar da toponimia oso zaharra dela. Nekez sinis genezake Muxikak aztertutako toponimia horren izen asko 1000 urte baino ez edukitzea, nekez!

Horregatik, gonbitea egiten diegu euskal filologoei euskalkien sorrerari buruz benetan gogoeta sakona egiteko: toponimiak eta erromatar historialarien azalpenek euskalkiak orain 2000 urte jadanik bazirela egiaztatzeko ala ez noraino balio duten.

Eta horrekin ez dugu Koldo Mitxelenari zor dioguna inondik inora alboratu nahi. Ezingo diogu ordaindu euskara batua sortzeko egin zuen itzelezko lana. Horregatik bakarrik gure miresmen osoa dagokiola azpimarratu nahi genuke. Baina aintzat hartzeak ez du esan nahi 25 urte beranduago, sortu diren informazio berri guztiekin, berdin-berdin jokatu behar dugunik.

Euskaltzain berriak izendatzeko proposamenak

Beste gogoeta bat ere egin gura genuke euskaltzainen aukeraketaz. Hizkuntzalariez gain, beste jakintza alorretako pertsonek hizkuntzen ikerketan asko lagundu dutela gogoratu beharra dago. Esaterako, hizkuntzalaria ez zen Aquiles Luchairek Akitaniako erromatar aurreko hilarrietako testuetan euskarazko hitzak topatu zituen. Edo Manuel Gomez historialariak idazkera zeltiberikoa deszifratu zuen. Edo Indiako sanskritoera Europako hizkuntzekin lotuta zegoela frogatu zuen abokatu ingelesa, indoeuropeoaren teoria sortuz…

Euskaltzaindian bertan, hizkuntzalaritza ez den beste jakintza alorretatik etorritako jende ona egon da edo badago: Juan San Martin tornularia-peritua, Gabriel Aresti kontularia, Federiko Krutwing (non kokatuko dugu?) orolaria agian, Ibon Sarasola ingeniaria... Eta egon ez bada ere (urte askotan debekua izan zuelako) Txillardegi ingeniaria…

Horiek guztiek beste ikuspegitik landu dute euskara eta horien beharra badagoela argi dago. Baina azken bolada honetan hizkuntza mundutik baino ez dira hartzen ari. Gure ustean beste arloetako jendea ere kontuan hartu beharra dago. Are gehiago, genetistak ere sartu behar dira, euskara hizkuntza isolatuaren aurreiritzia behingoz baztertzen has gaitezen.

Psikologoarengana joan behar

Eta amaitzeko ordua heldu zaigunez (barka gaitzala irakurle sufrituak) Joseba Lakarraren sarrera hitzaldiko beste aipamena ekarri dugu hona: “hizkuntzalaritza historikoak eta diakronikoak aspaldi utzi zuen anekdotazaleen biltzarra izateari, inoiz horrelakoetan ibili bada, bederen”.

Euskararen Jatorriaren Biltzarrak berriro zeharka aipatzeagatik eskerrak eman behar dizkiogu Josebari. Anekdotazaletzat hartu gaitu, euskararen jatorriaren bila ezer gutxi argitu duen bide ofiziala alboratu eta toponimian, naturan eta euskararen barruko ikerketan aritu diren pertsonen proposamenak ezagutu, eztabaidatu eta plazaratzeagatik. Baina txarrena etortzear dago:

“Hizkuntzaren historiaren grina omen duen askok egindako galderak ez dira hizkuntzalariarentzakoak, psikologoei eta bestelako psiko-batzuei dagozkiena baizik”. Hau da, Lakarra jaunak zuzenean psikologoarengana bidali gaitu!

Hauxe da artikuluaren hasieran aipatzen genuen heziketa txarrarena ulertzeko laugarren aipua. Mediku on batek, daukagun gaixotasunaren ondorioak aztertzeaz gain (sukarra, buruko mina…) berau sortzen lagundu duten faktoreak ere aztertzen ditu (elikadura, erretzea, edatea, lan mota…). Horrela, gaixotasuna sendatzeko informazio egokia emango digu (atsedena, janaria, botikak…). Berdin-berdin, euskal hizkuntzalari batengana toponimo edo hitz baten etimologiaz galdetuz joango bagina, logikoa litzateke horri buruzko informazioa ematea edo argitzea, ahal den neurrian. Ba ez, Lakarrarengana joango bagina, segituan bolante bat emango liguke psikologoarengana edo psikiatrarengana joateko (“beste psiko batzuk”). Zer dela eta berari ez dagozkion horrelako eskakizunak egitea!

Ba ez Joseba jauna. Beste hizkuntzetan jatorria aurkitzea zailagoa dute, hizkuntza aldatuagoak dituztelako. Horregatik Saussuren leloa besarkatzen dute hain desesperaturik: “zeinua arbitrarioa da”, hau ba ez dago inolako loturarik hitzen eta esanahien artean. Beraz azken etimologia bilatzea ezinezkoa da (Ze oinarri ona ezer ez ikertzeko ezta!).

Baina gure euskara paleolitikoan sortu zen (gogoratu hacha, aizkora, aitzurra, aiztoa…) eta guk badugu aukera hitzen azken etimologia bilatzeko eta, euskararen beraren azterketa sakonean eta toponimian oinarritzen gara, agian aurkitzeko, Feliz Zubiagak esaten duen moduan, toponimia gure arbasoen oihartzuna delako.

Egia esan, psike arloko tratamendua ez dugu baztertu behar. Hemengo batzuk beti dabiltza gure gauzak txikitu nahian, inportantzia kendu gurean. Dependentzia arazo handia dute, eta beti handi baten laguntza (latina) behar izaten dute kalera ateratzeko. Beti hari begira daude eta uneoro nola berdin daitezkeen ahalegindu, musikari famatuen zenbait zaleren modura. Horientzat agian autonomia lortzeko tratamendua hartzea egokia litzateke, bakarrik bizi ahal izateko ohiturak eta kontzientzia emango dizkioten tratamendua alegia.

Eskaerak

Amaitzeko eskaeratxo batzuk egin nahi dizkiogu Joseba Lakarrari: besteok jorratu nahi ditugun azterketa, ildo edo dena delakoa errespetatzea, friki moduko hitzak erabili gabe, Euskal Filologian toponimiaren gaia ganoraz sartzeaz gain, Vennemann eta hemengo ikerle batzuen proposamenak ezagutaraztea, Iruña Okako aferan eztabaida zientifikoari heltzea eta, azkenik, apaltasun gehiago izatea, Euskal Filologia Ofizialak jatorriaren aurkikuntzan, orain arte bederen, urrats garrantzitsurik ez duelako eman, gure uste apalean.

Koldo Urrutia (Euskararen Jatorriaren Biltzarreko kidea)

Bibliografia

  • Euskararen Jatorriaren Biltzarretako ponentziak, euskararenjatorria.eu
  • Euskal Jatorriaren Bloga
  • Prentsako iritzi artikulu eta albisteak
  • Josu Naberan: Hitzen Koba
  • Alfontso Martinez Lizarduikoa: Euskaldunen jatorria populazioen genetikaren argitan
  • Stephen Oppenheimer: The Origins of the British
  • Bittor Kapanaga: Erro eta gara

Erantzunak

Iñaki Arrue
2009-07-26 : 18:15

htpp://www.inguma.org edo Dialnet guneetan bilaketa labur bat egiteak argi asko utziko du bakoitzaren ibilbidea zer nolakoa izan den.

Erantzun

Sartu