Ekainaren 28an mundu osoan ospatzen da LGTB (Lesbiana, Gay, Transexual eta Bisexual) Harrotasun eguna. Duela 40 urte New Yorkeko taberna batean izandako istiluak gogoratzen ditu. Gehituk bideo hau sareratu du.
Donostiako Kursaala iazko Harrotasunaren egunean. Creative Commons Aitortu © cc-by: Daquella manera
Aurten, bestalde, Gehituk eskoletako egoera ekarri nahi izan du gogora. Hona ekainaren 28 honen harira kaleratu duten komunikatu baten pasarte batzuk:
HEZKUNTZAN ANIZTASUN AFEKTIBO SEXUALA
Historiak erakutsi digu nola baztertu gaituen gizarteak lesbiana, gay, trans eta bisexualok (LGTB), nola ematen ziguten bizkarra, gaitz guztien errudun egiten gintuzten, eta jipoitzen eta harrikatzen gintuzten
Baina duela 40 urte, gertaera adierazgarri batek dena aldatu zuen. New Yorkeko polizia homofoboak sarekada bat egin zuen Stonewall Inn tabernan, bertan bildutakoak atxilotzeko, iraintzeko eta makurrarazteko, ohi zuen gisa. Baina pertsona batzuek, gehienak trabestiak, oihu egin zuten, ez zuten amore eman bidegabekeria horren aurrean, eta polizia haien ankerkeriari oldartu zitzaizkion. Gau hartan herri-matxinada batek LGTB pertsonen eskubideak eta berdintasuna aldarrikatu zituen, gure sexu-orientazioa edo genero-identitatea gora behera. Geroztik, egun honetan, hiriz hiri eta herriz herri gure eskubideak aldarrikatzera ateratzen gara kalera, urtez urte gizarteari erakusteko bide luzea falta dela benetako berdintasuna lortzeko.
Aurten azpimarratu nahi dugu gure gizartean zutabe nagusiak, gure hezkuntza-sistemak, bidezkoagoa eta anitzagoa izan behar duela: eta, horregatik, aldarrikatzen dugu: ESKOLETAN ARMAIRURIZ EZ.
Estatu osoko lesbiana, gay, trans eta bisexualek eratutako 50 elkarte baino gehiagok batera diseinatutako estrategia baten testuinguruan sortu da lelo hori: 2009an kementsu lan egiteko konpromisoa hartu dugu, azpimarratzeko gure ikastetxeak ez daudela irekita aniztasunean maitatzera eta sentitzera, eta irakasleek ez duela ez baliabiderik ez modurik errealitate hori behar bezala lantzeko
Eskoletan ikasleek aniztasunean eta berdintasunean, diskriminaziorik eta sufrimendurik gabe bizi ahal izatea nahi dugu.
Hezkuntza-sistemarako, bidezkoa eta onargarria dena eskatzen dugu: Jazarpen LGTBfobo berezien kasuetan, Euskal Hezkuntza Sistemak izan ditzala bereziki kasu horiei erantzuteko prestatutako arduradunak. Hezkuntza Sistemak haurren eta nerabeen heziketa afektibo eta sexualari eskainitako irakaskuntza-orduak aurrez ikus ditzala curriculumean. Administrazioak presta ditzala LGTBfobiaren aurka lan egiteko bere material propioa, eta irakasleagoaren eskura jar dezala. Ikerketak egin daitezela, neurtzeko nolako eragina izan dezakeen ikasle lesbiana, gay, trans eta bisexualengan jazarpen LGTBfoboak eskola-porrotean, bere buruaz beste egiten dutenengan edo egiten saiatzen direnengan, eta gaixotasun psikologikoetan, Europar Batasuneko beste herrialde batzuetan egiten den bezala.
Azken batean, armairurik gabeko eskolak aldarrikatzen ditugu. Aniztasun sexuala behar bezala aitortuko duen hezkuntza-sistema bat exijitzen dugu. Eskoletara gazte LGBTek beldurrik gabe joan ahal izatea, eta bertan irakasleek beren desberdintasuna aske adierazi ahal izatea. Lesbianok, gay, trans eta bisexualok bakean eta harmonian elkarrekin bizi ahal izateko ikasgelak behar ditugu, gainerakoak bezala errespetatuak eta maitatuak izateko, eta atsedenaldietan gure aurka, haur eta nerabe lesbiana, gay, trans eta bisexualen aurka, bazterkeriarik eta indarkeriarik ez dadila izan.
Ez dugu nahi eskoletan isilik egon behar izatea gure burua babestuko badugu, ezta gezurrak esan behar izaterik ere integratzeko, edo itxurak egin behar izatea gatazkak saihesteko. Gure berri eta gure errealitatearen berri normaltasun osoz jasoko duten testuliburuak nahi ditugu eskoletan. Azken batean, inor ez dadila izan baztertua eta gutxietsia: horixe da eskatzen duguna.
Erantzun
Sartu