Ultraeskuineko karlista batzuen webgunean gerrako argazki zahar batzuk aurkitu ditugu, besteak beste Eibar inguruko mendietako 1936-1937ko gerrako frontekoak. Eibartarrak posta-zerrendan gaia irten da, eta argazkietako lekuak identifikatu, txango bat egingo dugu igandean irudiak berregiteko.
Honako argazki honetan, Kalamua mendiko frontean, karlista batzuk egun lasai batean. Beste honetan ikusten denez, umeak ere erabili zituzten frankiste aldeko rekete karlistek gerran.
Orain dela egun batzuk ondorengo mezua bidali zuen Gari Araolazak Eibartarrak posta-zerrendara:
Kalamuako argazkiren baten bila Reketeen webgune bat aurkitu dut. Gaiarekin interesa duzuenok igual ezagutuko zenuten, baina badaude argazki kuriosoak, lubakiak, babeslekuak eta Kalamuako maldan zegoen Tomas Meabe delako etxea ere ikusten dira.
Argazki horiek aitzakia hartuta, Kalamua ingurura mendi-irteera antolatu du EibarOrg elkarteko Oier Gorosabelek. Gerra zibilean, 1936-1937 bitartean, Kalamua-Akondia inguruan egon zen frontea. Gipuzkoa frankisten esku; Bizkaia Errepublikazaleen esku. Zazpi hilabetez borroka latza egon zen Eibar inguruko mendietan.
Gudako frontea non egon zen? Non daude lubakiak? Non daude argazki zaharretan ikusten diren zuloa? Bonbek utzitako zulorik ere ikusten da? Hori guztiori erantzuten ahaleginduko gara datorren igandean. Argazkien eszenarioak identifikatuta, perspektiba berarekin argazkiak berregitea izan daiteke beste ariketa bat.
Zita izango da, ekainaren 7an, igandea, goizeko 9.30etan. Ixuako gainetik hartzen den bidetik aurrera, Usartzako zelaian.
Erantzun
Sartu