Irakurle batek hemen aipatutako AEBetako Gobernuaren eta Etxe Zuriaren Youtubeko kanaletan, nobedade interesgarri bat ere badago. Azpitituluak hainbat hizkuntzatan irakurtzeko aukera, baita katalanez ere.
Argazkiak.org | Obamaren Youtube kanalean katalana © cc-by-sa: sustatu
Youtuberen jabeak, Googlek, lana ondo prestatu dio Etxe Zuriari Youtubeko kanal ofizial horiek antolatzeko orduan. Besteak beste, Youtubeko bideoan ohiko lizentzia motetatik harantzago, public domain edo jabetza publikoaren aitortza ezarri diote bideo hauei.
Beste aukera batzuk hizkuntzen teknologien alorrekoak dira. Bideo gehienak azpidatziekin datoz, kasu batzuetan ingelesez bakarrik, askotan ingelesezko eta gaztelaniazko azpidatziekin. Baina are interesgarriagoa, jatorrizko azpidatziak horiek izan arren, aldi bereko itzulpen automatikoko zerbitzu batekin bideoa ikusi ahala hainbat hizkuntzatan irakur daitezke testuak, tartean txinera, arabiera, katalanera edo apenas milioi bat hiztun dituen estoniera.
Honela egiten da hori. Lehenengo eta behin, adibidez Obamaren hitzaldi honetan, Youtubeko bideo-leihoko azpiko ezkerreko muturrean, klikatu goranzko gezia, eta agertuko diren bi marra zuzenen ikonoan klikatu. Horrekin, bideoaren azpidatzi aukerak agertuko zaizkiu. Hemengo irudi honetan bideo jakin batek bi dituela ikusten dugu, gaztelania eta ingelesa:
Argazkiak.org | Azpitituluak aktibatu Youtuben © cc-by-sa: sustatu
Baina bi hizkuntza horietatik harantzago joan gaitezke goiko irudiko Traducir aukeran klikatzen badugu (kasu honetan Youtube gaztelaniaz erabiltzen ari ginen pantaila-irudi horiek ateratzeko orduan). Orduan, aukera izango dugu, jatorrizko testu bat aukeratu, eta itzulpen automatikoa egiteko beste hainbat hizkuntza aukeratzeko.
Argazkiak.org | Nola aktibatu azpititulu itzulpena Youtuben © cc-by-sa: sustatu
Aukera honen berri Vicent Partal Interneteko ekintzaile katalanari entzun genion joan den astean EKT-k antolatutako ekitaldi honetan. Partalek estonieraren kasua aipatu zuen zehazki, eta pronostikatu zuen bizpahiru urtetan euskaraz ere ikusiko dugula hau aktibatuta.
Googleren itzulpen automatikoko sistema konputazio paralelo oso indartsu baten ahalean oinarritzen da. Batetik, milaka testu paraleloren parekotasunak gordeta dituzte, eta bestetik, itzulpena egiteko hainbat makina dituzte modu paraleloan lanean: makina bakoitzak bere iritzia ematen du, eta kontsentsuzko itzulpen irabazlea omen da pantailan agertuko zaiguna.
Erantzun
Sartu