Teknologia albisteak

Web semantikoa eta Google; mikroformatuak eta Rich Snippets

Erabiltzailearen aurpegia
Andoni Sagarna
2009-05-22 : 10:05

Joan zen asteartean Googlek esan du Rich Snippets-ak erabiliko dituela aurrerantzean. Zer dira horiek? Snippet hitzak testu txikia edo aipu txikia esan nahi du. Googlek bilaketak egiten ditugunean eskaintzen dizkigun emaitzek estekaren azpian dakartzaten testu txiki horiek dira snippetak. Andoni Sagarna ingeniari eta euskaltzainak komentatu du Iparrorratza blogean web semantikoaren alorrean Googleren urrats honek suposatzen duena, mikroformatuen eta RDF estandarraren garrantzia. Baimenarekin, handik hona dakarkigu bere testua.

Rich snippet bat, beraz, snippet aberats bat da, snippet arrunt batek baino informazio gehiago eskaintzen duena. Informazio gehigarri hori mikroformatuetatik edo RDFa deskribapenetatik aterako du Googlek hain zuzen. Googlek ez du, ordea, oraingoz behintzat amaraun guztia sistematikoki arakatuko deskribapen horien bila, baizik eta web orri bat jarri du interesatuta dauden webmasterrak haiekin harremanetan jar daitezen.

Web semantikoa eta Google

Duela hamar urte, amaraunaren asmatzaile Tim Berners Lee-k esan zuen espero zuela egun batean ordenagailuak gai izango zirela amarauneko eduki, esteka eta pertsonen eta ordenagailuen arteko harreman guztiak aztertzeko, eta horrek, iristen zenean, ekarriko zuela merkataritza, burokrazia eta bizitza arrunteko hainbat eginbehar makinak makinekin hitz eginez gauzatzea.

Horixe izango litzateke Web 3.0 delakoa. Gaur egun erabiltzen dugun HTML lengoaiak, ordea, ez du horretarako biderik ematen. HTMLren moztasun hori gainditu nahian "mikroformatuak" garatu ziren.

Horien xedea HTML lengoaiari metadatuak gehitzea da. HTML eta XHTML lengoaiek aukera ematen dute etiketei atributuak gehitzeko. Horrela, atributu espezifiko estandarizatuen multzoak sortu dira, esate baterako curriculum vitaeetako datuak zer diren zehaztekoak (experience, publications, etab.), kokapen geografikoen datuak zehaztekoak (latitude, longitude), etab. Hau da eduki mota jakinei buruzko informazioa garraiatzen dute mikroformatuek.

Urrunago doa RDFa delakoa. Mikroformatuak eremu jakinetakoak diren bezala, RDFa generikoa da, arloarekiko independentea, alegia.

Berez, bada RDF (Resource Description Framework) izeneko espezifikazio-familia bat hainbat sintaxi bidez erabil daitekeena, bereziki XML bidez. Oso ondo egongo da, baina jende gutxi dago horren konplikazioei aurre egiteko prest.

Horren bertsio erraztu bat da RDFa. Siglen atzeko "a" horrek atributu bidez adierazten dela esan nahi du; zehazki XHTML etiketen atributuen bidez. Hau da, XHTMLen txerta daiteke.

Atributu horiei esker bi gauza lortzen dira funtsean:

  1. Amarauneko aplikazio batetik bestera datuak transferitzea
  2. Datuak era bakarrean errepresentatzea gizakientzat eta makinentzat

RDFa ez badago hiztegi jakin bati lotuta, nola dakite aplikazioek zer den atributuetan ematen den informazioa?

Hara sekretua:

  1. lehenik eta behin zer eskema erabiltzen dugun deklaratu behar dugu. Esan behar dugu zer URLtan dagoen gure hiztegia eta hiztegi horretan klaseak eta propietateak zehaztu behar ditugu. Adibidez liburua eta egilea klaseak eta nork idatzia propietatea, adierazi ahal izateko zer liburu nork idatzia den.
  2. atributuak erabiliko ditugu datuak sartzeko
  3. RDFa agenteek datuak erauz ditakete

Erantzun

Sartu