Teknologia albisteak

Hik Hasik X. Udako Topaketa Pedagogikoak egingo ditu aurten

Erabiltzailearen aurpegia
HIk Hasi
2009-05-11 : 10:05

Aurtengoak X. Hik Hasi Udako Topaketa Pedagogikoak izango dira eta eskaintza zabala izango da. HIK HASIk eta EHUko Hezkuntzaren Teoria eta Historia Sailak antolatutako topaketak uztailaren 1, 2 eta 3ko goizetan izango dira eta 31 ikastaro eskainiko dira guztira. Arratsaldeetan, berriz, parte hartu nahi duen edonorentzako saio irekiak antolatu ditugu.

31 ikastaro aukeran euskaraz

Hezkuntza gaiei buruzko 31 ikastaro eskainiko dira aurten, denak euskaraz (28 ikastaro euskara hutsean eta beste 3 euskaraz eta gaztelaniaz). Guztiak aipatu ezin, eta hona zenbait ikastaroren zertzeladak:

* Euskararen erabilera sustatzen hezkuntzan. Eskolatik abiatu, eta ikasleen euskararen erabilera sustatzeko ahalik eta ikuspegi orokorrena aurkeztea da asmoa. Besteen artean, Kataluniako Generalitateko hizkuntza politikako arduraduna den Pere MAYANS jauna izango da bertan.

* Ahozkotasuna lantzen. Bi ikastaro. Batean, HUHEZIko (Mondragon Unibertsitatea) Miker taldeak gidatutakoan, Haur Hezkuntzan hasi eta Unibertsitateraino ahozkotasuna nola landu ikusiko da. Eta, bestean, bertsolaritza hartuko da oinarri gisa.

* Software askeak hezkuntzan. Hemen egiten ari denaz eztabaida foroa sortzeaz gain, Extremadurako administrazioa eskoletan egiten ari dena ezagutuko da.

* Ipuin kontaketa tailerra eta irakurzaletasuna. Irakurzaletasuna ikastaroan, gaian aditua den Granadako unibertsitateko Juan Mata izango da gurekin.

* Haurrentzako kantak eta jolasak, Psikomotrizitatea, Haurrentzako masajea... Haur txikien ikasteko bidea jolasa delako, arlo hori ezagutzeko eta aberasteko asmoz eta gorputza sentsibilizatzeko.

* Adimen emozionala. Musikaterapia... Emozioek ikasteko prozesuetan duten garrantzia frogatuta dago. Hori bizitzen eta ezagutzen lagunduko dute ikastaro horiek.

* Biodantza, Euskal dantzak, Munduko dantzak... Dantzen munduak gizakiaren espresioan duen garrantziagatik.

* Espresioaren beste alorrak. Marrazketa ikastaroa, artean agertzen diren balioak landu, Imanol Urbietaren musika edota software askeak musikan eskaintzen dituen aukerak ezagutu.

* Irakasleak ilusionatu eta gurasoak trebatu. Eskola eta etxearen arteko zubi lanak eraikitzeko teknikak agertuko dira.

* Afektibitatea eta sexualitatea, elikadura... Eskolak arlo horietan nola jokatu azalduko da.

* Proiektuen bidez lana egin. Ikaste-irakaste prozesuetan nola egiten den garrantzia duenez, proiektuen bidez nola lan egin aztertuko da.

* Idazketaren mekanika, matematika konpetentziak... Gai zehatzak ere aztertuko dira.

Noiz eta non

Ikastaro guztiak uztailaren 1, 2 eta 3an izango dira, goizeko 9:00etatik 14:00etara. Egoitzei dagokienez, bi lekutan banatuko dira: Pedagogia Fakultatean (teorikoagoak direnak) eta Ekintza ikastolan (espresiokoak batez ere).

Norentzat

Ikastaroak bereziki irakaskuntzan ari diren profesionalei zuzendurik daude: ikastetxeetako irakasleei, musika eskoletako irakasleei, aisialdiko begiraleei, Pedagogiako, Psikopedagogiako, Psikologiako edo Magisteritzako ikasleei, hezkuntza aholkulariei eta abar. Hala ere, interesa duen beste edonork ere parte har dezake. Aurten, bereziki, euskararen erabilera, ahozkotasuna, eskola eta familiaren arteko harremanak, haur ikusezinak, jolasak, irakurzaletasuna, elikadura, sexualitatea, haurrentzako masajea, buru-mapak eta espresioko ikastaroetan jarri dugu arreta. Horiek guztiak edonorentzat oso egokiak izan litezke.

Arratsaldeetan: saio irekiak

Arratsaldeetan saio irekiak eskainiko dira. Ikastaroetan parte hartzen duten guztiei zabalik daude, eta baita izena ematen ez duten herritar orori ere. Pedagogia Fakultatean izango dira, 16:00etan hasita.

Uztailak 1, asteartea: EUSKAL ANTZERKIA

Arlo horretan ari direnak edota horren inguruan zerbait egin nahiko luketenak elkartuko dira ANTZERKIZALEEN ELKARTEA sortzeko. - Joserra Fatxado (Donostiako Zurriola antzerki eskola) - Joxe Mari Agirretxe “Porrotx” (Lasarte-Oriako Landaberri antzerki eskola) - Koldo Zelestino eta Rita Naveira (Bilboko Kafe Antzokia) - Beste hainbat aktore, antzerkigile eta antzerkizale. 16:00etan, EHUko Pedagogiako 0.1 gelan

Uztailak 2, asteazkena: NORBERE ERREALITATEARI EGOKITUTAKO MAPAK SORTZEA

www.atlasa.net: informazio eta errepresentazioaren “ataria”n. - GAINDEGIA elkarteko kideak. 16:00etan, EHUko Pedagogiako 0.1 gelan

Matrikula epea maiatzaren 1ean zabalduko da eta maiatzaren 29 arte egongo da zabalik.

**Informazio gehiago: www.hikhasi.com.**

Erantzun

Sartu