Gipuzkoako itsasbazterrean Lurreko zientzietako ikerlari handiak bilduko dira maiatzaren 4tik 8ra bitartean. Zumaiako labarretan Flysch, haitzen hitza dokumentalaren grabazioan parte hartu eta Donostian hitzaldi ziklo bat emango dute, klimaren, bizitzaren eta gure espeziearen historia aztertzeko.
Munduko eszenatoki geologikorik garrantzitsuenetako bat osatzen dute Zumaiako labarrek, bertan gure planetaren milioika urteko historia irakur daitekeelako. Flysch honetan sona handiko zientzialariak bilduko dira, geologian, astronomian, biologian, klimatologian, antropologian, ekonomian eta beste zenbait arlotan adituak direnak. Mundu osotik datoz Zumaiara, Alberto J. Gorritibereak eta Asier Hilariok idatzi eta zuzentzen duten Flysch, haitzen hitza dokumentalaren grabazioan parte hartzera.
Dokumentalerako elkarrizketak grabatzeaz gain, ikerlari horietako hamarrek hitzaldi ziklo bat eskainiko dute Donostian maiatzaren 4tik 8ra bitartean, klimaren, bizitzaren eta gure espeziearen inguruko gaiak jorratzeko.
Hizlari hauen artean, Lurraren historiari buruzko aurkikuntzarik handienetako batzuen protagonistak daude, dibulgaziorako gaitasun aparta dutenak. Euren hitzaldietan gure planetaren historiako mugarririk garrantzitsuenen berri emango dute eta, iraganak ematen duen ikuspegi horrekin, gaur egun gehien kezkatzen gaituzten ingurune arazoak neurri egokienean aztertuko dituzte: klima aldaketa, bioaniztasunaren krisia, itsas mailaren aldaketa, garapen ekonomikoaren ereduak eta abar.
Adituen eskutik, milioika urteko historiak haitzetan eta izotzetan utzi duen erregistroa irakurri eta horrela ulertuko dugu non gauden eta nora goazen.
Haitzen hitza zikloa (Klimaren, bizitzaren eta gure espeziearen historia)
Egunak: maiatzaren 4tik 8ra
Ordua: 19.30 (ateak 19tan zabalduko dira; eguneroko bi hitzaldiak jarraian izango dira).
Lekua: Kutxa aretoa (Andia kalea), Donostia.
Sarrera doakoa da.
Erantzun
Sartu