Teknologia albisteak

AHT Gelditu Elkarlanak argitu egin du Eusko "Jarlaritzaren" gutunen kontua

Erabiltzailearen aurpegia
Durangoko AHT Gelditu Elkarlana
2009-04-28 : 15:04

EAEko herritar askok asteburuan jaso duten gutunaren inguruko azalpenak eman ditu AHT Gelditu Elkarlanak Donostian. Hona hemen prentsaurrekoan irakurri den testua. Bide batez, maiatzaren 9an Iruñean egingo den manifestaziorako deia zabaldu du.

AHT ez da inbertsioa: alferrikako gastu kaltegarria da
AHT Gelditu! Elkarlana» Euskal “Y”aren kostua, gaur egungo aurrekontuen arabera, EAEko adin nagusiko bakoitzeko 4.859 eurokoa izango da.
Bankuek, enpresa eraikitzaileek, politikariek, ez digute esango euskal herritar bakoitzeko 4.000 euro baino gehiago bideratu nahi dituztela eztabaidatu eta eskatu ez dugun azpiegitura xahutzailera. Ez digute esango, baina hala egin nahi dute; eta hala egingo dute baldin eta guk, herritarrok, ezezko borobila esan eta AHTa gelditzen ez badugu. Horregatik, AHT Gelditu! Elkarlanak 800 mila inguru agiri buzoneatu behar izan ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan, herri handietan eta AHTk zuzenean kalteturiko udalerri guztietan, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako gobernuaren sasi-izenean jakinaraziz EAEko adin nagusiko herritar orok 4.859 euro ordaindu beharko dituela “Euskal Y”a finantzatzeko, eta Nafarroako herritarrei AHTren eraikuntza-lanen dirua aurreratu ahal izateko gastu sozialen arloan egin beharko diren hainbat murrizketen berri emanez.
Ez dauka inolako zentzurik gizarteari onurarik ekarriko ez dioten azpiegituratan herritarrek sortu eta behar duten diru publikoa alferrikaltzea, are gutxiago, herritarren nahi eta beharretatik aldendurik dagoen eredua bultzatzen badute. Zer zentzu dauka herritarren eta naturaren esplotazioa eta nahigabea dakarren eredua mantentzeak? Zer zentzu dauka gutxi batzuen interes eta handinahiek eragiten duten xahuketa mantentzen jarraitzeak?
Eusko Jaurlaritzari, eskutitza zabaltzearen ondorioz izan duen erantzun suminduaren aurrean, AHTren benetako diru-kontuak kaleratzeko eta, era batera edo bestera, zergadun orok gaur egun “Euskal Y”aren lanak eraikitzeko aurreikusten diren 6.341 milioi euroko diru publiko izugarriari aurre egin beharko diola ezkutatzeari uzteko erronka jotzen diogu. Gastu neurrigabe horrek AHTa eraikitzeko lanetan aurrera jarraitzeak dakarren eragin ekonomiko, lurraldeko eta sozial bortitzaren neurria ematen digu. Xahutze ikaragarri horretan jarraitzea gaur egungo krisi ekonomiko, ekologiko eta sozialaren garaian, bereziki larria da. Hortaz, gogor salatu nahi dugu gobernuak dirutza publiko gero eta gehiago xahutzen ari direla ingurumenari aurrekorik gabeko kalteak eragin eta ekonomia zein gizarte ikuspegitik inolako errentagarritasunik ez duten AHT bezalako proiektu txikitzaileetan. Bestalde, 4.859 euro ordaintzeko eskaera egiten duen agiri horrekin norbait gehiegi izutu bada, barkamenak eskatzen dizkiogu; baina era batera edo bestera, zerga gehiago ordainduz edo zerbitzu publikoen murrizpenaz, hori da bakoitzak ordaindu beharko duguna AHTa aurrera badoa. Bukatzeko, Jaurlaritzak gutunarengatik beldurra erabiltzen dugula dio, baina guk ez dugu inor auzitegi nazionalera bidaltzen. Gainera, bere prentsa-oharra edo adierazpena irainez beteta dago.
Euskal Herrian AHTa egiteko, hau da, Abiadura Handiko Trenarentzat “euskal Y”-a, Nafarroako Korridorea eta Lapurdiko LGV linea berria egiteko, 10.000 milioi euro bideratzea ezinbestekoa da banku, eraikitzaile eta politikarien hitzetan. Funtsezkoa omen da 10.000 milioi euro horiek Euskal Herriarentzat ezinbesteko azpiegitura hori eraikitzen inbertitzea; funtsezkoa omen hiriburuen arteko denbora-distantzia minutu batzuetan laburtzea, funtsezkoa omen Europarekin abiadura handian lotzea… Baina funtsezkoena, orain esaten dutenez, AHTren eraikuntzak ekonomiaren suspertzean izango duen eragina omen da. Iruzurra, puntu horretan eta egoera honetan bereziki, are latzagoa da:
1. Azken 5 urteotan, euskal familien zorpetze-tasa bikoiztu egin da eta Hego Euskal Herrian 2009ko lehen hiruhilekoan 38.500 lanpostu suntsitu dira, eta 141.000 langabetu daude. Langabezian dauden pertsona-kopurua % 24 igo da aurreko hiruhilabetekoarekiko. Beraz langabezia-tasa Hego Euskal Herrian % 10,4koa da. EUSTATen arabera, 13.000 familia baino gehiagok kide guztiak langabezian ditu. Hala ere, AHTaren 10.000 milioi euro horiek hor jarraitzen dute eta Eusko Jaurlaritzak 549 milioi euro bideratu ditu aurtengo aurrekontuetan AHTa egiteko, gainera era lotsagarrian “gastu sozial” gisa zenbatu dituelarik.
2. Zor publikoa herritarren babes sozialerako bideratu beharrean, garraio-azpiegitura horietara bideratuko da; hori gutxi balitz, azpiegitura horiek % 45 inguru garestitzen dira lanak amaitu orduko eta horien erabileraren aurreikuspenak batez beste % 51 puzten dituzte (“Euskal Y”aren kasuan, egun EAEn egiten diren joan-etorrien % 0,15 soilik hartuko duela aurreikusten da gainera). Hori da Aalborgeko Unibertsitateak Frantziar Estatuko Diru-kontu Auzitegiarentzat egin berri duen txostenak egiaztatu duena.
3. Eraikuntzaren arloan sortzen diren lanpostuak aldi baterakoak eta prekarioak dira. Porlanaren negozioak onura ekonomikoak enpresaburu eta bankuentzat soilik ekarri ditu, gainontzeko herritar langileontzat lanaren prekarietatea eta azpi-kontratazioaren kate luzeak areagotzen dituen lan-istripuak, soldata kaskarrak, etorkinekiko gehiegikeriak eta lan zein osasun-baldintza negargarriak dira (Hego Euskal Herrian aurten 21 langile hil dira jada). Beraz, azpiegitura lan handi horiek eraikitzeko sortuko liratekeen lanpostuek ez lituzkete, inolaz ere, herritarren langabezia arazoak konponduko, ez epe motzean (adabaki moduan erabil badaitezke ere) eta are gutxiago epe luzean.
4. Ezin ahaztu, halaber, garraio-azpiegitura erraldoi honek berarekin dakartzan mantentze-lanen kostuak ere ez direla nolanahikoak. Kudeaketa pribatua izanik ere, diru publikotik bideratu beharko dira azpiegitura mantentzeko beharrezko izango diren dirutzak, gastu sozialean, hau da, gizarteak beharrezko dituen sailetan, ondo ezkutatuta.
Ekonomia ereduari gagozkiola, pentsamendu bakarraren izenean gizakia naturari eta gizakia gizakiari berari gainjartzen zaion eredua indartu da azken urteetan, ahots kritikoak etengabe zapalduta. Horren adibide garbiak dira mundu zabalean aplikatu diren politika ekonomiko eta sozial neoliberalak. Estatu espainiarrak, gainera, elementu nabarmengarri bat izan du: eraikuntzan oinarritutako ekonomia. Espainiakoa izan da Europa osoan etxebizitza eta autobia kilometro gehien eraiki duen Estatua. Eta eraikuntzaren burbuilak eztanda egin duen honetan, zein da Estatuko Gobernuak, Erkidegoetako Gobernuek eta Aldundiek emandako erantzun magikoa? Garraio-azpiegiturak, hau da, autobiak, autopistak, AHTak, superportuak etab., diru publikoarekin eraikitzeko prozesuak azkartzea. Hartara, Madrilgo gobernuaren egitasmoak betetzekotan Espainia izango da mundu osoan Abiadura Handiko Tren kilometro gehien izango duen Estatua. Eta zein da lanik gabe, babes sozialik gabe, etxebizitzarik gabe geratzen ari diren herritarrei gobernu horiek berek emandako erantzuna? Horretarako dirurik ez dagoela.
Amaitzeko, gutunaren buzoneaketan aritu diren ehunka laguntzaileei eskerrak eman eta datorren maiatzaren 9an, Iruñean, “GUZTION ARTEAN, AHT GELDITU! TXIKIZOARENTZAT DITU GEHIAGORIK EZ” lelopean egingo den AHTren aurkako manifestazio nazionalera ahalik eta jende gehien biltzeko dei egiten dugu.
AHT GELDITU! ELKARLANA

Erantzun

Sartu