Teknologia albisteak

Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratu berriak kaleratu ditu Soziolinguistika Klusterrak

Erabiltzailearen aurpegia
Soziolinguistika Klusterra
2009-05-01 : 01:04

Zer egin euskara norbere erakundean normalizatzeko? Galdera horri erantzuna bilatu nahi dio Soziolinguistika Klusterrak, 2007. urtean abiatu zen Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak proiektuaren bidez.

Euskararen Normalizazio Kasu Aurreratuak sortzeko Ezagutzaren Klusterrak egindako Kudeaketa Aurreratuko Enpresak argitalpenak eredu hartu eta soziolinguistika arlora egokitu dira. Beraz, kudeaketan eredugarri diren kasuen ordez, euskararen normalizazioan eredugarri direnak aztertzen dira hemen. Proiektuaren helburu nagusia euskara planekin abiatu diren erakundeen esperientzia eta ezagutza bildu eta zabaltzea da. Erakundeak enpresa, administrazio nahiz hezkuntza arlokoak izan daitezke. 10-15 orrialdeko kontaketa hiru hizkuntzetan egin da: euskaraz, gaztelaniaz eta frantsesez.

2008ko lanaren fruitu dira IMH, Makina Erremintaren Institutua eta Bergarako Udala Kasuak eta Soziolinguistika Klusterraren webgunean daude irakurgai. UEU eta Soziolinguistika Klusterrak Udako Ikastaroetarako antolatu duten Euskara lan munduan... lanean! soziolinguistika ikastaroan Kasu hauen berri emango da.

Argitalpen hauek paperean jaso nahi izanez gero, Soziolinguistika Klusterrera eskaera egin besterik ez dago: oihana@soziolinguistika.org

Espero dugu Kasu hauek euskara-planen munduan sartu nahi duten erakundeentzat baliagarri izatea. Horretaz gain, Soziolinguistika Klusterraren helburuetako bat da arloko eragileekin hausnarketarako zein esperientziak elkartrukatzeko sareak osatzea eta lan honek horretan lagundu nahi du.

Erantzun

Sartu