Teknologia albisteak

EAEko mapa soziolinguistikoa eta atzerritarrak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2009-04-28 : 09:04

Eusko Jaurlaritzak egindako IV. Mapa Soziolinguistikoaren azterketa 2006ko egoeraz gain, 1986tik hona izandako bilakaera aztertzen du dokumentuak, eta alor batzuetan izandako aldaketa nabarmena da, grafiko honek erakusten duena, adibidez:


Argazkiak.org | IV. Mapa soziolinguistikoa © cc-by-sa: herri.admin

Azterketaren arabera, gaur egun Euskal Herrian 863.840 euskaldun daude, inoizko gehien. Haietatik 755.640 EAEko bizilagunak dira, mapa honek aztertu duen eremukoak, eta batez bestekoa %22tik %37,5era igo da.

Mapa soziolinguistikoak informazio interesgarriak ditu, ez bakarrik euskararen bilakaerari dagozkionak, baita ere Araba, Bizkaia eta Gipuzkoaren egoera demografikoari dagokionez. Adibidez, ikusi nola aldatu den adin piramidea EAEn azken urteetan:


Argazkiak.org | Adin piramidea EAE, 1986-2006 © cc-by-sa: herri.admin

Beste datu eta grafiko batzuk, atzerritarren presentziari dagozkio. Adibidez taula hau:


Argazkiak.org | Atzerritarren bilakaera EAEn © cc-by-sa: herri.admin

Atzerritarrek egoera soziolinguistikoan izen dezaketen eraginaz iruzkin batzuk badaude, baina mapa soziolinguistikoan ez dago bi errealitateak erkatzen dituen taula edo daturik. Hau da, euskararen ezagutza hainbat parametrorekin erkatzen da (gurasoen ezagutza, non bizi diren hiztunak, eta abar), baina ez da atzerritarren euskararen ezagutzari buruzko daturik.

Hala ere, liburuaren amaieran, ondorioetan, hau nabarmentzen da:

Beste alderdi demografiko garrantzitsua atzerriko immigrazioarena da, azken hamarkadan ia sei bider areagotu baitira atzerritarrak. 1998an atzerriko 15.000 pertsona zeuden, 2007an, berriz, 100.000. Hala ere, atzerriko biztanleriaren pisua ez da oso handia oraindik (%4,6), baina atzerritarrak adin-talde jakin batzuetan biltzen direnez (20-40 urte), talde horietako batzuetan, atzerriko etorkinen pisua %10 ingurukoa da.

Hizkuntzaren ikuspegia kontuan hartuz, ezin dugu ahaztu, EAEko atzerriko populazioaren ia erdia (2007an 47.000 pertsona) latinoamerikarrek osatzen dutela, eta gaztelaniaz mintzatzen direnez, gaztelaniaren egoera indartu egiten dutela.

Horra Maparen liburukia, osorik:

Erantzun

Sartu