Elgetako Sesto Gain baserriko krimena, haren lekuko eta biktima izandako Anttoni Telleriak kontatua 2003an (Anttoni 2007an hil zen). Bi dozena lagun (zazpi elgetarrak) hil zituzten odol hotzean, borroka militarrak amaituta, tropa nazional matxinoak Elgetara sartu zirenean 1937ko apirilaren 24an. Bihar da gertakari haien 72. urteurrena, eta ekitaldia izango da Elgetan 19.00etan, bertan egin nahi duten Intxorta Memorialaren proiektuaren kontestuan.
Hona bideo testigantza latza, Anttoni Telleriarena.
Lehengoan Sustatun argitaratutako bideo honetan Intxorta 1937 elkarteko Juan Ramon Garaik azaltzen du gehiago Anttoni Telleriak bizi izandakoaz.
Labur konta daiteke zer gertatu zen. Nazionalak sartu ziren egunean, gaua iritsitakoan, matxino frankista haien tropa laguntzaileak ziren Marokoko regularren multzo bat joan zen Telleria familiaren baserrira, Sesto Gainera, Anttoni alabak susmatzen zuenez Elgetako baten batzuek lagunduta.
Hamahiru urte zituen orduan Anttonik, eta lapurreta egiteaz gain, hura bortxatzera zihoazela ikusi zuten bertakoek. Gurasoak, Pedro Telleria eta Frantziska Lamarain, alabaren defentsan irten, eta hil egin zituzten. Aitari bigarren tiroa eman ziotenean buruan, bi hatzamar ere moztu zizkioten Anttoniri, eskuarekin babestu nahi izan baitzion aitari lehen tiroaren zauria. Ondoren, defentsarik gabe, bortxatu egin zuten Anttoni Telleria. Kontu hauek isilpean hainbat urtez izan ondoren, 2003an Intxorta 1937 elkartekoen kameren aurrean kontatu zuen hau Anttonik. Emakume ausart hau 2007an hil zen.
Hurrengo egunean, eredu emateagatik edo, marokoar bat fusilatu egin zuten Elgetako plazan. Alegia, nazionalen indarrek beren tropetako bat hil zuten. Mairu bat exekutatu, eta zurituta geratu zen hura. Beste hainbat hilketa gertatu ziren ordu haietan, tartean tropa espainiarrek egindakoak, baina horiek ez ziren zigortu. Antzuategi Bastarrekoa baserrian izandako beste krimen batean (bigarren bideoa albistean), hiltzaileen artean Arrasate eta Azpeitiko frankistak izan zirela uste dute lekukoek.
Intxorta 1937 elkarteak uste du hilketa hauen erantzukizuna Rafael Garcia Valiño eta Camilo Alonso Vega komandante matxinoena dela, karta zuria eman baitzieten tropei Elgetara sartu zirenean, hilabete luzez bertako frontean asko sufritu baitzuten tropa haiek Intxortako defentsen aurrean. Karta zuri hori aplikatu zuten Marokoko tropek, eta gainerakoek. Ez jeneral haiek ez beste inork ez du gerrako krimenengatik auzirik jasan Espainian.
Elgetan egun hartan hil zituzten kanpotarren inguruan datuak ez dira osoak. Emakumezko bat ere hil zutela eta bertan oraindik lurperatua dagoela uste dute Intxorta 1937 elkartekoek: milizianoen UHP batalioiaren neskalagun edo laguntzaile asturiar bat izan daitekeela uste dute.
Krimen hauek gogoratzeko ekitaldia izango da bihar ostirala, apirilak 24, Elgetan 19.00etan (izatez Sesto Gain baserrikoa 25eko goizeko ordu txikietan izan zen). Lore eskaintzak egingo dira Salbador elizaren ondoan dagoen monolitoan (herriko enpresa-gizon batek 1979an eraikia, lau elgetarren izenak daude han, tartean Anttoniren gurasoak, baina orduko datuekin ez zuten eskura herrian hildakoen errolda osoa), eta Intxortako Atea izeneko oroigarrian.
Argazkiak.org | Elgeta, gerrako oroimenezko monolitoa © cc-by-sa: sustatu
Intxortako Atearen ondoan, beste monolito bat ere badago, EAJk eraikia posizio hura defenditu zuen Pablo Beldarrain gudarien komandantearen omenez.
Urteurrenetik haruntzago, Intxorta 1937 elkarteak eta Elgetako Udalak proiektu potologoa egiteko asmoa dute. Duela bi urte, gudarien omenez, Intxortako Atea eskultura inauguratu zutenean sortu zen ideia. Elkarteak eta Udalak elkarlanean jardun dute orduz geroztik, eta badirudi egindako lanaren fruitua gertu dagoela: Gerra Zibila Euskal Herrian: Ibilbide tematikoa Intxortaren magalean da proiektuaren izenburua, eta Espainiako Gerran euskal frentearen defentsarako gune garrantzitsuenetako bat izan zena, Intxorta ingurua, berreskuratu eta ezagutzera ematea du helburu. Proiektu honen bitartez, Intxortako lubaki eta gordeleku garrantzitsuenak berreskuratuko dira.
Ibilbide osoan zehar panelak jarriko dituzte eta informazioa eta argazkiak jasoko dira horietan, tokian tokiko berezitasunen berri emateko. 4-5 kilometro inguruko ibilbidea izango da, ordubeteren bueltan egiteko modukoa, eta zati bat elbarrituentzako egokituta egongo da.
Ibilbideak aparkalekua izango du Intxortako Atea eskulturaren ondoan; eta bisitarien harrera-gune finkoa, Espaloia Kafe Antzokian. Gune horretan, maketak, panelak eta proiekzioak izango dira, besteak beste.
Eta Euskal Herrian gerran hildako eta desagertutakoen memoriala ere egin nahi dute bertan: izen guztiak jaso. Eta ahal dela, gehiago ere bai, datubasea datuekin eta argazkiekin. Izen guztiak aurpegi guztiak jarri diote izena ideia honi.
Proiektu osoaren aurrekontua ia 383.122 eurokoa da eta Udala Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta Eusko Jaurlaritzarekin dabil harremanetan, euren laguntza jasotzeko.
Goian jaso dugun bideoa Intxorta 1937 elkarteak Sustatura bidali duen DVD batetik atera dugu, baimenarekin. Bideoa Euskaltubera igo dugu eta bertan duzu txertatzeko kodea, nonbait itsatsi nahi izanez gero.
Argazki batzuk ere helarazi dizkigute, joan den igandean egindako irteera batena. Horren kronika irten zen Sustatun, eta baita gaur Berrian ere.
Hazia erein zenutenoi - Omenaldia da DVD horren izenburua, eta salgai dituzte Intxorta elkartekoek. 2004an atera zuren, elkarte honek izen hau izan aurretik zuen deiturarekin, Debagoieneko fusilatuen senitarteko eta lagunen batzordea. DVDa lortu nahi baduzue, idatzi intxorta a bildua intxorta.org helbidera eskariarekin.
Benetan gogorra Elgetan gertatutakoa, Anttonik kontatutakoa eta beste hainbat pasarte. Azken urteotan Elgetako herriko hizkera eta ahozko ondarea jasotzeko egindako grabazioetan behin baino gehiagotan jaso dira egun haietan izandakoaren inguruko lekukotasunak.
Hona hemen beste bat, Anttoniren auzokide zen Bernarda Arizmendiarrietak kontatua, Ahotsak.com webgunean jasoa. Ojanguren eta Sestogain baserriak oso hurrean daude.
Anttoni Telleriaren gurasoen argazkia ere bidali digu Intxorta 1937 elkarteak. Hauek ziren Frantziska Lamarain eta Pedro Telleria.
Argazkiak.org | Frantziska Lamarain eta Pedro Telleria © cc-by-sa: sustatu
Anttoni andre argia zen, maitakorra. Orain bi urte hil zen Elgetan. Ez zen ezkondu eta izeko Anttoni moduan ezagutzen genuen guk ere. Bideo hau ikusi genuenetik denon izekoago da, nahiz eta Elgetan izeko hitza ez den erabiltzen. Barruak eraginda utzi dizkit berriz entzun dudanean aitortza. Andre argia izateaz gain ausarta, benetan.
Eskerrik asko Sustaturi hau lau haizetara zabaltzeagatik.
Ene, 13 urteko neskato horren azalean jartzen naiz, goizaldean, aita alboan buruan bi tiro emanda eta ama burua kulatazoka apurtuta odolustutzen, eta bera auskalo zenbat gizonek bortxatua, hatzamarrak lehertuta... ze bildurra, amorrua, mina, inpotentzia... ez daukat hitzik. Nola bizi ote liteke horrekin bizitza guztian, hori guztia barruan gordeta? Berak lortu zuen, ordea... Ezkonduko ote zen, haurrik izango ote zuen, norekin eta nola bizi izan ote zen ordutik aurrera...?