Teknologia albisteak

IV. Informatika Astea Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia
Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia B.H.I.
2009-04-24 : 15:04

Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia B.H.I.-ko Informatika alorrak Informatika Astea izeneko ekitaldi multzoa antolatu zuen duela hiru urte estreinako aldiz. Ekitaldi hauen helburua informatika munduko gaiak jendearengana hurbiltzea zen, eta helburu berarekin antolatu da aurtengo edizioa ere, IV.a dagoeneko. Aurreko edizioetako formatu berarekin antolatu da aurtengoa ere, astelehenetik asteazkenera hiru hitzaldi izango dira eta ostegunean ikastetxean sareko jokoen txapelketa bat burutuko da astea borobiltzeko. Apirileko azken astean burutuko da ekitaldi multzo hau.

Aurreko urteetako esperientzia oso positiboa izan zen, jende ugari hurbildu zen Insausti Jauregira eta balorazio oso ona egin zuten, gainera jorratzeko interesgarriak liratekeen gaiak asko izanik aurtengoan beste gai batzuen inguruko hitzaldiak antolatu dira.

Asteleheneko hitzaldia “Arraytxiki Web laborategia” gaiaren inguruan eskainiko du Gorka Juliok. Internet-en euskaraz sortutako hainbat aplikazio biltzen ditu Arraytxiki web laborategiak: Euskaltube.com, Bildu.net, Zerberri.com eta Txioka.net esaterako. Proiektu honek dituen hiru atalen berezitasun eta funtzioak esplikatuko ditu bere sortzailetako batek.

Apirilak 28, astearteko jardunaldia gazteleraz izango da, “Internet sin riesgos para la infancia y la adolescencia” gaia jorratzeko, Jorge Flores Fernandez, Pantallas Amigas (Por un uso Seguro y Saludable de las Nuevas Tecnologías) ekimeneko zuzendariaren eskutik landuko da gai hau. Hitzaldi honetan Interneten dauden arriskuez eta berauek ekiditeko prebentzio neurriez hausnarketa bat egingo da. Arrisku hauen artean “cyberbulling” (teknologia berrien bidezko jazarpena) eta “grooming” (helburu sexualekin gaztetxoak zelatatzea) dira larrienetakoak eta hauen inguruko azalpenak emango ditu. Bestalde, gaztetxoak interneten informazioa jartzeko joera izanik honen erantzule eta arduradun dira legearen aurrean eta gai hau ere landuko da.

Gaiaren gaurkotasuna eta garrantzia dela eta saio hau bereziki interesgarria izango da bai nerabeak dituzten gurasoentzat eta baita irakasle eta hezitzaileentzat ere.

Asteazkeneko ihardunaldia “.eus: izena eta izana interneten” gaia jorratzeko izango da, Iratxe Esnaola Arribillaga, PuntuEus Elkarteko kide eta proiektuaren koordinatzailearen eskutik landuko da gai hau. Interneteko Euskararen eta Euskal Kulturaren Komunitatea aktiboa eta konprometitua da eta dinamismo horrek Interneteko euskarazko txokoa bizi mantentzen du. Baina Interneten, egotea baino, izatea garrantzitsuagoa da. Ildo horretan, .eus domeinuaren helburua, EEKK indartu eta zabaltzeko tresna bat gehiago sortzea da, Interneten egotetik izatera pasatzeko urratsa. .eus domeinua EEKK-ren Interneteko ikurra izango da, izanari izena emango diona. Hori da PuntuEus Elkartearen helburua: .eus domeinua lortzea.

Azken ekitaldia gazteei zuzendurikoa da, sarean konektaturiko hainbat ordenadoretan MEDAL OF HONOR joko ezagunaren txapelketa ospatuko da. 15 urtetik gorako parte hartu nahi duten guztiek egun berean 17:30etan izena eman behar dute ikastetxean bertan. Txapeldunentzako sari ederrak izango dira.

Azkoitiko Udala eta Kutxaren babesean antolatu da ekitaldi multzo hau. Eskualdeko beste hainbat erakundek ere beraien laguntza eskaini dute: Urola Institutuko Guraso Elkartea, Caja Laboral-Euskadiko Kutxa, Elkarmedia, Ukabi, Sare@, Aldanet, ETK Informatika, Ikasi, Zundan, Softekin, Sumofic.

APIRILAREN 27tik 30era AZALDU ZAITEZTE!

Erantzun

Sartu