Usurbilek hirukoiztu egin du hondakinen bilketa selektiboa atez ateko sistemari esker. San Markoseko Mankomunitateko eta Usurbilgo Udaleko arduradunen iritziz "atez atekoak ez du alternatibarik". Martxoaren 16an hasi ziren Usurbilen hondakinen atez ateko bilketa selektiboa egiten. Hilabete eskas pasa denean lehenengo emaitzen berri eman dute gaur goizean Donostian, San Markoseko Mankomunitatearen egoitzan.
Hona datuak: %28ko bilketa selektibotik %76,08ra pasa dira Usurbilen. Horrek esan nahi du hirukoiztu egin dela bilketa selektiboa. Errefusa, bestalde, zabortegira botatzen dena, %71,58tik %23,92ra jaitsi da lau asteotan. Klikatu irudietan handiago ikusteko.
Datu hauen argitara, Xabier Mikel Errekondo, Usurbilgo alkateak, galdera bota du: Zergatik kaltetu behar dugu jendearen osasuna, ingurugiroa eta herria inolako beharrik gabe? Zubietan egin nahi duten errauste-plantak gure bizi kalitate maila birrindu egiten du adierazi du borobil. Atez ateko bilketa etorkizuna dela esan du, behin eta berriz, eta errauste-plantaren alde egitea zaborraren alde eta isuri toxikoen alde egitea dela, errauste-plantak zaborra behar duelako ekonomikoki bideragarria izateko. Azken mezua usurbildarrei bidali nahi izan die: denon esfortzuarekin, ohitura aldaketa xume batekin, %76,08ko bilketa selektiboa lortu dugu. Gure erronka %80ko maila gainditzea da eta horretarako, orain arte egin duten bezalaxe jarraitzea eskatzen diet. Denon artean lortuko dugu.
Ricardo Ortegak, San markoseko Mankomunitateko lehendakariak esan du ereduzko datuak direla, eta errealitate bihurtu dutela herritar askoren nahia. Datuak eskutan, atez atekoak ez du alternatibarik, azpimarratu du, eta Gipuzkoan hondakinen kudeaketan eskumena duten erakunde ezberdinak mintzagai izan ditu, birziklatze-mailarik altuenak lorzeko bidean atez atekoa bezalakorik ez dagoelako, eta Usurbilen ez ezik, gainerako herrietan ere posible dela aldarrikatu du. Denok gaude birziklatzearen alde, ta hemen dugu aukera ezin hobea horren alde egiteko azaldu du.
Horregatik ziurtatu egin du hondakinen kudeaketan ez dagoela lekurik ez zabortegientzako ezta errauste-plantentzako ere, ez San Markoseko Mankomunitatean ezta Gipuzkoa osoan ere. usurbilgo %76,08a hizpide hartuta, eskakizun zuzena egin die Donostiako Udalari eta Gipuzkoako Aldundiari bertan behera uzteko Zubietako errauste-planta. Zergatik egin behar dugu zerbait gaizki eta jendearen osasunaren kalterako, ongi egiteko akera dagoenean? galdetu du.
Ortegak ez du aukera galdu nahi izan, eta datorren larunbatean Errausketaren Aurkako Plataformen Koordinadorak deitu duen manifestazioan parte hartzera deitu die Gipuzkoa garbi eta ekologikoaren alde dauden herritar guztiei.
Erantzun
Sartu