Donostia hobeto ezagutzeko, eta familia guztia jolas giroan euskaraz aritzeko, Donostiaz badakit joko interaktiboa jarri du Interneten Donostiako Euskararen Udal Patronatuak. Jokoak Donostiako historia, kultura, artea, kirola, natura eta jaiei buruzko hainbat kontu jakingarri hobeto ezagutzeko bidea ematen du.Guztira 1.500 galdera bildu dira. Donostiaz badakit
Interneterako prestatu den jokoa Patronatuak duela urte batzuk kaleratu zuen Donostiaz Badakit mahai jokoan oinarrituta dago. Galdera-erantzunak egokitu eta berritu ostean, sarean erabiltzeko moduan da.
Sei gai nagusi eta 1.500 galdera
Jokoak 1.500 galdera ditu. Galderak sei gai nagusitan banatzen dira eta gai bakoitzari kolore bat dagokio. Horra gaiak eta bakoitzari dagokion kolorea:
-Horia: Kultura
-Laranja:Jaiak
-Urdina: Historia
-Berdea: Artea
-Morea: Kirola
-Gorria: Natura
Jokoaren funtzionamendua oso erraza da. Hasi botoia sakatuta, jokalariak lauki zuri batean kokatuko du fitxa. Dadoa klikatuz, jolasak berak gidatuko gaitu hurrengo urratsetan barrena. Egokitzen zaigun laukitxoan klik egin eta hor agertuko zaizkigu lehenengo galderak. Galdera bakoitzak hiru erantzun proposatzen ditu aukeran.
Sei koloreak biltzea da jokoaren helburua. Seiak biltzen ditugunean amaitzen da saioa. Puntuazioa erantzun egokiak lortzeko behar izan den denboraren arabera lortzen da.
Jokoa multimedia produktuen sorkuntzaz arduratzen den Iametza Interaktiboa enpresak garatu du.
Erantzun
Sartu