Hain berria ere ez da, bada. Izan ere, 1971. urtean sortu zen Gutenberg proiektua; gurean, ostera, Web nobela atera zuen 2001.ean Koldo Izagirrek, Susa argitaletxeak dozenaka liburu sareratu ditu; eta orain gutxi, sarean eskura daitezkeen autoedizioen txanda iritsi da.
Liburua objektu eta tresna aparta izan arren, ez da horretara mugatzen literatura. Internet sarearen zabaltzearekin, are nabarmenagoa egiten ari da kulturgintzaren paradigma berria zineman, musikan eta abar, baita literaturan ere. Paradigma berri horretan, inporta duena ez da objektuaren jabetza, produktu kulturala eskura izateko aukera baizik. Liburuak ez dio erabilgarria izateari utzi, baina egun badira irakurleengana heltzeko bide zuzenagoak, azkarragoak eta merkeagoak. Akaso oraindik goizegi da esateko zein eragin izango duten irakurgailu elektronikoek, baina sarean topa daitezkeen liburuak errealitate hutsa dira, aspaldidanik.
Gezurra dirudi, baina duela 38 urte sortu zen Gutenberg Proiektua, munduko liburutegi digitalik zaharrena. Iragan otsailean, 27.000 aletik gora biltzen zituen liburutegiak, horietako gehienak testu osoak, edonork jaitsi eta erabiltzeko modukoak. Gurean, garai berrien usaina hartuta-edo, 2001. urtean Susa argitaletxeko webgunean argitaratu zuen Koldo Izagirrek "Web-nobela" deituriko lana. Bi urte geroago, liburuak osorik sareratzen hasi zen Susa, eta ehunka ale biltzen ditu egun haien liburutegi digitalak. Argitaletxetik bertatik bultzatutako beste ekimen batzuk ere badira, esate baterako Klasikoen Gordailua, non dozenaka eta dozenaka liburu topa ditzakegun, digitalizatuta eta muxu-truk.
Argi dago, beraz, argitaletxeen paradigma aldatzen hasi zela aspaldi. Hala, harekin batera aldatu da egileek liburuak argitaratzeko modua. Orain gutxiko bi kasu erabiliko ditugu, horren adibide gisa. Batetik, Xabier Amurizak 2007an aurkeztu zuen Dinosauroak horizontean liburu autoeditatua, paperean. Liburu hura, proiektu luze bateko lehen harria zen, izan ere, Amurizak bere ideia zazpi liburutan gauzatzeko asmoa azaldu zuen. Arrazoi ekonomikoak direla-eta, ordea, bigarren liburua sarean argitaratu du zuzenean: Orain ezin naiz hil. Liburuaren PDF-a jarri du osorik bere webgunean eta kontu-korronte zenbaki bat atxiki du, irakurleen "borondatea" jasotzeko.
Era berean, liburu-dendetan topa ezin daitekeen poema-liburua da Arratseko meditazioak. Iñaki Larrea zornotzarrak idatzi du, eta sarean salgai jarri, bere blogean. Momentuz liburuko azala, hitzaurrea eta bi poema irakur daitezke bertan, baita Durangaldeko Anboto aldizkarian egin zioten elkarrizketa bat ere. Akaso, liburuaren pdf-a falta du, baina eskaria eginez gero, irakurleak etxean jasoko du Arratseko meditazioak liburua.
Ikusteko dago liburuaren paradigma aldaketak ekarriko ote duen irakurzaletasun berri bat. Musikaren digitalizazio eta sareratzearekin ikusi da aldaketa bortitza gertatu dela kantak kontsumitzerako moduan. Edozein liburu, edozein unetan, edonoren esku egotea posible izango da beharbada urte batzuen buruan; banaketa bide berriek liburu-dendei nola eragingo dien ikusteko dago; eta horren guztiaren aurrean euskal kulturak nola egokitzen duen bere burua. Ea behintzat, kanta hark zioenaren kontra, "lirikarentzat garai onak" etortzen diren...
Ederra artikulua! Pozgarria da gure artean ere honelako ekimen propioak indarra hartzea. Gure blogean artikulu berri bat zintzilikatu berri dugu gai berberari buruz, edo bueno, euskal kulturak mahai gainean duen erronka berriari buruz.
Testu interesgarria. Guztiz ados nago esaten dituenekin.
Gehigarri bezala, argitaletxetatik at egindako beste autoedizio bat aipatuko nuke: Joakin Balentzia idazleak lizentzia aske batekin argitaratutako poesia liburu osoa: Egunetako aparra