Teknologia albisteak

Behatokiak esana Europako Kontseiluak eta NBEk berretsi

Erabiltzailearen aurpegia
Hizkuntz Eskubideen Behatokia
2009-04-02 : 09:04

2008ko urtean Hizkuntz Eskubideen Behatokiak egindako lana biltzen duen txostena aurkeztu du. Xabier Mendiguren, Behatokiko lehendakariak eta Kontseiluaren idazkari nagusiak azaldu duenez, “Kontseiluak Behatokia sortu zuenenean bi eginkizun nagusi jarri zaizkion, herritarren hizkuntza-eskubideen urraketak bideratzeko zerbitzua abian jartzea eta urterik urte hizkuntza-eskubideen egoera jasoko duen azterketa argitaratzea”.

Behatokiak zortzi urte beteko ditu aurki, eta bi helburuak bete dituela jada aipatu du Mendigurenek, “bai aurreikuspenak gainditu ere”. Izan ere, honez gero, 7.000 espedientetik gora bideratu ditu Behatokiak bere sorreratik, eta gaurkoa bezalako azterketa zorrotza argitaratu du zortzi aldiz.

“Hala ere, oraingo honetan Behatokiak bideratu dituen ia 7.000 espedienteez hitz egitea baino, nahiago dut azpimarratu nola berretsi duten Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren diagnosia Europako Kontseiluak eta Nazio Batuen Erakundeak”, gaineratu du Mendigurenek.

Mendigurenen ildotik hitz egin du Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok eta esaldi batean laburbildu du hau: “Hizkuntz Eskubideen Behatokiak esan eta Europako Kontseiluak zein Nazio Batuen Erakundeak berretsi”. “Azpimarra jarri nahi dugu diagnosi honetako ondorioek duten balioan. Ez bakarrik nazioarteko erakundeek berresten dutelako geure irakurketa, herritarrek pairatutako eskubide-urraketetan oinarritu delako baizik”, gaineratu du Bilbaok.

Ondorio zehatzei dagokienez, 2001 urteko txostenetik hona behin eta berriro errepikatzen direla ikusi dela azaldu du Behatokiko zuzendariak. Eta zera gaineratu du: “2007ko txostenean kezka berezia izan genuen hizkuntza-eskubideen berme progresiboak eragiten zituen urraketekin. 2008an 2007an egindako hausnarketa bera egiterik badugu, milatik gora hizkuntza-eskubide urraketa bideratu ostean. Iazko txostenean nabarmendutako tempus zehaztugabeek eragiten zuten defentsa-gabeziaren aurrean neurri eraginkorrik ez da hartu; beraz, beste urte batez, antzeko zioak zituzten kexak bideratu behar izan ditugu, eta horien konponbideari begira antzeko erantzunak jaso ditugu”.

Aipatzeko beste elementu bat, erantzunei dagokiena da. 2008 urtean Behatokiak inoizko erantzun gehien jaso ditu eskubide-urraketen berri eman duenean. “Esan behar dugu, askotan erantzunek ez gaituztela ase, eta ez dituztela neurri zehatzak erakutsi eskubide-urraketa eragin zuen zioa konpontzeko. Hala ere, uste dugu, erakundeek Behatokiari horrenbeste erantzun izana gure erakundeak hartu duen erreferentzialtasunarekin lotu behar dela” adierazi du Paul Bilbaok.

Arantza Haranburuk, Behatokiko kudeatzaileak, urteko txostenean jasotzen diren datu kuantitatiboen berri eman du. Guztira 1.278 kasu bildu ditu Behatokiak 2008an. Kasu horietatik, 1.262 herritarrek ‘Euskararren telefonoa’ (www.euskararentelefonoa.com eta 902194332) zerbitzuaren bidez helarazitakoak izan dira. Horietatik 1.172 kexak izan dira, 713 administrazio publikoari lotutakoak eta 457 eremu sozioekonomikoari lotutakoak. 51 zoriontze egin dituzte herritarrek. Behatokiaren ekimenez, berriz, 16 kasutan egin da aldez aurreko lana.

2008an egindako aldez aurreko lanaren garrantzia ere aipatu du Haranburuk. “Lurralde guztietan egin ditugu prebentzio-lanak: Erandion (Bizkaia) zabaldu beharreko QUIRÓN KLINIKAn, Iruñerriko LA MONTAÑESA bus-konpainian, Donostiako zinemaldian, Uztaritzeko trinketean etab.”

Urteko txostenean jasotako kexa guztiak kontuan harturik, Euskal Herriko lurralde guztietan urratzen direla hizkuntza-eskubideak eta administrazio guztiek urratu dituztela hizkuntza-eskubideak nabaria da:

Frantziako Estatuko Administrazioa

  • Estatu-mailako Administrazioek 1994ko 94-665 Legea (Toubon Legea) baliatzen dute sistematikoki euskaldunok eskubidez gabeturik gaudela gogorarazteko.

Espainiako Estatuko Administrazioa

  • Estatuko Administrazioak aitzakia berriak erabiltzen ditu herritarren hizkuntza-eskubideei ez erreparatzeko, besteak beste, Estatu osorako jakinarazpenak edota kanpainak direla.
  • Gaztelania jakitea derrigortasuna da eta bestelako hizkuntzak erabiltzea eskubidea; hartara, balio osoa dute gaztelania hutsean idatzitako jakinarazpenek.

Justizia:

  • Euskaraz egin nahi duten herritarrekiko bereizkeria gero eta nabariagoa da.
  • Legeak eskubideak aitortzen dituela onartu arren, horri ez erreparatzea ez dela desegokia jakinarazi dute 2008an.

Autonomia Erkidegoak / Herrizaingoa / Barne Saila

  • Ertzaintzan euskara normalizatzeko Dekretuak 10 urteko epean hasierako plantillaren %40 euskalduntzeko aurreikuspena egin bazuen ere, ez da bete.
  • Aipatu Dekretuaren epea amaituta, 2. hizkuntza eskakizuna izango duten lanpostuak zein diren zehaztu gabe jarraitzen dute.
  • Foruzainen lan-deialdiko lanpostu batean ere ez da derrigorrezkoa izan euskararen ezagutza. Osasungintza
  • Osakidetzako lan-deialdi berrian langile erdaldun elebakarrak kontratatzeko lege-zirrikitua baliatu zuten; beste behin, herritarren hizkuntza-eskubideen urraketak betikotzeko.
  • Nafarroan, Legeak ezarritako eremu euskalduneko herritarrei aitortzen dizkien eskubideak ere ez ditu bermatzen.
  • Nafarroako Funtzio Publikoaren Zuzendaritzatik emandako datuek ez dute zehazten zenbat lanpostu berri sortu diren osasun arloan, baina guztietatik bakarrean eskatu da euskara ezagutu beharra (fisioterapeuta), eta bakar batean ere ez da baloratu euskara merezimendu gisa.

Nafarroako Administrazioa

  • Behin eta berriro gogorarazi behar zaie Administrazioei legea zein eskubideak urratzen ari direla.
  • Kasuren batean Arartekoak legearen irakurketa malguagoan oinarritutako erantzun positiboagoa eman dio Behatokiari Euskarabideak baino.
  • Ingelesaren ezagutza baloratzea normalizatu nahi dute Administrazio Publikoko deialdietan. Euskararen ezagutza gero eta gutxiago baloratzen duten bitartean.

Eremu sozioekonomikoa

  • Kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunon hizkuntza-eskubideen bermean aurrerapausorik ez da izan 2008an. Halaber, azpimarratu behar da publizitatearen eremuan enpresa gehienek herritar euskaldunekiko erakusten duten utzikeria.

Txostena osorik helbide honetan

Erantzun

Sartu