Gasteiztik datoz metal astuna jotzen duten Bronze. Oliver (ahotsa), Iñaki (gitarra eta ahotsak), Otazu (gitarra eta ahotsak), Koka-Kolo (baxua) eta Ibon (bateria) dira aleazio honetako bost elementuak eta elkarrekin 2006an ibiltzen hasi ziren bidea lehen inflexio puntura iristen da larunbat honetan, martxoak 28, Gasteizko Helldorado klubean.
Orain arte 15 kontzertu eman ditugu Euskal Herriko leku desberdinetan baina Helldoradon jotzeko gogo handiak ditugu oso lokal miresgarria delako guretzat.
Gaueko 22:00etan, eta Sharon Stoner eta Sexty Sexers-en aurretik, igoko da Bronze Arabako hiriburuko kontzertu gela enblematiko honen eszenatokira eta bertan Queens of the Stone Age eta Pearl Jam bezalako taldeen kutsuak dituzten Erregina Zuria eta Mamuak kantak joko dituzte, besteak beste. Haien lehen diskoa, Bronze, kaleratzear daudelarik taldea Entzun!ekin aritu da hizketan Helldoradon eskainiko duen kontzertuak lagunen arteko ospetik Euskal Herriko kontzertu klub famatuenetara nola eramango dituen azalduz.
Noiz eta nola sortzen da Bronze?
Ibon: 2002an Otazu eta biok hasi ginen denbora pasa moduan bertsioak egiten eta bi urte eta gero, Otazuk bere ikasketak Valentzian amaitu eta Gasteiza bueltan etorri zenean lokal bat topatu eta serioago jotzen hasi ginen. Iñaki noizbehinka etortzen zen bisitan eta beranduago Koka-Kolo ere sartu zen lokalera. Orduan hasi ginen laurok musika egiten. Urtebete inguru egon ginen abeslari eta izenik gabe eta orduan agertu zen Oliver. Hor hasi ginen abestiak egiten eta hori izan zen gure hasiera Bronze moduan.
Nondik dator Bronze izena?
Oliver: Proposamen asko izan genituen izenaren inguruan eta beharbada Bronze Queens of the Stone Age-en abesti batetik ateratako zeozer zelako guztiok onartu genuen hasiera batetik. Denok dakigu zer den brontzea eta gizakiak egindako lehen aleazioa izateaz gain, espirituekin harremanetan jartzeko erabiltzen zen elementua ere bada.
Koka-Kolo: Brontze jartzea ere pentsatu genuen, euskaraz abesten dugunez zentzua zuelako nolabait; baina Brontze hori (Julian) Iantziren doinu handiegia zuela uste izan genuen...
Nola definituko zenukete jotzen duzuen musika mota?
Oliver: Hasiera batetan grunge-stoner progresiboa egiten genuela esaten genuen. Beharbada definizio hori moldatu beharko genuke rock-stonerra grunge ukituarekin izatera. Egiten duguna rock astuna da azken finean.
Euskaraz abestea erabaki bat izan al zen edo besterik gabe sortu zen zeozer?
Otazu: Bai. Erabaki genuen zeozer izan zen. Ingelesez edo Euskaraz abestu nahi genuen eta egun ingelesez abestea ere ez dugu baztertzen. Oliver: Gazteleraz abestearen kontua bostok erabaki behar dugun zeozer da, guztiok ez baikatoz ados gai honetan. Otazuk Heroes del Silencio gorroto ditu eta hori dela eta ez zaio gazteleraz abestearen ideia gehiegi gustatzen...
Zer eskaintzen du Bronzek?
Otazu: Kristoren kantak eta soinu ona.
Zer espero dezake larunbateko kontzertuko publikoak Helldoradon?
Iñaki: Kristoren kontzertua izango da. Gure lehen lana aurkeztuko dugu eta oso harro gaude azken produktuaz. Asko miresten ditugun talde birekin batera joko dugu guretzat oso esanguratsua den lokalean, Helldoradon alegia. Sorpresa ugari ere egongo dira.
Bronze diskoa Arte Gune lokaletan eta CUE estudioan grabatua izan da, Aitor Amozarrain eta Aitor Acostaren eskutik. Diseinua, berriz, Pablo Eguizabal Amador-rek egin du.
Erantzun
Sartu