Teknologia albisteak

KREAk sortzaile berrien profesionalizatzea sustatuko du, beken hirugarren edizioaren bidez

Erabiltzailearen aurpegia
KREA Adierazpen Garaikidea
2009-04-05 : 22:04

KREA Expresión Contemporánea, Vital Kutxaren Gizarte Ekintza bidez sustatutako proiektu kulturala da, eta bekak emateko hirugarren deialdia egin du. Laguntza horien bidez, aurreko bi edizioetan, hogeita sei proiektu artistikori eman zaie laguntza guztira. Izan ere, sormen garaikidea sustatzen dute, diziplina ugaritan: arte plastikoak, ikus-entzunezkoak, musika, sormen koreografikoak edota antzerkia. Oraingo honetan, gainera, eta lehenengo aldiz aukeratu diren proiektuen emaitzak jendaurrean aurkeztu ahalko dira, obrak bukatu bezain laster KREAk Betoñun irekiko dituen instalazioetan.

Guztira 90.000 euro bideratuko dira zeregin horretara, deialdi honetan gazteenen prestakuntzaren aldeko apustu sendoa egin delarik. Hori horrela, 30 urtetik beherako sortzaileei ikasketak luzatzeko aukera ematen dien atala indartu da, asko erraztu zaielarik lan munduan sartzea. Aurreko edizioan KREAk hiru prestakuntza-beka aurreikusi zituen, eta horien zenbatekoa 6.000 eurokoa zen gehienez. Oraingoan, berriz, beka-kopurua gehitu eta lau izango dira guztira.

Laguntza horiei esker, euskal gazteek prestakuntza-mailarik eta handienetarikoak lortu ahal izan dituzte diziplina artistiko desberdinetan. Kasu ugari aipa daitezke: Ander Perrino kontrabaxu jotzaileak (Gasteiz, 1986), Berlingo Hanns Eisler Musik Hochschule-n burutu zituen ikasketak; Sandra López Maturana aktoreak (Gasteiz, 1980), antzerkigintzako ikasketa kritikoetan Masterra eta antzezpenaren analisia ikasi zituen King´s College eta The Royal Academy of Dramatic Arts (RADA) delakoan; edota Carla Fernández (Bilbo, 1978), gaur egun Zine eta Ikus-entzunezkoen Kataluniako Goi Mailako Eskolan dena, Zinemako Muntaketa Masterra egiten.

Prestakuntzaz gain, beken deialdia bi modalitatetan banatzen da, “KREA Proiektuak” eta “KREA Ikerketa”. Lehenengoa, autonomia erkidegoko sortzaileei edota Vital Kutxaren jarduera-eremuan dauden udalerrietakoei zuzenduta dago (Burgos, Kantabria, Guadalajara, Errioxa, León, Madril, Nafarroa, Salamanca, Toledo, Valladolid eta Zaragoza). Atal hori handitu egin da, eta lau dira, hiruren ordez, diruz laguntzen diren proiektu artistikoak, orijinalak eta berriak, gehienez 12.000 eurorekin beka bakoitzeko.

Bestalde, “KREA Ikerketa”ren bidez gehienez 9.000 euroko zenbatekoa jartzen da, sormen eta kultura garaikidearekin zerikusia duen ikerketa-proiektuak gauzatu nahi duen sortzaile gazte bakoitzeko.

Eskaerak aurkezteko epea 2009ko apirilaren 1etik ekainaren 1a artekoa izango da. Hautaketa Batzordeak proiektu bakoitzaren kalitate, bideragarritasun eta egokitasuna baloratuko ditu, bai eta artisten ibilbidea ere. Hori guztia kontuan, urteko azken hiruhilekoan emango du jakitera azken erabakia.

Bi edizio oso oparoak

Azken bi deialdietan 375 proiektu aurkeztu ziren guztira. Horien guztien artean, KREAk hogeita sei proiektu artistikori eman die laguntza, 162.000 euroren bidez; proiektu horiek bukatuta edo garatze bidean daude gaur egun. Aipatzekoak dira, proiektuon artean, beraien kalitate oso altua dela-eta behin bukatuta ibilbide interesgarria izan dutenak.

Esaterako, Mabi Revueltak (Bilbo, 1967), bere proiektuaren zati bat Arte Garaikidearen Nazioarteko Ferian (ARCO) izan du erakusgai; Zuriñe F. Gerenabarrenak (Gasteiz, 1965) “Harribizi” izeneko diziplina anitzeko pieza estreinatu zuen ‘Luna KREA’ gau kulturalean; eta Sandra Maturanak (Gasteiz, 1980) ‘La sombra de Alicia’ izeneko pieza aurkeztu zuen Edinburgoko Antzerki Jaialdian. Horrez gain, Silvia Zayas-ek (León, 1978) 'Corte no silenciado nº3: Unforgettable' obra izan zuen erakusgai Leongo Arte Zentroan, eta Rakel Marín Ezpeletak (Gasteiz, 1976) antzerki esperimentalari buruzko bere ikerketa aurkeztu zuen Bilboko BAD Antzerki eta Dantza Jaialdian.

Bestalde, gaur egun ia bukatzear dauden proiektuak ere aipatu behar dira, hala nola, Ignacio Mozo-rena (Madril, 1982), zeinek pieza erabat orijinala garatu duen; diziplina bat baino gehiago nahasteagatik da aipagarria: bideo-sormena edota arte plastikoak. Horren aurkezpena laster batean egingo da.

Zentzu horretan, eta beka lortzen duten lanek ahalik eta hedapen handiena izateko helburuarekin, KREAk jarraipen-batzorde bat jarri du sortzaileen eskura. Batzorde horrek aholkularitza teknikoa eskaintzen die artista gazteei, kultura arloko sare desberdinekin kontaktuan jarriz.

Erantzun

Sartu