E-gunkariaren 1. zenbakia www.behebidasoakohitza.info helbidean ikusgai dago gaurtik.Edizio jarraitua, e-gunkaria eta ostiraletan argitaratuko duten papereko edizioa izango dira proiektuaren euskarri nagusiak.
Zortzigarren Hitza abian da dagoeneko, Behe Bidasoakoa. Izan ere, atzo ekin zioten lanari Irunen eta Hendaian erredakzioetan, eta gaurtik, edizio jarraitua eta e-gunkariaren 1. zenbakia irakurtzeko moduan dira jadanik. Izan ere, horiek izango dira komunikazio proiektu berriaren euskarri garrantzitsuenetakoak, ostiraletan argitaratuko duten papereko edizioarekin batera.
Irun, Hondarribia (Gipuzkoa), Hendaia, Pausu eta Biriatuko (Lapurdi) berri emango du Behe Bidasoako Hitza-k, 90.000 biztanletik gora dituen eskualdean euskararen normalizazioan eragiteko helburuarekin. Hori lortzeko, kalitateko egunkari plurala, independentea eta parte-hartzailea argitaratzea izango da lan taldearen eguneroko lana.
Koldo Nausia (Hondarribia, 1982) da zuzendaria. Azken urteotan, zehazki, Antxeta Irratian goizean goizeko albistegiak prestatzeaz eta aurkezteaz arduratu da hura, Behe Bidasoako herri informazioa lantzen duen www.bidasoamedia.info webgunea elikatzeaz gain.
Orain, webgune hori bera komunikazio proiektu berriaren arabera antolatzea, eta edizio jarraitua, e-gunkaria eta Hitza-ren papereko edizioa elkar eragileak bilakatzea izango da zuzendariaren zein kazetarien helburua.
Azken batean, hiru euskarri eta hedabide izango baititu Hitza berriak: edizio jarraitua www.bidasoamedia.info webgunean, e-gunkaria flash eta PDF euskarrietan www.behebidasoakohitza.info webgunean, eta hasiera batean 16 orrialdekoa izango den ostiraleroko papereko edizioa.
Eskatutako diru laguntza jasoz gero, berriz, papereko edizioak aurrera begira 32 orrialde izango lituzke. Papereko edizio hori izango da, zehazki, ostiralero harpidedunen postontzietara iritsiko dena, astean zehar eskualdean gertatu dena bilduz eta eguneroko kontuak eduki gehiagoarekin osatuz.
Euskal Herriko gainerako zazpi Hitza-k bezala, elkarlanean mamitu den proiektua da egunkari berria. Behe Bidasoako Hitza ere eskualdeko euskalgintzaren eta gizarte eragileen eta Euskarazko Komunikazio Taldeko (EKT) Bertako Hedabideen artean sortu da.
Kasu honetan, zehazki, Pausu Media Elkartearen, Irun Iruten euskara elkartearen, Hondarribiko Bagartian euskara elkartearen, Hendaiako euskalgintzaren, Bertako Hedabideen eta eskualdeko gizarte eragileen ordezkaritzak osatu dute enpresa argitaratzailearen administrazio kontseilua, beti ere "eskualdean euskarazko hedabideek informazioaren erreferentzialtasuna lortzeko" helburuarekin.
Azken urteotan Behe Bidasoan batik bat Antxeta Irratia eta www.bidasoamedia.info aritu dira herri informazioa euskaraz jorratuz. Eskualdeko gizarte eragile eta norbanako talde batek, ordea, euskarazko tokiko prentsaren beharra aldarrikatu zuen iaz, ekainean.
Aldarrikapen hura kontuan hartuta, eskualdean euskarazko komunikabideen eremuan lanean dabiltzan eragileek eta eskualdeko euskalgintzak konpromisoa gauzatzea erabaki zuten azaroan, eta Behe Bidasoako Hitza sortzeko laguntza kanpaina aurkeztu zuten.
Erantzun
Sartu