Gaur albiste da gotzainek helegitea aurkeztu dutela Jaurlaritzaren hezkuntza dekretu baten kontra. Horren aurrean, zera bururatzen zait esateko: Igeldoko eskolan, iazko kurtsoan pairatu behar izan genuela Gipuzkoako gotzaitegiaren inposizioa!
Gotzainek ez dakite azken mendeetan indarrez lortu duten aginte-kuota nola mantendu eta hor dabiltza, batean eta bestean, bazterrak lardasten beren pribilegioak hala nola mantentzeko.
Adibide garbia Igeldoko eskolan iaz gertatutakoa da. Igeldoko eskola, eskola txikia da eta bertan 50 haur inguru daude eskolaratuta. Erlijioa lau haur besterik eskatu ez zutenez, eskaera luzatu zuten gurasoei, antolaketa aldetik eskolan arazo bat sortzen zela aipatu zitzaien (gogoratu behar da erlijioa ematen duten bitartean, beste haurrek ezin dutela curricularra den materiarik eman, eta beste haur guztien eskubideak ere kontuan hartu behar direla) eta irtenbide bezala, erlijioa eskolaz kanpoko ekintza bezala planteatzea adostu zen.
Horretarako, herriko apaizarekin hitz egin zen eta, honen bedeinkazioekin eta inplikatutako gurasoen oniritziarekin, lau haur horiek, eskolaz kanpoko orduetan kristau ikasbidea ematen hasi ziren.
Eta arazorik ez zegoen lekuan, gotzaitegikoak agertu eta, ordu hori legez eskolako ordutegian eman behar zela inposatuz, denen arteko akordioa hankaz gora jarri zuten! Era horretan, Aste Santuko oporren ostean, kurtsoa bukatzeko bi hilabete eskas falta zirenean, eskolak gela ezberdinetako ordutegiak aldatu behar izan zituen gotzaitegiak bidalitako irakasleak bere ordua izan zezan.
Aurten egoera errepikatu denez, gurasoen asanbladan, erlijioa aukeratu duten gurasoei errespetu osoa agertu ondoren, denen eskubideak bermatzeko helburuarekin erlijioa ikasgeletatik kanpo ateratzeko proposamea egin zaie eta, guraso horiek asanbladaren proposamena onartu dutenez, datorren kurtsorako Igeldoko eskolan ez da erlijioa emango horretarako eskaerarik egongo ez delako.
Gaurko prentsan EHIGEko lehendakaria den Ana Eizagirrek dioen moduan, Igeldoko eskola publikoko guraso gehienek ere, erlijioa arlo pribatukoa dela pentsatzen dugula esan behar dut.
Erantzun
Sartu