Teknologia albisteak

Frankismoko sinboloak kentzeko mozioa onartu dute Berrizen

Erabiltzailearen aurpegia
ANBOTO astekaria
2009-03-15 : 13:03

Berrizko Udalak, aho batez, herriko sinbologia frankista guztia kentzea aurreikusten duen mozioa onartu zuen eguazten arratsaldean egindako udalbatzarrean. www.anboto.org webgunean argitaratu da albistea.

Karmen Amezua, Aitor Zumelaga eta Gorka Camara zinegotziek aurkeztu zuten mozio hori, eta EAJ zein EA alderdien aldeko botoa jaso zuen. PSE-EEko zinegotzia, berriz, ez zen udalbatzarrean izan.

Mozioak, batetik, sinbologia frankista guztiak lehenbailehen kentzeko premia azaltzen du. Horrez gainera, kultur, kirol eta izaera politikoa duten herriko taldeei zein herritarrei sinbolo horiek non dauden Udalari jakinarazteko gonbita luzatzen diete, ahalik eta zerrenda zehatzena osatu dezaten. Amaitzeko, neurriok berriztarrei jakinarazteko konpromisoa hartu dute.

Karmen Amezua zinegotziak azpimarratu zuenez, “aspaldian eginda egon beharko litzatekeena da”. Javier Azpitarte alkateak ildo berean berba egin zuen: “Denbora joan denez, ematen du sasoi hura gaindituta dagoela, baina horrelako sinbologiak oraindik badaude eta kendu egin behar dira”. Puri Perez EAko zinegotziaren ustez, “sinbolo anakronikoak dira, gogoratu nahi ez dugun sasoiari erreferentzia egiten diotenak”.

Etxebizitzetako plakak

Mozioa frankismoari errefentzia egiten dien sinbolo guztiei dagokio. Oraingoz, herriko hainbat etxebizitzatako atarietan dauden plakak dira identifikatuta dauden ildo horretako sinbologia bakarrak. Sasoiko Etxebizitza Ministerioak jarritakoak dira; elkar guratzatzen diren goranzko bost gezik osatutako ikur falangista dutenak, hain zuzen ere.

Lehenengo, Udalak identifikatuta dituen plakekin zein herritarrek jakinarazitakoekin zerrenda osatuko dute. Horregaitik adierazi dute prozesu horretan herritarren parte-hartzea garrantzitsua dela: “Izan daiteke, adibidez, ur biltegiren batean plakaren bat egotea eta armarriren batean erreferentziaren bat”.

Ondoren, etxebizitzen kasuan, jabetza pribatukoak direnez, tokian tokiko komunitateari jakinaraziko diete asmoa; haren onespena jasota hasiko dira plakak kentzen.

Erantzun

Sartu