Teknologia albisteak

Euskararen ezagutza legez zigortu nahi du Nafarroako Gobernuak

Erabiltzailearen aurpegia
Kontseilua - Komunikazioa
2009-03-07 : 09:03

Hizkuntz Eskubideen Behatokiak prentsaurrekoa egin zuen atzo Iruñean, joan den urtarrilaren 19an Nafarroako Justizia Auzitegian Aurrekontuen Foru Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriaren aurka tarteratu zuen helegitea tramitera onartu izana aztertzeko. Albistea Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluaren webgune berrituan dago irakurgai.

Behatokiko zuzendari Paul Bilbaok oroitarazi duenez, “helegitea urtarrilaren 19an sartu bazen ere, otsailaren 2ra arte ez zuten itzultzera igorri, eta martxoaren 4ra arte ez dute tramitera onartu. Prozedura juridikoetan euskara erabiltzearen alboko kalte-ondorioa beste behin”.

Bilbaok gogora ekarri duenez, Aurrekontuen Foru Legearen Bigarren Xedapen Gehigarriak honako hau jaso zuen: “Hautapen probak gainditu eta Nafarroako Administrazio Publikoetako edozeinetan, euskaraz edo Europar Batasuneko edozein hizkuntza jakin beharra duten lanpostuetan sartzen direnek, aurrerago, beren administrazio publikoan hutsik dauden eta hizkuntza hori jakitea nahitaezkoa duten lanpostuak betetzeko deialdian baizik ez dute parte hartu ahal izanen”.

Behatokiak 2003. urtean Osasunbideako lan-deialdietan jasotako antzeko artikulua errekurritu zuen, eta Nafarroako Justizia Auzitegiak arrazoia eman zion. Izan ere, epaiak jaso zuenaren arabera, hizkuntza bat ezagutzea “plus” bat da, eta ezagutza horrek beste kategoria eta maila bereko lanpostuetan parte hartzeko aukera murriztea langile horiek zigortzea zela ebatzi zuen. Are gehiago, epai horien ondorioz 29/2003 Foru Dekretuaren 18.3. artikulua ere bertan behera geratu baitzen.

Behatokiaren arabera, “bereizkeria-arrazoiez gain, horrelako aldaketa bat Lege baten bidez egin behar zela ebatzi zuten epaileek. Halaxe egin du Nafarroako Gobernuak UPN, PSN eta CDNko parlamentarioen babesarekin. Alegia, Aurrekontuen Legea baliatu du bereizkeria hori legezko bihurtzeko”

“Ohituta gaude Nafarroan eskubide-murrizketak legeen bidez arautzen direla ikustera. Hala ere, oraingoan Gobernuak eta parlamentariek langileen oinarrizko eskubideei ere muzin egin diete”, salatu du Behatokiko zuzendariak. Gaineratu duenez, “Parlamentuak bost eguneko epea du helegitearen inguruko txostena sartzeko eta, tamalez, badakigu justiziaren aurrean herritar xumea erabat babesgabe dagoela. Hortaz, ez dugu epaitegiaren aldetik erantzun positiborik espero. Dena den, Gobernuak eta horren alde bozkatu zuten parlamentariek jakin behar dute euskararen ezagutza zigortzeko legea jarri dutela indarrean”.

Paul Bilbao Euskarabideari zuzendu zaio, egoera honen aurrean “ezer egin behar ez ote duen” galdetzeko. “Hau al da Euroituna betetzeko bidea?”, galdetu dio Euskararen Nafar Institutuari.

Lan eskaintza publikoa

Behatokiak gaurko prentsaurrekoa baliatu du, halaber, Nafarroako Gobernuak iragarri duen lan eskaintza publikoaren inguruko balorazioa agertzeko. Jasotako datuen arabera 1.189 lanpostu berri eskainiko dira.

Bilbaok azaldu duenez, “oraingoan, ingelesaren ezagutza merezimendu gisa baloratuko da hainbat lanpostutan. A eta B mailako lanpostuetan ingelesaren ezagutzak %10eko puntuazioa har dezake”. Behatokiak “oso bitxi”tzat jo ditu Javier Caballero kontseilariak esandakoak: “No restará puntos el no saber inglés, pero dominarlo puede llegar a ser decisivo para cubrir una plaza”. Behatokiaren aburuz, beste zerbait erantsi beharko luke kontseilariak: “Euskararen ezagutza egiaztatzeak eskubideak murriztu ditu”.

“Euskarabideak 2008ko irailean Dekretu-zirriborroa aurkeztu zuen euskara merezimendu gisa balora zedin eremu mistorako lanpostuetan. Euskararen Nafar Kontseiluak onartu egin zuen zirriborroa, baina Dekretua ez dago oraindik indarrean. Beste iruzur bat egingo al dute Dekretua deialdien ostean argitaratuta? Orduan esan genuen Dekretu horrek gutxienekoak ere ez zituela errespetatzen, eta hala ere, oraindik ez dago indarrean”, salatu du Behatokiak.

Arrazoi horiengatik, galdera zuzena egin dio Behatokiak Euskarabideari: “Ez al du ezer esan behar horren aurrean? Ez al da bereizkeria Nafarroan berezkoa eta ofiziala ez den hizkuntza baten ezagutza merezimendutzat hartzea?”.

Erantzun

Sartu