Sustatu logoa Teknologia albisteak

Arabako 25. eserlekuaren matematika zehatza

Sustatu
2009-03-06 09:03

Eusko Legebiltzarraren osaketa ofiziala atzerriko botoen zenbaketaren zain dago. Arabako 25. eserlekua dago koloka, eta estu-estu egongo da. D'Hondt legearen argitan, kalkuluak egin ditugu. Eguneraketa, ostirala: Gaur 8.00etan hastekoa zen zenbaketa hau, albiste honen arabera.


Argazkiak.org | Araba: D'Hondt banaketa probisionala © cc-by-sa: sustatu

D'Hondt legearen arabera, alderdi bakoitzaren boto kopurua zatitu egiten da N bider, N eserleku badaude jokoan. Kozienteak ordenatzen dira gero, eta N eserlekuak banatzen dira, koziente handienetik N-garrenera arte. Datuak sartuz gero gure hauteskunde kalkulagailuan, kozienteen taula horiek ere ateratzen dizkizu. Eusko Legebiltzarrerako barrutiak hiru probintziak dira, eta 25 eserleku banatzen dira bakoitzean. Hor goian itsatsi dugu da Arabako behin-behineko emaitzekin sortzen den kozienteen taula.

Koska EAren boto-kopuru totalaren eta PSE-EEren 9. kozientearen artean dago. PSE-EEk zortzi boto gehiago izango balitu taula horretan, 47.403 balira, 9. kozientea handiagoa luke (ehuneko batzuengatik), eta irabazi egingo lioke eserlekua EAri.

Baina kontua ez da atzerriko botoen kontaketan EAk baino 8 boto gehiago lortzea. 8 boto gehiago behar luke PSE-EEk, soilik EAk atzerrian bat bera ere lortuko ez balu. EAk gehitutako boto bakar bakoitzeko, PSE-EEk 8 eta 9 boto arteko faktore batean biderkatu behar du bere boto kopurua, EAren botoak lehiatzen direlako ez PSE-EEren boto guztiekin, baizik eta PSE-EEren botoen 9. kozientearekin.

Adibidez, EAk atzerrian 20 boto lortuko balitu, PSE-EEk 188 boto izan behar lituzke. 187 botorekin, EAk izango luke eserlekua oraindik. Biderketa faktorea ez da 8 zehazki, hortik gora dago, 8 eta 9 artean dago. ZUZENKETA: Azpik erantzunetan eman digu matematika benetan zehatza, 9ko faktorea, + 8 boto. Ikus beherago erantzunetan.

Zenbat boto etorriko da atzerritik

Hortaz, hortxe dago kalkulua. Eta ikusteko dagoena da, ea zenbat boto jasoko dituzten EAk eta PSE-EEk atzerritik datozen horietan. Aurreko hauteskundeetatik datu batzuk badaude, baina ez dira oso argigarriak kasu honetarako.

Hautes-barrutia probintzia bera deneko hauteskundeetan, Espainiako Kongresurako zein Eusko Legebiltzarrerako, Eusko Jaurlaritzak CERA esaten dion distritu batean zenbatzen dira atzerrikoen botoak. Eskura ditugun azken hauteskundeetara begira, hauexek dira emaitzak:

Espainiako 2008ko hauteskundeak


Argazkiak.org | Araba: atzerrikoen botoak 2008 © cc-by-sa: sustatu

PSE-EEk 300 boto lortu zituen atzerrian, eta EAk 19. Kopuru horiek errepikatuko balira, bai, PSE-EEk kenduko zion lekua EAri. Baina hauteskunde orokorretan asko hazi zen PSE-EE iaz. Jose Luis Rodriguez Zapateroren bigarren agintaldia zegoen jokoan... Boto kopuru absolutuan jaitsi egin dira Patxi Lopezen emaitzetara.

Eusko Legebiltzarra 2005


Argazkiak.org | Araba: atzerriko botoak 2005 © cc-by-sa: sustatu

Orduko grafikoa ere badugu, baina kasu honetan ez dago EAren daturik, EAJ-EA koalizioan aurkeztu zirelako. Baina EAren botoak koalizio hartako %10 izan balira, eta kopuru horiek gehitu beharko bagenitu aurten, EAk eutsi egingo lioke eserlekuari.

Foru hauteskundeetan, Batzar Nagusietarako beste barruti batzuk daude, eta ez dakigu atzerrikoen botoak nola bideratzen diren zehazki. Datuak hor nonbait egongo dira baina... inork arakatzen baditu eta 2007ko foru hauteskundeetan, Batzar Nagusietarako atzerritik PSE-EEri edo EAri zenbatek eman zioten botoa argitzen badigu, eskertuko diogu.

Bestalde, atzerriko botoen gorabeherak ez lioke, Arabaren kasuan bederen, eragingo D3Mren botoak kontuan hartuta egin den proiekzioari. D3M zenbatuz gero, kozienteen taula desberdin geratuko litzateke, eta boto alde handiegiak gertatu beharko lirateke atzerriko botoen artean.

Leturiondo edo Larreina, UPyD bai ala ez

Beraz, oraingoz eserlekua Rafa Larreina EAko legebiltzarkidearena da. El Pais-ek eta Espainiako beste medio batzuek diote "sorpresa handia" izango dela PSE-EEk eserleku hori ez irabaztea, baina kalkulu hauen argitan, estu-estu egongo da. PSE-EEk irabazten badu, Ezozi Leturiondo izango da legebiltzarkidea, Mario Onaindia zenaren alarguna.

PSE-EE gailenduz gero, EA eserleku bakarrarekin geratzeaz gainera, Patxi Lopezen lehendakari izateko aukerak aldatzen dira. Gehiengo osoaren marrara (38) iristeko PSE-EE (24), PP (13) eta UPyD (1) batu behar dira orain. Arabako 25. eserlekua lortzen badute, nahikoa dira PSE-EE eta PP, eta errazagoa egiten zaio lana Patxi Lopezi, Rosa Diezen partidua kontuan hartu behar ez duenez.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu