Teknologia albisteak

Geocaching: altxorraren bila

Erabiltzailearen aurpegia
Gari Araolaza (Eibar.ORG Elkartea)
2009-02-27 : 10:02

Ibili zara inoiz altxor bila jolasean? Asteburuan egiteko plan bat proposatzen dizut, haurrekin edo besterik gabe ibilaldi bat egiteko aitzaki polita.

Jatorrian Teknosexua blogean publikatuta.

Urtarrilaren 31an aurkitu genuen lehenengo aldiz Geocache bat, Zumaian izan zen. Izugarrizko ilusioa egin zigun artapalo erabiltzaileak ezkutatutako altxorra aurkitzeak. Niri ilusio handia egin zidan, eta zer esanik ez 6 eta 3 urteko haurrei. Baina hara iritsi aurretik herrian ibilaldi txiki bat egin behar izan genuen, altxorra aurkitzeko beharrezko pausoak emanez.

Lehenago, gabonak aldera, Arraten zegoen geocache baten bila ibili ginen, baina ez genuen aurkitu, agian norbaitek handik kendu zuen edo guk ez genuen aurkitzen jakin. Auskalo.

Zer da Geocaching-a?

Denborapasa bat, joko bat. Norbaitek toki batean altxor txiki bat ezkutatzen du. Gero tokiaren koordenatuak publikatzen ditu Interneten eta beste erabiltzaile batzuk hura aurkitzen saiatzen dira.

Zer da altxor hori?

Normalean tupperware motako ontzi bat, busti ez dadin ondo itxita. Han barruan papera eta arkatza egoten da, eta altxorra aurkitzen dutenek beraien izena, eguna eta komentarioren bat idazten dute.

Batzutan jostailu edo detaile txiki bat egoten da. Hartu daiteke, baina beti ere hurrengoarentzat beste zerbait utziz. Gero, berriz ere altxorra ondo ezkutatu eta prest dago hurrengo datorrenarentzat.

Kontuz ibili behar da jokoan parte hartzen ez duen inork ez dezan altxorra nabaritu, askotan altxorra lapurtu edo tokitik kendu dezaketelako.

Gero etxean, Geocaching webgunean utzi abisua, tokian egon eta aurkitu duzula eta abar. Altxorra gorde duenak gustora irakurriko du ziurrenez.

Nork jokatu dezake? Doan da?

Edonork jokatu dezake joku honetan, bai altxorrak ezkutatzen eta baita aurkitzen ere. Horretarako nahikoa da Geocaching webgunean doan izena eman eta hango pausoak jarraitzea.

Behar den gauza bakarra GPS bat da. Denbora librea eta ondo pasatzeko gogoa edukitzea ere komenigarria da. Haurrentzat ere oso plan ona da. Gure Andonik (6 urte) badaki GPS-aren norabideei jarraitzen, eta oso ondo pasatzen du altxor bila, berak esaten digu "handik!" eta gu atzetik joaten gara.


Geocache bat. (Argazkia: CC-BY-NC Lollyknit)

Beste helburu batzuetarako aitzakia

Benetan uste dut beste gauza batzuetarako aitzaki ona dela Geocaching-a. Adibidez:

  • Toki berriak ezagutzeko.
  • Turismoa erakartzeko. Ikaragarria zenbat jende pasatu den Zumaiako geocachetik. Papera ere agortu da!
  • Haurrek ibilaldiak egin ditzaten aitzaki moduan. Altxor bila ez dira oinez nekatzen.
  • Mendian orientatzen ikasteko.
  • Aspaldiko lagun horiekin elkartzeko.

Informazio gehiago Geocaching.com webgunean.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago