Teknologia albisteak

II Euskal Soziolinguistika Jardunaldia otsailaren 20an

Erabiltzailearen aurpegia
Soziolinguistika Klusterra - Soziolinguistika Klusterra
2009-02-18 : 08:02

Soziolinguistika Klusterrak antolatuta datorren otsailaren 20an burutuko da II. Euskal Soziolinguistika Jardunaldia Donostiako Miramon Zientziaren Kutxagunean. Jardunaldia hausnarketa teorikoan eta maila aplikatuan euskalgintzan ari direnei zuzentzen zaie, eta, beraz, ikerlarien, unibertsitateko irakasleen, eta ikastetxeetan, lan munduan eta administrazioan euskararen normalkuntzan ari direnen topagune izan nahi du. Horretarako, hitzaldi eta tailerrak izango dira eskura dauden datuak partekatzeko eta horien inguruan hausnartu eta eztabaidatzeko.

Landuko diren gaiak bi dira nagusiki. Alde batetik Euskararen erabilera ezagutzen izenburupean, euskararen ezagutza eta esparru desberdinetako erabileraren inguruko eztabaida eta tailerrak izango dira.

Esate baterako honako galderak egingo dira: 2006ko datuetan oinarritutako IV Inkesta Soziolinguistikoak eta urte berean egindako Euskal Herriko Kale Neurketak emandako Datuek, zer diote? Zein da argazkia? Eta lan esparruan euskara planak egin bai, eta zer gehiago? nola eragin lantokiko erabileran lidergoaren bidez? Eta eskola eremuan, zenbat euskara egiten da jolaslekuan? Zeren arabera?

Beste aldetik Euskararen erabilera Informazio eta Komunikazio Teknologietan: ziberespazioko aukerak izenburupean, gaur gaurkoz, eta batez ere etorkizun hurbileko komunikazio-moduen aldaketen aurrean prestatu beharraz, azterketa eta prospekzioa egingo da. Komunikazio gizartean, teknologia berrien erabilerak ba ote egiazki eragin zuzenik hizkuntza-berritzean, belaunaldien arteko konexioan, sare berrietan? Kataluniako esperientzia arrakastatsua, baita euskararentzat ere?

Jardunaldian parte hartuko duten hizlarien artean daude Erramun Osa (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza - Eusko Jaurlaritza), Itziar Elorza (Euskal Herriko Ikastolen Konfederazioa), Fermin Lazkano (ikerlaria), Nekane Goikoetxea (euskara teknikaria eta ERALAN proiektuaren zuzendaria), Iñaki Martinez de Luna (UPV-EHUko irakasle eta ARRUE proiektuaren zuzendaria), Vicent Partal (Kazetaria, Vilaweb gunearen sortzaile eta zuzendaria), Iratxe Esnaola (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta PuntuEus elkartearen sustatzailea) eta Gorka Julio (Informatikari Ingeniari Teknikoa). (Ikus EGITARAUA)


Izen-emate eta argibide gehiago: Soziolinguistika Klusterra

Erantzun

Sartu