Teknologia albisteak

Argi gorriak Nafarroako euskarazko hedabideetatik

Erabiltzailearen aurpegia
Paula Casares - Gipuzkoaeuskara.net
2009-02-23 : 09:02

Gauza jakina da hizkuntza gutxituen alorrean hedabideek duten garrantzia hizkuntza komunitate horien gizarte bizitza trinkotzeko, hizkuntza horiek tokiko errealitatearekin lotzeko eta haien eguneroko baliagarritasuna eta erabilgarritasuna handitzeko. Hori horrela, kezkagarria da oso Nafarroan euskarazko hedabideek bizi duten egoera larria Nafarroako Gobernuak haietarako diru laguntzak ia desagerrarazi ondoren.

Nafarroan, 1980ko hamarkadatik nagusiki, euskaraz jarduten duten hedabide asko sortu dira. Ezagunenak baino ez aipatzearren: Euskalerria, Xorroxin, Karrape, Beleixe, Esan Erran eta Aralar irratiak; Ttipi-ttapa aldizkaria eta telebista, Xaloa telebista eta Mailope, Pulunpe eta Guaixe aldizkariak, besteak beste.

Nafarroan euskaraz ari diren aldizkari, irrati eta telebistek funtsezko zerbitzua ematen dute tokiko errealitateen gaineko berriak zabaltzen eta informazio zerbitzua euskaraz ematen, horren behar handia izaten duten nekazal eremuetako herritarrei batez ere. Horregatik da hain larria hedabide horiek diru publikoaren sostengurik gabe utzi izana. Hain larria non batzuek euren zerbitzua murriztu, edo Ttipi-ttapa telebistaren kasuan bezala, emanaldia eten beharko baitute. Otsailaren 1etik aurrera Ttipi-ttapa telebistak bere emisioa eten egingo du diru arazoak direla-eta. Baina, aipatutakoa gutxi balitz, dirua ez da Nafarroako Mendialdetik euskara hutsez emititzen duten Ttipi-ttapa eta Xaloa telebisten arazo bakarra. Tokiko Telebista Digitalerako Plan Tekniko Nazionalak bost barruti ezarri ditu Nafarroan, bostak Mendialdetik -hau da, legez eremu euskaldun deitutakotik- kanpo, eta horrek dakar euskarazko telebista horiek lizentziarik eta diru publikorik gabe geratzea. Horretaz gain, Nafarroako Gobernuak telebista kate berriak sortzeko proiektuak aurkeztu nahi dituztenentzako baldintza orrian programazioa gaztelaniaz izanen dela ezarri zuen.

Lizentzia arazo bera du, duela hogei urte baino gehiago, Iruñerrirako emititzen duen Euskalerria Irratiak.

Nafarroako euskarazko hedabideek sostengu publikoa behar dute. Hala ezarrita dago Euskarari buruzko Foru Legean eta hala ohartarazi eta gomendatu du Europako Kontseiluko Adituen Batzordeak Nafarroan Erregioetako edo Gutxiengo Hizkuntzen Europako Kartaren betetze-maila baloratzeko egindako bi txostenetan.

Argi gorriak, bada, Nafarroako euskarazko hedabideetatik. Eta geure aldetik, hizkuntza ttipietako hiztunok hedabideek duten garrantziaren jabe izan behar dugu, komunikazioa baita, hain zuzen ere, komunitate egiten gaituena.

Paula Kasares
Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakaslea.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusia webgunean argitaratua, eta handik hona ekarria lizentzia honi esker.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago