AnHitz, euskaraz hitz egiten duen zientzia-aditu birtuala
Avatar hau izen bereko ikerketa-proiektuan garatutako prototipoa da, eta Vicomtech-IK4 eta TECNALIA-Infotech zentro teknologikoak, Elhuyar Fundazioak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Ixa eta Aholab taldeek osatzen duten partzuergoak bultzatu dute, 2006-2008 epean, Eusko Jaurlaritzako Industria eta Kultura sailen laguntzari esker.
AnHitz, beraz, zenbait teknologiaren emaitza dugu: avatarraren itxuraz Vicomtech-IK4 ikerketa-zentroa arduratu da, pertsonaia birtualak sortzeko duen teknologiaz baliatuta; UPV/EHUko Aholab taldeak eta Aholab eta TECNALIA-IK4ko Infotech unitateak ahotsa jarri diote pertsonaiari, eta, horri esker, AnHitz gai da euskalkiak eta hitzak ahoskatzeko eta hainbat aldaera ezagutzeko; UPV/EHUko IXA taldea , bestalde, dokumentuak euskarara automatikoki itzultzen trebatzeaz arduratu da, eta Elhuyar Fundazioko lantaldeari esker, azkenik, gai da AnHitz dokumentu eleaniztunak bilatzeko.
Anhitz proiektuari esker, zazpi baliabide, hamahiru tresna eta zazpi aplikazio garatu edo hobetu dira euskararen alorrean. Bestalde, proiektu honek euskararen eremuko zenbait erreminta aplikazio bakar batean bildu ditu, lehenbizikoz: Question Answering (galderak erantzutea), Cross Lingual Information Retrieval (informazio-bilaketa eleaniztuna), Machine Translation (itzulpen automatikoa), Speech Synthesis (ahotsaren sintesia), Automatic Speech Recognition (ahotsaren ezagutza automatikoa) eta Visual Interface (ikus-interfazeak). Etorkizunera begira, aplikazio hau aurrerapen handia dela azpimarratu dute partzuergoko arduradunek.
Helbide hauetan, Anhitz proiektuari buruzko informazio gehiago duzue:
- Anhitz proiektuaren web gunea
- Teknopolis telebista-saioan emititutako erreportajea
- Zientzia.net web gunean
- Basque Research web gunean
Erantzunak kargatzen...