Teknologia albisteak

Mara Mara Taldea, ikerketa eta teknologia berriak jorratuko dituen hizkuntza zerbitzu berria

Erabiltzailearen aurpegia
Miriam Tagle - Haatik (Prentsa bulegoa)
2009-01-13 : 12:01

Urtea hasi berritan, Mara Mara Taldea (www.maramara.net) hizkuntza zerbitzu berria sortu da. Ohiko hizkuntza zerbitzuak (itzulpenak, zuzenketak, interpretazioa, transkripzioa) kalitatez eskaintzeaz gain, ikerketaren eta teknologia berrien aldeko apustua egingo du.

Izan ere, egiteko asko dago oraindik hizkuntza zerbitzuaren munduko lan-tresnak euskaraz ere egon daitezen. Tresna horiei buruzko ikerketa, hizkuntza bera ikergai izatea eta landutako arlo horiek ezagutzera ematea dira gure erronkak, bezeroei kalitatezko zerbitzua ematearekin batera.

Hizkuntza Zerbitzuak eta kalitatea

ISO 9001 Kalitatearen Ziurtagiria eta UNE 15038 Araua oinarri hartuta, hainbat alorretako profesionalen esperientzia bildu du elkarlanerako proposamen berritzaile honetan: hizkuntzalariak, itzultzaileak, ingeniariak, web adituak, diseinatzaileak, kazetariak…

Ritxi Lizartzak kudeatzen duen proiektu honek enpresen arteko kolaborazioa sustatzea du helburu, eta, horretarako, kolaborazio hitzarmen estrategikoak sinatuko ditu 2009an Euskal Herriko eta Europako hainbat enpresarekin. Lankidetza hitzarmenok garatzen goazen neurrian emango dugu bakoitzaren berri. Lehendabizikoa abiatu da eta AutomaticTrans enpresa du lankide, itzultzaile automatikoa jorratzeko.

Helburua, ohiko hizkuntza zerbitzuari I+G+B bidezko balio erantsia ematea da. Hona hemen jorratuko diren esparruak:

- memoria programen hobekuntzarako prozedurak jorratzea.
- itzulpen zerbitzua tresna automatikoen bidez ematea.
- bezeroari informazio gestorearen zerbitzua eskaintzea, informazio hori sortu, itzuli eta dagokion euskarrian argitaratu ahal izateko.
- informazioa modu automatikoan hainbat hizkuntzatara emana argitaratu ahal izatea.
- hizkuntza gutxituen arteko itzultzaile automatiko kontzeptuala jorratzea.

Ikastaroak

Gainera, goi mailako ikastaroak ere antolatuko ditu Mara Mara Taldeak, ikergai dituen hizkuntza arloei buruzko eskolak ematea baita bertan bildutako profesionalek hizkuntza zerbitzuak eskaintzearekin batera uztartu duten zeregina.

Deialdiak egiten direnean, ohiko bideak erabiliko ditugu interesatuei halakoez informazioa emateko.

- Gai orokorrak: memoria programak (Transit, Trados), itzulpen programa bereziak (SDLx, LocStudio…) ortotipografia, erregistroak, zuzenketa…

- Gai bereziak: ikus-entzunezkoen eta dramatikoen itzulpengintza eta zuzenketa, euskarazko gidoigintza, bikoizketarako itzuli eta egokitzea, web-aren itzulpen hizkera, itzultzaile automatikoaren lanaren aurreko zuzenketa eta abar.

Bestalde, Mara Mara Taldeak berak sortutako liburuak (abiapuntu moduan, hizkuntza ikerketaren alorreko liburu didaktikoak) eta egiten dituen itzulpenak ere argitaratuko ditu.

Donostian sortu den proiektu hau irekia da, eta bertan kolaboratu nahi duten enpresek edo profesionalek zein ikastaroetan parte hartu nahi duten ikasleek beheko esteketara jo dezakete.

Esteka:
www.maramara.net
info@maramara.net

Informazio gehiago:
Haatik (Prentsa bulegoa)
Miriam Tagle
652703039
miriam@haatik.com


Erantzun

Sartu