AHTk eragingo dituen kalte ugarien artean, gure kultur ondarea ere arriskuan dago. Durangaldean ehunka urte dituzten hainbat baserri bota nahi dituzte eta orain arte inor ez da arduratu kultur ondare hori zaintzeaz. Artikuluan baserri horretako bat nabarmentzen da, Abadi�oko Mendilibar Erdikoa, gaur egun egoerarik latzena bertan bizi baitute.
AHT: kultur ondarearen aurkako erasoa
Abiadura Handiko Trena Euskal Herrian inoiz egin den azpiegiturarik txikitzaileena, garestiena eta kaltegarriena da. Urteak daramatzagu, oztopoak gaindituz, munstro horren aurkako arrazoiak gizartean zabaltzen hainbat ikuspuntutatik: ekonomia, gizartea, ingurumena� Horiek dira beharbada orain arte agerien jarri ditugun arrazoiak, baina gutxitan aipatzen den beste batekin egin dugu topo Durangaldean azkenaldian: kultur ondarea.
AHT, dauzkan ezaugarriak izanda, ez da ingurune fisikora egokitzen den azpiegitura; aitzitik, ingurune fisikoa egokitu behar da bere ezaugarrietara: parean mendi bat suertatzen bada, zulatu eta aurrera; lurra oso behean geratzen bada, biaduktua eraiki eta kito� Eta, noski, mendia traba ez bada, are gutxiago izango dira baserriak eta baserritarren bizimoduak, ezta?
Zalantza gutxi utzi digute gure agintariek, euren enpresen poltsikoak beteko dituen negozioa egiteko dauzkaten mugen inguruan. Argi dugu dirua usaintzen dutenean ez dutela ezer errespetatzen, eta beste behin ere berretsi digute normalean izan ohi duten jarrera. Euskal Herri osoan hainbat baserri bota gura dituzte AHT eraikitzeko, eta Durangaldean, zehazki, hamar bat: batzuk zuzenean proiektuan hala agertzen delako, eta beste batzuk zeharka, jabeei beste aukerarik utziko ez dietelako. Guztiak ehunka urtekoak.
Horietatik, Abadi�oko Mendilibar Erdikoak dauzka oraintxe bertan lanak gertuen (metro gutxira). Baserri horretan familia berbera bizi izan da belaunaldiz belaunaldi XIX. mendearen amaieratik gutxienez, eta orain, betiko etxetik bota behar dute han bizi den bikote adinduna. Pertsona horiei zor diegun errespetua dela eta ez dugu berbarik egingo azken urteotan jasaten ari diren egoeraz, baina pentsatzekoa da ez dela batere gozoa, ondo baitakigu, gainera, zelako informazio eskasa eman dieten orain arte modu ofizialean.
Mendilibar Erdikoa baserria 1660 inguruan eraiki zuten gutxi gorabehera. Jatorrizko egitura ia osorik dauka oraindik, jatorrizko zutoinak bertan baitaude ganbaratik kortaraino. Aurreko horma zarpiatuta dago orain, baina horren azpian jatorrizko itxura igartzen zaio. Alboetako batean ikus daitekeenez, baserriaren horman, jatorriz, adobezko adreiluak zeuden (eta batzuk bertan daude orain ere), eta Durangaldean oso baserri gutxitan gorde dira adobezko adreiluak gaur egunera arte.
350 urte inguruko historia duen lekuan, urte batzuk barru zementuzko munstro bat egongo da guk saihesten ez badugu, izan ere, baserriko sukaldea dagoen lekuan gutxi gorabehera, AHTren biadukturako zutabe bat eraiki gura dute.
Beharbada, gure agintari burutsuek, guk baino gehiago jakin ohi dutenez, esango digute Mendilibar Erdikoa eta AHTk botako dituen beste baserriak ez daudela ondare gisa katalogatuta. Ados, baina katalogo horietatik kanpo, orduan, ez dago kultur aberastasunik? Duela hainbat hilabete banatu zuten propaganda orri batean Y grekoaren ibilbidea ageri zen EAEko Parke Naturalen artetik igarotzen, eta AHTk ez dituela Parkeak ukituko zioten� Oso ondo, baina parke horietatik kanpo ez dago mendirik ala? Tren horrek txikituko dituen mendietatik Udalatx izango da kaltetuena, baina inongo Parke Naturaletan ez dagoenez, ez dauka baliorik? Hori erakutsi nahi izan ziguten hipokrisia handiz propaganda harekin, eta orain hori bera egingo dute katalogoetatik kanpo dauden baserriekin ere?
Baserriak, ordea, ez dira izango kaltetutako ondare bakarra. Abadi�oko Mendiola auzoan, Mendilibar Erdikoa baserriaren ondoan, uztailean hasi zituzten AHTren lanak. Bertan egin zuten lehenengo gauzetako bat zuhaitzak botatzea izan zen, eta inongo arazorik gabe bota zituzten bertan zeuden haritz zaharrak duela urte gutxi landatutako pinu gazteekin batera. Gaur egun, zoritxarrez, pinua da nagusi gure inguruko mendietan, eta geratzen diren haritzak ere inolako ardurarik gabe botatzen dituzte munstroa eraikitzeko. Lanak hasi dituzten lursailaren ondo-ondoan, gainera, Mendiolako galtzada ere badago. Galtzada hori, gaur egun ezagutzen dugun moduan, XIX. mendearen erdialdetik dago, baina berez zaharragoa da, lehenagoko galtzada baten konponketa baita. Oraindik ez diote kalterik egin, baina obrak bertan daudela ikusita, arduratzeko moduan gaude�
Gu halako batean jaio ginen, bizi gara eta hilko gara, eta gure ondoren beste batzuk etorriko dira, gu baino lehenago beste batzuk joan ziren bezala. Gure ingurune fisikoa, baina, hor egongo da, gure joan-etorrien lekuko, eta horregatik, harrigarria da zelan ausartzen diren gure politikari eta teknikari jakintsuak historia horrela iraintzen, gure kulturari barre egiten, gure ondare kolektiboa horrela mespretxatzen.
Miren Azkarate Gasteizko Gobernuko Kultura sailburuak ere ez du ezer esango gure ondare kulturala horrela izorratzen dutela ikusita? Azkarate Euskal Filologian doktorea da eta euskaltzain osoa, beraz, gure kulturarekiko ardura badaukala pentsatu dezakegu, eta, hala ere, ez du ezer egingo gure ondarea zaintzearren? Abadi�oko Udaleko Luis Miguel Kanalaetxebarria Kultura zinegotziari ere ez diogu horren inguruko ezer entzun orain arte. Durangaldean, gainera, badugu zorionez aspaldi-aspalditik eskualdearen kulturaz arduratzen den elkarte bat, erakundeetatik kanpokoa, Euskal Herri osoan ezaguna eta oso errespetatua. Etsipen handiz diogu, ordea, elkarte horrek, tamalez, orain arte ez duela ezer egin nahi izan Mendilibar Erdikoa baserriaren alde (agian erakundeen errepresalien beldurrez?).
Zeren zain daude horiek guztiak zer edo zer egiteko? Zeren zain gaude beste guztiok? Egunen batean gure baserriak eta baserritarren bizimodua hiri handietako museoetan ikustera kondenatuta gaude, baina bost axola zaigula ematen du. Saminez ikusi genuen orain dela bost urte Itoizko urtegia egiteko Itoitzen, Artozkin eta inguruko herrietan gertatutakoa: herri txikiak poliziaz eta makinez beteta, ehunka urteko historia zuten etxeak, kaleak, baselizak, hilerriak eta oroitzapenak suntsitzen. Mendilibar Erdikoa baserriarekin ere irudi berdinak ikusi beharko ditugu? Gure esku dago! Zure esku dago!
Durangaldeko AHT Gelditu! Elkarlana
Infromazio gehiago: www.elkarlanadurango.info
Zaila da urtarrilaren 17an Urbinan gertatutakoa azaltzea. Zaila, halako errepresio bortitzak ez daukalako inolako azalpenik; zaila, ezin delako ulertu zelan den posible pertsona batek (poliziei hala deitzerik egonez gero) horrela jokatzea kaputxa baten azpian eta inpunitatearen babespean; zaila, argi utzi zutelako Urbinan masakrea bilatu zutela
Eguna hasteko, Urbinara doazen errepide guztietan Guardia Zibilaren kontrolak jasan behar izan genituen. Autobus guztiak geratu zituzten, eta ondorioz, manifestazioa ordu erdi berandu hasi zen. Durangaldetik joandako autobusetako batean guardia zibilen mehatxuak eta probokazioak entzun behar izan genituen (esto es España, esto es una guerra y vais a caer todos).
Pixkanaka autobusak eta jendea herrira heldu eta manifestazioa hasi zen. Jende ugari elkartu ginen eta horrek indarra eman zigun. Bide osoan polizia autonomikoaren eta obretako zaindarien presentzia nabarmena zen. Beldurra eman nahi ziguten, eta benetan beldurgarria zen hainbeste polizia ikustea, baina, hala ere, jendeak ziurtasun osoz egin zuen aurrera.
Manifestazioa amaitu zenean, ehunka eta ehunka pertsona obretan sartzen ahalegindu ginen eta talde batzuek bertara heltzea lortu zuten. Berehala, polizia autonomikoen erantzun basatia hasi zen. Beste ehunka pertsona ondoko landan geratu behar izan ginen, ezin baikinen gehiago gerturatu polizien pilotakadak zirela eta. Obretara heldu zirenak lurrean eseri ziren protesta baketsua egiteko asmoz. Poliziek, ordea, hasieratik ekin zioten euren aurka erabateko bortizkeriaz: pilotakadak, porra kolpeak, furgonetak ziztu bizian obretan zeuden pertsonen artetik Ondoko landan geundenok ahal izan genuen moduan babestu ginen erasotik, izan ere, pilotakadak etengabeak ziren eta alde guztietatik heltzen zitzaizkigun. Karga haietan, gure inguruan pertsona bat ikusi genuen sudurrean pilotakada jaso zuena. Obretara sartu zirenak egurtu eta handik bota ondoren, haietako bi atxilotu zituzten han bertan. Poliziaren erasoaren ondoren, eta orduan bakarrik, hasi ziren batzuk harriak jaurtitzen erasoari erantzuteko (eta ez alderantziz komunikabide gehienek zabaldu duten moduan).
Atxilotuei babesa emateko eta protesta egiten jarraitzeko jende pilo bat luzaroan egon ginen obren ondoan eta bitartean beste asko herrirantz itzuli ginen. Urbinara bueltatu ginenok, denetarik jasan behar izan genuen bidean, eta gehienak identifikatu gintuzten. Bitartean, obretan geundenoi albiste beldurgarriak heltzen zitzaizkigun telefonoz herritik: polizien furgoneta piloa ari zen obretarantz joaten manifestazioa egin genuen pistatik bertatik, guri bidea ixteko asmoz. Poliziek pilotak bota eta bota jarraitzen zuten amaitu zitzaizkienera arte; orduan, beste furgoneta bat agertu zen eta pilota gehiago ekarri zizkieten. Helikopteroa ere etengabe ibili zen gure buruen gainean. Une batzuetan lurretik oso-oso metro gutxira ibili zen, modu arriskutsuan (eskuetan geneuzkan banderolak eusteko ere indarra egin behar zen, helikopteroak sortutako haizea zela eta).
Azkenean, obretatik alde egitea eta herrira itzultzea erabaki genuen. Lehenago, pertsona bi, besoak altxatuta eta oso astiro, poliziengana hurbiltzen saiatu ziren atxilotuei buruz galdetzeko, baina gerturatzen ere ez zieten utzi, pilotak jaurtitzeko eskopetekin apuntatu baitzieten. Buelta eman eta itzultzen hasi ginenean, berriz hasi zitzaizkigun pilotakadak botatzen atzetik. Korrika hasi behar izan ginen landa guztia zeharkatu eta pistara heltzeko eta jende ugarik jaso zituen pilotakadak: batzuei lepoan eman zieten; beste baten bat, korrika zihoan bitartean, orkatilan pilotakada jaso eta lurrera erori zen
Pistan sartu eta bueltatzen hasi ginenean, polizia guztiak furgonetak han utzita gure atzetik hasi ziren korrika eta kargatzen. Pista estua zen eta ezin genuen arineketan egin, ehunka pertsona baikeunden. Atzetik segika eta pilotakadaka geneuzkan bitartean, bagenekien laster aurretik ere agertuko zitzaizkigula. Harrituta geunden: ze demontre egin behar ote digute? Erotu egin dira? Zer asmo daukate?
Azkenean poiliziaz osatutako lerro bat topatu genuen aurrez aurre, eta une hartan, batzuk menditik joan ginen ihesi. Beste batzuk aurrera egiten saiatu ginen eta berriro ere karga bortitza jasan genuen. Leku horretan bertan, pista obren azpitik pasatzen da, zubi baten azpitik. Zubipe horretakoa benetan beldurgarria izan zen: bazterretatik egin genuen aurrera ahal zen moduan, baina poliziek porrekin egurtu gintuzten, pilotakadak botatzen hasi ziren zubipean inolako kontrolik gabe, edonorantz, edonori edonon jotzeko moduan Zubipean, pilotakaden tiro hotsek itzelezko oihartzuna egiten zuten, eta leku itxi batean egonda pilotak edozein aldetatik etorri zitezkeen errebotez. Burua besoekin babestu, makurtu eta aurrerantz korrika egitea baino ezin genuen egin. Une horretan, Durangaldeko pertsona bati metro gutxira jaurtitako pilotakada jo zioten orkatilean. Karga horretan ere atxiloketak egon ziren. Gutako baten batek esandakoaren arabera, sekula ez du horrelako beldurrik izan: zubipeko 20-30 metroak amaibakoak izan ziren; ezin genuen begiratu pilotak nondik zetozen edo poliziak non agertuko zitzaizkigun porra eskuan zutela; arineketan baino ezin zen egin, baina hainbeste jende egonda hori ere zaila zen; zubipeko pilotakaden oihartzunak nerbioak dantzan jartzen zizkigun
Nola edo hala aurrera egitea lortu genuen. Jende asko herrenka zihoan hartutako kolpeengatik, baina hala ere ahal genuen moduan korrika joan behar izan ginen. Herrira heltzeko gutxi falta zenean, inguruko beste pista batean furgoneta bi agertu ziren, eta ondorioz, buelta handiagoa egin behar izan genuen herrira jaisteko. Ez genuen ezer ulertzen eta ez genekien noiz demontre utziko gintuzten bakean.
Bitartean, menditik beste talde bat noraezean zebilen zubipeko kargatik ihesi. Talde horretakook etengabe izan genuen helikopteroa buru gainean eta itzulinguru ugari egin behar izan genituen azkenean herrira iristeko.
Herrira iristean Durangaldeko jende gehiena autobusetarantz joan ginen. Autobusak Urbinako industriagunean zeuden, autobiaren beste aldean. Ordurako, herriaren irteera guztiak poliziaz josita zeuden, eta autobusen inguruan ere furgoneta pilo bat zeuden. Autobus bi irteten ahalegindu zirenean, poliziek autobusak geldiarazi zituzten eta jende guztia jaitsiarazi eta hormara begira jarri zuten.
Bitartean, Urbinako kaleetatik ibiltzea ikaragarria zen, nonahi baitzegoen jendea zaurituta: batzuk herrenka, besteren bat bekokian izotza jarrita kolpeengatik Geroago ere, autobusean etxerantz gentozela telefonoz jakin genuen herrian bertan poliziak oraindik sarraskia luzatzen ari zirela basakeria osoz.
Urbinako gertaerak oso-oso larriak izan ziren. EAJk, bere borreroen bidez, argi utzi nahi izan zigun ez digutela aukerarik txikiena ere eman behar gure oposizioa adierazteko. Ibarretxek eta Gereñuk sarritan esan dute AHTren kontra egotea zilegi dela eta oposizio hori bermatuta dagoela baketsua bada. Urbinako protesta ezin baketsuagoa izan zen gure aldetik. Desobedientzia zibil masiboa egitea zen asmoa; obrak modu baketsuan okupatzea. Baina beltzez jantzitako borreroek indarkeria basatiz erantzun ziguten. Non geratzen dira orduan Ibarretxe eta Gereñuren hitz hipokritak?
Urbinako kopuruak beldurgarriak dira: atxilotu ugari, hainbat pertsona ospitalean, ehunka zauritu, milaka pertsona identifikatuta Urbinarako bidean eta Urbinan bertan Bai, kopuru handiak, baina kopuru horiek handiak badira arrazoi bakarrarengatik da: hantxe jende piloa egon ginelako. Eta horrek argi uzten du herri honetako zati handi bat AHTren aurka gaudela eta prest gaudela gure konpromisoaren bidez gure lurraren eta gizarte eredu justuaren alde borrokatzeko.
Larunbatean Urbinan beldurtu nahi izan gintuzten. Mezu garbia bidali nahi izan ziguten: zerbait egiten ahalegintzen bazarete, badakizue zer jasoko duzuen. Baina ez dezatela pentsatu EAJk, EAk, PSOEk eta PPk horrela ezer lortuko dutenik, ez.
Azkenik, guztiz lotsagarria izan zen komunikabide gehienek (salbuespen pare bat kenduta) zapatuan eta igandean izan zuten jarrera. Herrizaingo Sailaren bertsio ofiziala, gezurrez betetakoa, baino ez zuten zabaldu. Komunikabide horiek guztiek, tartean denok ordaintzen ditugun komunikabide publikoek, ez zuten egia esan, egia ezkutatu egin zuten bertsio polizialaren atzean babestuta, Jaurlaritzari ez zitzaiolako komeni gizarteak egia jakitea, izan ere, zelan demontre azalduko du Jaurlaritzak sarraskia eragin duela manifestazio baketsu baten aurka?
Komunikabide gehienak eurekin daude, beraz, garrantzitsua da gutako bakoitzak gure artean egia zabaltzea eta gutako bakoitza komunikabide izatea, gizarteak jakin dezan Urbinan benetan zer gertatu zen.
Argi dugu gure bidea zuzena dela, eta ez erasoekin, ez atxiloketekin, ez mehatxuekin, ez gaituzte isilaraziko. Gero eta ozenago eta gero arrazoi handiagoz ohikatuko dugu:
HERRIAK BIZIRIK, AHTrik EZ!!
Argazkiak eta bideoak:
ekinklik.org
ahtgelditu.org
gaztesarea.net
herrikolore.org
elcorreodigital.com (Bideo bat dago. Testua, noski, bertsio poliziala da)