Teknologia albisteak

Hainbat herri UEMAn sartzea proposatuko du Aralarrek

Erabiltzailearen aurpegia
Inaki Irazabalbeitia - Aralar
2008-12-09 : 08:12

Aretxabaleta, Elgeta, Deba, Tolosa, Zarautz eta Zumaia UEMAn sartzeko proposatuko du Aralarrek, udaletan aurkeztuko duen mozioen bitartez. Gaur egun, horiek dira UEMAn sartzeko baldintzak betetzen dituzten eta Aralarrek ordezkaritza daukan udalerriak.

Euskararen Nazioarteko Egunaren atarian, Aralarrek iragarri nahi du ekimena hartu duela ordezkaritza duen, eta beharrezko baldintzak betetzen dituzten herrietan Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzeko proposamena egingo duela. Lehendabiziko fase batean Aretxabaleta, Elgeta, Zarautz, Zumaia, Tolosa eta Deba UEMAn sartzea proposatuko dugu.

Euskararen normalizazioan administrazio publikoaren euskalduntzea ezinbesteko urratsa da. Azken 30 urteotan aurrerapausoak eman badira ere, Aralarren irudiko administrazioak ez du behar bezainbesteko ahaleginik egin. Ildo horretan, legegintzaldi honetan zehar, administrazioa euskalduntzeko funtzio publikoaren legea aldatzeko proposamena egin zuen Aralarrek Eusko Legebiltzarrean. Funtzio publikoaren lege aldaketa horrekin ziurtatu egingo litzateke administrazio publikoan jendearen aurreko zerbitzu guztietan euskaraz atenditu ahal izatea. Aralar bakar-bakarrik gelditu zen ekimen horretan. Hurrengo asteetan Eusko Legebiltzarrean eztabaidatuko den udal lege berrian ere udaletako euskara normalizatzeko unitateek zerbitzu izaera eduki dezaten zuzenketa bat egingo du Aralarrek.

Udalak herritarrengandik hurbilen dauden administrazio publikoak izaki, eta administrazioen euskalduntzean ahaleginik handienak egin dutenak izan direla aitortuta, elkarren esperientzia eta ezagutzea partekatzea, eta euskararen normalizaziorako udaleko planak garatzeko eta bultzatzeko tresna ezin hobea da UEMA. Euskarak ereduak behar ditu. Eta administrazio publikoan hizkuntzaren erabilera bermatzen dute UEMAko udalerriek. Herri euskaldunetan euskararen erabilera gizarteko arlo guztietara zabaltzeko beharra azpimarratu nahi dugu ekimen honekin. Era berean, UEMA indartu eta udalerri euskaldunen erreferentziazko erakundea bihurtu nahi dugu euskararen gizarte-normalizazioan. Izan ere, euskaldunen portzentaia altua den herrietan garatu beharreko hizkuntza politika eta hartu beharreko neurriak ezin dira berdinak izan euskaldunen kopurua hain handia ez duten herriekin alderatuta.

Hasieratik izan da argia Aralarrek UEMArekiko egin duen apustua. Euskararen lurralde osoa hartzen duelako kontuan, eta euskarak behar dituelako sozialki nagusiak izango diren lurraldeak aurrera egiteko, eta UEMA horiei eusteko eta handitzeko tresna egokia delako. Eta horren haritik, aurrekontuetako Aralarrek egindako zuzenketa baten bidez, UEMArako dirulaguntzak bideratu ziren Gipuzkoako Foru Aldundian 2008ko aurrekontuetan. Laguntza hori kontsolidatu egingo da 2009an. Jaurlaritzaren aurrekontuetan, berriz, iaz zuzenketa sartu bazen ere, erori egin zen, hirukoaren eta Aralarren babesa bakarrik jaso zuelako, eta EHAK-k ez zuelako zuzenketa babestu. Aurten, berriz ere, zuzenketa sartu dugu, eta espero dugu EHAK-k iaz baino ikuspegi zabalagoa izango duela, eta euskararen normalizazioan aurrerapauso diren laguntzak babestuko dituela.

Erantzun

Sartu