Teknologia albisteak
24

702.000 euro Junkerarentzat

Erabiltzailearen aurpegia
Jon Abril - Aralar
2008-11-24 : 10:11

Eusko Jaurlaritzak 702.000 euroko dirulaguntza iragarri du, Kultura eta Etxebizitza Sailen bidez, Kepa Junkeraren proiektuen nazionartekotze lanak egiteko. Gainerako artista guztientzat 230.000 euro partituko dira 2009an. Bidezkoa al da?

Zur eta lur, harrituta hartu dut albistea nik. Euskal musika berritzeko eta kanpoan zabaltzeko egitasmo gisa aurkeztu dute Kultura eta Etxebizitza Sailek. Proiektuaren xehetasun gehiago ez dute eman, baina nonbait, Kepa Junkeraren hiru disko eta bere promozioa zein nazioartean zabaltzeko da 702.000 euroko dirutza hori.

Ulertzea kostatzen da horrelako laguntza bat, *Euskadiko Soinuak* programaren bidez gainerako euskal musikarien zabalkunderako urtean 230.000 euro baino bideratzen ez direnean. Eta orain artista bakarrari gainerako guztiei batera emandakoa halako hiru emanen zaio, inolako lehiaketa edo deialdi publiko egin gabe.

Deigarria da guztiz, Kultura Sailarekin batera dirulaguntzaren kopuru handiena Etxebizitza Sailak jartzea. Kultur jardueren transbertsalitatea begi onez ikusten dudan arren, ulertzen zaila da elkarlan hori artista baten proiektu jakin batera baino ez bideratzea, eta ez euskal musikara, bere osotasunean.

Ez da logikoa kultura ikuspegi batetik euskal musika sustatzeko programetara orain arte hain diru gutxi bideratu izan denean, bat-batean, pertsona bakarraren proiektu bati horrelako dirutza bideratzea. Desproportzionatua eta neurrigabea iruditzen zait.

Euskal musikak, gainerako diziplinetako sormen lan orok bezala, behar-beharrezkoa du Euskal Herrian zein Euskal Herritik kanpoko bere sustapena, zabalkundea eta promozioa, eta lan hori ezagunak diren artistekin ez ezik, ezezagunak eta hasi berriak direnekin ere egin beharra dago. Politika horiek aurrerantzean diru gehiagoz babestuko direla espero dut.

Legebiltzarrean Aralarrek dirulaguntzaren gaineko informazioa eskatu du, eta artista guztiek beren proiektua aurkezteko bidea izan dezatela exijitu du, eta laguntza hori diruz ongi hornitua egon dadila eskatu du.

Euskal Kulturaren Plana eta Behatokia abian diren honetan, badirudi kultur politikak ez duela sakoneko aldaketarik. Eta dagoeneko izan du bere eragina neurri honek: Jabier Muguruzak utzi dio aholku batzordeko kide izateari.

Izan ere, nork emanen dizkio azalpenak Jabier berari, zein bere anaia Fermini, eta bertze hainbertze musikariri (SA, Berri Txarrak eta bertze aunitz!) euskal musika nazioartekotzen dihardutenean, eurek ez dutela horrelako dirutzetarako eskubiderik? Kaxet kontua ote?

Erantzunak

Sergio Monge
2008-11-24 : 10:57

Bidezkoa? Ba, agian, bai. Galdera izan behar da: Eusko Jaurlarritzak 700.000 euro horiek beste amaika musikarien artean banatuko balitu, zein izango litzateke euskal musikaren nazioarteko errekonozimendua?



Kepa nazioarteko irismena daukan euskal musikari bakarra bada, bai bidezkoa da. Eta logikoa, gainera.



ez harritu bat
2008-11-24 : 12:05

Kepa Junkerari diru hori eman izana ez dut bata-bateko erabakitzat hartzen. Bere musika aztertzen hasi gabe, iruditzen zait Junkera funtzionarizatze prozesu etengabean sartua dagoela. Badirudi herri honen musikari, ordezkari enbaxadore kultural ofiziala izan nahi duela eta egin nahi dutela. Non inauguratzen da eraikin ofizial bat, Junkera han. Non ekimen instituzional dena-delako bat, Junkeraren trkitia han... Euskararik hitz egiten duen gure musikaren ordezkari goren hau bihurtu da gure kulturaren ordezkari guztiz garbia eta zuria, izan ere horretarako ezaugarri egokiak ditu: ez du mezu ideologikorik,world music-en, folk-aren mundu mailako etiketa uniformizatzailean sartu du gure ukuilu usaineko instrumentua, euskal akonplejatuaren perfila uxatu eta espainiar progre libertadezale guztien lagun izatea lortu du... eta nola ez, euskal kulturaren oinarriak lau limosna eta hiru zozketarekin lanean jarraitzen duen bitartean, berak merezi ditu 700.000 euro, eta disko horien salmentatik irabaz dezakeen guztiaz gain. Romak badaki ordaintzen.

Martin
2008-11-24 : 12:18

Kepa nazioarteko irismena daukan euskal musikari bakarra bada, bai bidezkoa da. Eta logikoa, gainera.




Mesedez, a zer ergelkeria: Fermin Muguruza mundu osoan dabil aspaldian. Haren biren bideoak ikusi beharko zenituzke bere "irismena" zenbaterainokoa den ikusteko; Des-Kontrolek AEBetan egindako bira arrakastatsuaren berririk ez duzu, antza; Alaitz eta Maiderren musika Japoniako telebistan sintonia modura erabiltzen dute.



Eta abar.



Horiek guztiak, bide batez, diru publikotan ia 120 milioi pezetako, hau da, 4'5 milioi libera baino gehiago gastatu gabe.



Bidezkoa diozu? Dirutza hori hiru disko egiteko, eta bitartean Euskal Herriko Laborantza Ganberak, kasurako, 400.000 euroko aurrekontua du urte osorako. Erranen didazu zer den garrantzitsuago: trikitilari baten diskoa ateratzea ala Ipar Euskal Herriko laborantza osoa bultzatzea. Bietako zein gabe bizi daiteke Euskal Herria?
Harry Tezur
2008-11-24 : 12:28

> Errua ez da Junkerarena. Ardura da, bera behin eta beste behin kontratatzen eta subentzionatzen duten sasipolitikariena.

> Eta egia da, bere ezaugarriena baino, gure sasipolitikarien profila agerian geratu dela:

Baxko Moderno-nahi erdarazale akonplexatuen profila hain zuzen.

> Euskal kultura gutxi ezagutzen dutenak, bestalde, zeren euskal musikari ezagunak izan badira gure artean, Benito edo Fermin Muguruza kasu. Baina edonola ere, Junkera hain nazioartekotuta badago, zein da bera hiperpromozionatzearen justifikazioa?

Helburua ez zen ba euskal musika ezagutzera ematea?

> Lotsaemangarria da. Eta lotsagarriago ikusirik EITBk zeinen gutxi propomozionatzen duen euskal musika, Euskadi (mal)gaztean edo Radio Euskadin, edo ETB-2n adibidez.

> Hobe litzateke etxetik hastea... Jaurlaritzan bertan ikastaro batzuk ematetik, beharbada.

Diruaren norabidea politikarien esku
2008-11-24 : 13:08

"...Kepa nazioarteko irismena daukan euskal musikari bakarra...".



1) Euskal musikari ERDALDUNA.

2) Bakarra?? bai ala... hobeto informatu zaitez mesedez. Badira mundu mailako biretan dabiltzaten taldea nahikotxo, hori bai, ez dabiltza WANER disketxearekin. Hortaz, marketing kanpaina xumeagoa izaten dute.

3) Hurrengoan VPO izeneko diska bat argitaratzea proposatuko dut, horrela Etxebizitza sailetik diru laguntzak eskuratuko al ditut?

Diruaren norabidea politikarien esku
2008-11-24 : 14:00

WARNER

the man with the red face
2008-11-24 : 14:07

Ez dakit hori den gure musika zabaltzeko modurik egokiena, ikusi beharko da. Hala ere atzerriko medio, profesional eta zaleak gerturatzeko balio badu (beste musikari eta doinuetan arreta jartzeko, interesgarria izan daiteke). Gero betikoa: zergatik hau eta ez bestea...zenbat, nondik etab.

Dirulaguntzen inguruan nik argi daukat oraingo joera gelditu behar dela. Ez da bidezkoa batzuek beste batzuek baino gehiago jasotzea, edozergatik jasotzea etab. Irizpideak aztertu beharko lirateke. Baina Ion, diozun moduan dirulaguntzen banaketa erakusten bada, seguru asko harrituko ginatekela, baita poztu ere! (edo puztu)

Harry Tezur-en komentarioari buruz... bada garaia diskurtsoa aldatu eta autokritika pixka bat egiteko.

Harry
2008-11-24 : 15:13

Hemen ez da ohikoa, baina horrelako gertakariek gutxien-gutxienez azalpen publikoak eragiten dituzte lurralde demokratikoagoetan.

Hain da nabarmena hankasartzea... Hain agerikoa irizpide objektiborik eza... Besteri autokritika eskatzea ere...

the man with the red face
2008-11-24 : 16:06

Ba bai, uste dut diskurtso horretatik haratako doala kontua eta politika errazean erori beharrean irtenbide zuzenak bilatzea litzatekeela egokiena; ez duzu uste?





Benito
2008-11-24 : 19:53

Eztabaidaren muinean sartu barik, ohartxo bat: Kepa Junkera, nik dakidala, euskara ikasten ibili eta euskaraz elkarrizketa batean jarduteko gauza da une honetan. Beraz, haren musika, merituak edo euskaltzaletasuna baloratzen hasi barik, euskalduna dela esan daiteke.

Erdalduna ere bai, jakina, geu guztion modura.

olaia
2008-11-24 : 20:38

Beno, xehetasunen bila hasten bagara nik zera argudiatu nahiko nizuke.Euskaldun gehienok bezala erdaldun izatea ez dela horrela esango nuke. Nire kasuan ni euskalduna bakarrik naiz. Ezin naiz izan euskalduna, erdalduna eta ingelesa. Izan ere ingelesez bezain ongi hitz egiteko gai naiz erdara edo gaztelaniaz baina neure burua ez dut hala kontsideratzen. Hizkuntza baten jabetzeak ez zaitu nortasunaz aldatzen, hori jarrera kontua besterik ez da baina "euskaldun musikaria" esaten denean euskaldun eta erdaldun gehienon burutan euskaraz abesten duen norbait datorkigula burura uste dut.

manexa
2008-11-24 : 23:13

Xehetasunekin jarraituz, euskalduna da euskaraz dakien oro, nahiz eta "euskaldun nortasunik" ez izan, edo nahiz eta lehentasunez edo esklusiboki bere burua identitatez euskalduntzat ez izan.



Zertaz ari gara hizkuntzaz ala identitateaz?



Bi gauza diferente dira. Beste kontu bat da zure euskal nortasuna euskarak ematen dizun. Primeran. Baina hizkuntzak ez du zertan identitatea eman. Gaztelaniak euskaldun askori ematen ez digun bezalaxe, euskarak ez du zertan "euskal nortasundun" bihurtzen hiztun oro. Are gehiago, identitatea, hemen eta munduan, beste bide batzutatik etorri liteke eta dator.



Zoritxarrez (euskararentzako) Euskal Herrian gehienbat beste iturri batzuetatik datorrela esatea (sinboloak, politika, familia...) ez dut uste asmakeria handiegia denik.



Areago. Ea nor den gai, adibidez, Donaixtiko frontoiaren aurrean gazta saltzen duten etxeko seme-alaba frantsestuei euskaldunak ez direla esateko.



Euskaldunaren kontzeptua zertarako hertsi? Zertarako murriztu? Batzuk izango gara hizkuntzaz euskaldunak, besteak hurbiltasunetik euskaldunak (euskarak kutsatuak baitira nahi edo nahi izan ez), besteak gogoz euskaldunak... Gure mundua txikia izan eta gehiago txikitu nahi al dugu? Zein helbururekin?



Gaztelaniaz, frantsesez edo ingelesez kantatzen duten musikari euskaldun andana dago hortik zehar, hau da, euskaraz jakin eta neurriren baten (batzuk ia osoki, beste batzuk noizean behin) bizi arren, kantatzeko beste era batzuk aukeratzen dituzte. Hainbesterako problema al da hori? Euskaldun dira horietako asko, bai hizkuntzaz bai nortasunez, beste kontu bat da euren kultur espresio zehatz bat nola bideratzen duten.



Beraz, noski, Jaurlaritzak 700.000 euro oparitu dizkio musikari euskaldun bati. Orain ondo legoke dagokien euskal politikariek (euskaraz moldatzen da sailburu bat eta bestea euskaltzaina da) barkamena eskatzea edo dimisioa aurkeztea laguntxuei egindako opariengatik.



joseba
2008-11-25 : 15:07

nik gustuko dut oso keparen musika. baina jaurlaritzak bere soslaia hobetsi duelako nago, hau da, musikaz haratagoko ezaugarri batzuk. fermin muguruzari emanen liokete tamaina horretako laguntza? oskorrik ez luke, esate baterako, hori mereziko ?



dirulaguntza hori banatu behar bada, deialdi ireki eta argia egingo beharko litzateke, oinarriak finkatuz eta erabakia epai mahai "objektibo" baten esku lagaz. hau da, konkurso gisa aurkeztu eta, ondoren, kepari edo egitasmo onena aurkezten duenari esleitu.



baina prozedura ireki eta garden batez, ez gazteleraz "a dedo" esaten duten lez, hau da, nik nahi dudanari, nik nahi dudalako. hortarako daude mezenazgo pribatuak, Lagun Arok egin duena kasu. baina diru publikoarekin hori egitea...

ez dago ondo.

edorta
2008-11-25 : 17:55

Nik uste dudana lehenago beste batzuek bota zuten, beraz, Tapia eta Leturiaren mingain zorrotzek argi dezatela kontu hau:


Botoiak azkartu ‘ta
burua uzkurtu...
Inpernuko Hauspoa
zer zaigu bihurtu?
Bihurtu burua uzkurtu...
Herriaren ardoa
ederki da urtu!


Sega zorrotza zena
apaingarri saldu:
froga ugari dago
nahi bada azaldu.
Azaldu apaingarri saldu...
Salmentak hondamena
ekarri ez al du?


Ergelkeria hartzen
dugula ahotan
auzo-lotsa ematen
gabiltza askotan.
Askotan dugula ahotan...
Paga merezi dugu
ez kantatzekotan!


Kamustu zaigulako
koplaren eztena
egiatzat hartu da
gezurra ez dena.
Ez dena koplaren eztena...
Trikitixak horrela
hurbil du azkena.


Aspaldi galdua da
Elgetaren kasta:
edertasuna baino
nahio arrakasta!
Arrastaka Elgetaren kasta...
Halako morrontzatik
gaitezela aska!


Oharra: Neu prest nengoke horrelako dirulaguntza txiki baten truke, euskal kantugintza munduan zehar ezagutarazteko.


Aitor
2008-11-25 : 17:57

Badago honetan guztian beste kontu bat: Jaurlaritzako zein Sailetatik eman den dirutza hau: Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailetik. Hau da, izaera sozialeko ardurak eta kontuak lantzen dituen sailetik. Beraz, Junkerari edo beste edozein musikariri luzatu dirulaguntza hau, esleipen hau egindako moduarekin batera, munta handiko kontua dela uste dut. Hau da, sail bereko arazo sozialetara zuzenduta zegoen diru partidatik hartu da? Honek beste kontu batzuetarako zen dirua suposatu du?

kazetaria
2008-11-25 : 20:15

Euskara ikasten dabilen edo ez dabilen ezin dut ziurtatu. Baina elkarrizketa bat euskaraz egiteko gai ez dela, bai, ordea. Duela gutxi izan nintzen harekin eta gaztelania hutsean egin behar izan genuen.

Jon Abril
2008-11-26 : 10:50

Eta tamalgarriena da, gainera, 2008ko aurrekontuan ez zegoela kopuru hori bilduta, eta beraz, bertze zerbaiterako behar zuenetik hartu dutela dirua!

Plaza
2008-11-26 : 10:54

Kontuan izanik Aralerreko J.Abrilek atara duela notizia eta Madrazo ( IU-EB) arlo horretako sailburua dala, bi alderdi horien arteko hauteskunde-ezkontzari ezetzaren inguruko atal bat besterik ez dalakoan nago.









> Eusko Jaurlaritzak 702.000 euroko dirulaguntza iragarri du, Kultura eta Etxebizitza Sailen bidez, Kepa Junkeraren proiektuen nazionartekotze lanak egiteko. Gainerako artista guztientzat 230.000 euro partituko dira 2009an. Bidezkoa al da?

>

> Badago honetan guztian beste kontu bat: Jaurlaritzako zein Sailetatik eman den dirutza hau: Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailetik. Hau da, izaera sozialeko ardurak eta kontuak lantzen dituen sailetik. Beraz, Junkerari edo beste edozein musikariri luzatu dirulaguntza hau, esleipen hau egindako moduarekin batera, munta handiko kontua dela uste dut. Hau da, sail bereko arazo sozialetara zuzenduta zegoen diru partidatik hartu da? Honek beste kontu batzuetarako zen dirua suposatu du?

josu
2008-11-26 : 12:32

Nik uste dut norbaitek Madrazo eta Azkarate Legebiltzarrera deitu beharko lituzkeela, azalpenak eman ditzaten. Eskandalua baita.

Jon Abril
2008-11-27 : 01:41

Deituta daude. Aralarrek biek deitu ditu Legebiltzarrera, eta galdera egin die, azalpena eman dezaten.

Aaron Onaindio
2008-11-27 : 10:35

Ea ba argibideak ematera laister biltzen dituzuen, eta sustatuk erantzunak hona dakartzan... entzun-irakurtzekoak izango dira, seguru.

Dena dela, uste dut hutsune nabarmena dagoela, GARRAIO SAILEKOA falta baita agerraldi horretan. Jakin daiteke zertarako erosi zituzten lau kantuok 40.000.000 pztaren truke?

Trenetan behin eta berriro jarri eta egile-eskubiderik ordaindu behar ez izateko?

Ziurrenik mereziko du erantzuna entzuteak kasu horretan ere...

martix
2008-11-27 : 18:52

Hau irakurri dut argia.com-en:



"Eusko Jaurlaritzak Kepa Junkerari emandako diru-laguntzaren aurka sinadura bilketa abiarazi dute



Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Etxebizitza sailek Kepa Junkerari 702.000 euroko diru-laguntza eman diotela jakinarazi zenetik, egonezina sortu da musika sektorean. Jon Abrilek Sustatun aipatu zuen Jabier Muguruzak Kulturaren Aholku Batzordea utzi duela. Mikel Iturriak erabaki horren atzean Junkerari emandako diru laguntza egon daitekeela idatzi du bere blogean. Bestalde, aste honetan Jaurlaritzaren erabaki horren aurka sinadura bilketa abiarazi dute. Sinatzaileek euren izen-abizenak eta NAN zenbakia bidali behar dute sinadura@gmail.com helbidera, e-postaz zabaltzen ari den manifestua (PDF) sinatzen dutela egiaztatuz. ARGIAk zenbait musikarirekin hitz egin du eta ekimena nork abiatu duen garbi ez badago ere, musikari gehienen artean haserrea dela nagusi adierazi digute. Musika estilo guztiak astintzen dituen gaia dela azpimarratu dute –musika klasikotik abiatu eta rock gogorreraino– eta manifestua sinatzeak ez duela erakusten Kepa Junkeraren aurka daudenik, Jaurlaritzaren erabakia neurriz kanpokoa iruditzen zaiela baizik."



Manifestua: http://www.argia.com/fitx/bestelakoak/kepa-junkera-dirulaguntza-manifestua.pdf

euskalduna naiz eta harro nago....
2008-11-28 : 00:14

Orain dela gutxi ikusi nuen Jepa Junkerari egindako elkarrizketa ETBn eta azpitituluak jarri behar izan zizkioten. Iparraldeko euskaldunek bestela ez lukete ulertuko Junkerak zer esaten zuen.



Jaurlaritzak emandako dirutzarekin badauka luxuzko Barnetegi batean euskaraz zoragarri ikasteko aukera.



Ez dut ulerten zelan egin duten Iruzur hau, eta hau jakin delako, ez dakizkigunak larriagoak izan daitezke!!!



Pozten naiz politikari batzuk horrelakoak ez onartzea, eta guri jakinaraztea.





> Eusko Jaurlaritzak 702.000 euroko dirulaguntza iragarri du, Kultura eta Etxebizitza Sailen bidez, Kepa Junkeraren proiektuen nazionartekotze lanak egiteko. Gainerako artista guztientzat 230.000 euro partituko dira 2009an. Bidezkoa al da?

>

> Euskara ikasten dabilen edo ez dabilen ezin dut ziurtatu. Baina elkarrizketa bat euskaraz egiteko gai ez dela, bai, ordea. Duela gutxi izan nintzen harekin eta gaztelania hutsean egin behar izan genuen.

>

euskalduna naiz eta harro nago....
2008-12-02 : 17:09

> Eusko Jaurlaritzak 702.000 euroko dirulaguntza iragarri du, Kultura eta Etxebizitza Sailen bidez, Kepa Junkeraren proiektuen nazionartekotze lanak egiteko. Gainerako artista guztientzat 230.000 euro partituko dira 2009an. Bidezkoa al da?

>

> Kontuan izanik Aralerreko J.Abrilek atara duela notizia eta Madrazo ( IU-EB) arlo horretako sailburua dala, bi alderdi horien arteko hauteskunde-ezkontzari ezetzaren inguruko atal bat besterik ez dalakoan nago.





Plaza, zure erantzunak barregura ematen du. Badirudi zuri ez zaizula askorik axola euskal musikariak eta musikak, ezta zelan erabiltzen dituzten gure diruak Madrazok eta kultura sailak. Madrazo sailburua da bai eta EBkoa baina nere iritziz Jon Abrilek egin duena benetan eskertzekoa da,jakinean ipini digu zer gertatu den, eta gainetik Madrazoren aurpegi borobilak zelan funtzionatzen duen argitu digu, bateri 400.000 euro oparitzen eta besteoi VPOko etxeen salneurria igoz.











>

>

> > Eusko Jaurlaritzak 702.000 euroko dirulaguntza iragarri du, Kultura eta Etxebizitza Sailen bidez, Kepa Junkeraren proiektuen nazionartekotze lanak egiteko. Gainerako artista guztientzat 230.000 euro partituko dira 2009an. Bidezkoa al da?

> >

> > Badago honetan guztian beste kontu bat: Jaurlaritzako zein Sailetatik eman den dirutza hau: Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Sailetik. Hau da, izaera sozialeko ardurak eta kontuak lantzen dituen sailetik. Beraz, Junkerari edo beste edozein musikariri luzatu dirulaguntza hau, esleipen hau egindako moduarekin batera, munta handiko kontua dela uste dut. Hau da, sail bereko arazo sozialetara zuzenduta zegoen diru partidatik hartu da? Honek beste kontu batzuetarako zen dirua suposatu du?

>

Erantzun

Sartu