Veleia: disparateen zerrenda
2008-11-20 08:11
Veleiako ostraketan agertutako testu eta irudiak faltsuak direla ondorioztatu dute Arabako Foru Aldundiak deitutako aditu taldekoek. Ondorioz, Eliseo Gil arkeologoaren taldeari eta Lurmen enpresari Veleia ustiatzeko baimena kendu dio Diputazioak. Jarraian, atzoko txosten aurkezpenari buruzko kroniketan topatutako faltsukeriaren adibideetako batzuk (15.00etan eguneratuak gehikuntzekin).
Hona adituek atzoko Arabako Batzar Nagusietako agerraldian emandako adibide batzuk:
- Euskara hainbat hitzen morfologia, sintaxia eta fonetika bateraezinak erabat 3. eta 5. mendeen artekoekin: Arrapa, arrosa, gorri, urdin, oso lagun Marcu, Denok, Nere...
- tipografia inposiblea: letra xeheak, koma eta puntuak, ezinezkoak hgarai hartako idazkera latinoan.
- Virgilio eta Sokrates filosofoen izenaren ondoan, baita Descartes ere.
- Nefertiti eta Nefertari Egiptoko erreginak. Forma hauek
ez dira ezagunak egin 19. mendea arte. Nefertiti, adibidez, konbentzio bat da idazkera egipziarretik ez baitago tarteko bokalak igartzerik eta ahoskera zehatza jakiterik:
nfr.u itnlitzateke erregina haren izenaren transliterazio zuzenago bat. Are gehiago, pertsonaia historiko gisa, 19. mendean berreskuratu zen Nefertiti ahanzturatik, iturri greko-erromatarretan galdua zegoen haren gomuta. - Seti eta Ramses, beste bi faraoi, forma horietan ageri direnak: kasualitatez, gaurko gaztelerazko formak dira, ez Sethus edo Rampses forma greko-latino klasikoak.
- Deirdre jainkosa izena ageri da nonbait. Irlandako mitologia zeltikoko pertsonaia da hau, eta haren mitoen aipu historikoak askoz beranduagokoak dira historian.
- NEU CORNE EZKON: Korneliorekin ezkondu edo... Batean C-rekin ageri da izena, eta aditza K-rekin, euskara batuaren ortografiak eskatu bezala.
- Zeinu grafiko itxura modernokoak, hala nola => formako gezia.
- Esaldi latino modernoak, ez erromatarren garaikoak. Adibidez, Homo proponit, sed Deus disponit, Thomas Kempis fraideak 15. mendeko liburu batean ezarria; edo Ad Maiorem Dei Gloriam, San Inazio Loiolakoak 16. mendean sortutako Jesusen Lagundiaren lema.
- Latina italianismoekin nahastua: Cuore ageri da, bihotza, baina hori italiera da, latinez Cor/Cordis da bihotza.
- Latina, oro har, gutxi dakien batek idatzia: Marco izena, adibidez. Marcus behar luke, nominatiboan.
- Itsaslamia baten irudia: Erdi Aroko mitologiaren sorkuntza, nonbait.
- Hieroglifiko egipziarrak: Veleiako aurkikuntzak baino 500 urte lehenago utzi zitzaion horiek erabiltzeari. Egipton, izan ere.
- Kristo gurutziltzatuaren gainean, RIP idatzia, gaurko Sustatuko irudirako aukeratu dugun kasua.
- Polita forma euskaraz. Gaskoineraren mailegu modernoa da euskaran.
- J letra: latinez, I besterik ez, jakina denez.
Besteak beste, adibide horiek iturri hauetatik hartu ditugu:
Erantzunak kargatzen...